Osasun sistema

LABek esan du Osasunbidean orokortuta dagoela esklusibotasunaren «praxi txarra»

Adierazi du osasun sistemaren «egitura osoari» eragiten dion arazo bat dela; hamar kasu gehiago jakinarazi ditu  

arantxa iraola
2023ko martxoaren 16a
11:56
Entzun

Otsailean LAB sindikatuak salatu zuen Osasunbideko profesional batek esklusibotasun osagarria kobratu eta, hala ere, klinika pribatuetan lan egiten zuela. 800-1.100 euro inguruko gehigarria izaten da, eta berez, hori kobratuta, osasun sistema publikoan bakarrik jardun behar dute langileek. Esklusibotasun hori formalki mantentzen duen osasun sistema bakanetarikoa da gaur egun Osasunbidea, baina LABek orduan salatu zuen askotan ez zela errespetatzen. Gaur agerraldia egin du berriz, adierazteko esklusibotasunaren «praxi txarra» orokortuta dagoela, eta «gutxienez» beste hamar urraketa kasuren berri izan duela. Gaia aktualitatearen lehen lerroan dago, besteak beste Sindikatu Medikoak administrazioarekin izan dituen negoziazioetan lehenetsi dituen eskaeretako bat izan delako esklusibotasun hori kentzeko Nafarroan, eta sendagileei, soldata gehigarria kendu gabe, sare publikoan eta pribatuan lan egiten uzteko; egun dagoen mediku eskasiari aurre egiten lagun dezakeela argudiatu dute. Osasun publikoaren alde ari diren elkarteak, ordea, esaten ari dira arbuiatu egin behar dela jokabide hori.

Sindikatuko eledun Imanol Karrerak azaldu du lehen kasua jakinaraztean egoeraren «azterketa orokor bat» eskatu zutela, esklusibotasunaren urratze gehiago egon zitezkeen ikusteko. Ikerketa hori egitea Nafarroako Gobernuari zegokiola esan du, baina «utzikeriaz» jokatu duela eta ez duela ezertxo ere egin. Horren aurrean, zuzenean administrazioari informazioa eskatuta, azterketa bat egin du LABek, eta hortik ondorioztatu dituzte hamar kasu gehiago. Gehiago ere izan daitezkeela esan du, hala ere; azterketa azkar baten lehen emaitza da kopuru hori. Gobernuaren portaera kritikatu du: «Izan ere, bazuen aukera azterketa egiteko, eta ez du egin; gure ustez, arazoaren dimentsioa handia delako da hori, onartutako praktika bat delako».

Kezka adierazi du, era berean, uste duelako ezen, oraingoz esklusibotasunak formalki indarrean jarraitzen badu ere, arriskua dagoela hura legez «ezabatua» izateko, Sindikatu Medikoaren eskabideak direla medio: «Hanka sartzea izango litzateke». Praktika horien atzean arlo publikoaren eta ekimen pribatuaren arteko «interes gatazka» dagoela uste dute LABen, eta saihestera egin behar dela.

Orain atzeman dituzten urraketak Osasunbidearen «egitura osoan» daudela esan du LABeko eledunak. «Espezialitate askori eragiten diete, Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako eremuetan». Eta xehetasun gehiago ere eman ditu, arazoaren larritasunaren erakusgarri. «Alde horretatik, deigarria da nola praktika txar hau bereziki Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Obstetrizia eta Ginekologia zerbitzuan gertatzen den. Hain zuzen ere, itxarote zerrenda handiena duten zerbitzuetako bat da».

LABek jakinarazi du Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren esku jarri duela atzeman dituen urraketen gaineko informazioa.

Dei egin du larunbat honetan 17:30ean Iruñean osasun publikoaren alde egingo den manifestazioan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.