Kanpo merkataritzak

Hego Euskal Herriko esportazioak %16 gehitu ziren urtarrilean

Kanpo merkataritzak 566,4 milioi euroko saldo positiboa izan zuen hilabete horretan

Kargaontzi bat Bilboko portuan lotuta. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko martxoaren 16a
12:07
Entzun

Hego Euskal Herriko kanpo merkataritzak 566,4 milioi euroko saldo positiboa izan zuten urtarrilean. Espainiako Estatistika Institutuak emaniko datuak dira, iazko hilabete bereko datuak aurtengoarekin alderatuta, eta ez du kontuan hartzen Espainiarako joan-etorria. Horiek horrela, 3459,4 milioi euroren esportazioak egin ziren, iazko hilabete berekoak baino %16 handiagoak. Inportazioen zenbatekoa, berriz, 2983 milioi eurokoa izan zen, %14 handiagoa.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako esportazioei dagokienez, produktu ez-energetikoen merkatua %23,1 handitu zen, eta energetikoena %0,4. Inportazioetan, aldiz, joera aurkakoa izan zen: produktu energetikoena %42,1 hazi zen, eta ez-energetikoena %11,2. Nafarroan, bestalde, esportazioen %30,3 autogintzako sektorekoak izan ziren —%14,1 ibilgailuak eta 16,2% osagaiak—. Nabarmentzekoa da da autogintzarekin zerikusirik ez duten esportazioak %13,9 handitu zirela iazko urtarrilarekin alderatuta.

Lurraldekako azterketa eginez, bost herrialderen artean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen %52,7 bereganatu zituzten. Bost bezerorik onenak Alemania, Frantzia, AEBak, Erresuma Batua eta Herbehereak izan ziren. Nafarroaren kasuan lehen laurak berdinak dira, eta Portugalek hartuko luke Herbehereen lekua. Nafarroarentzat Frantzia (%29) izan zen eroslerik onena, eta Alemania bigarrena (%18).

Datuetara gehiago gerturatuz gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek Europatik kanpoko hiru herrialderekin izan duten joera nabarmendu behar da: Marokora eginiko esportazioen igoera handia (%125); eta Txinara (-%40,9) eta bereziki Errusiara (-%79,4) egindakoen beherakada. Eremu berera iritsitako inportazioei dagokienez, %42,8 Europako Batasunetik iritsi ziren, eta horietatik 292 milioi euro Alemaniatik. Erresuma Batuaren kasuan, berriz, %70,7 apaldu zen inportazioen zenbatekoa. Brexit-aren zama sumatu daiteke hor.

Munduko beste herrialdeetatik iritsitako salgaiak aztertuz gero, Errusiako inportazioak %42 jaitsi ziren. 78,6 milioi euroren salgaiak iritsi ziren Errusiatik, eta horien %89 diesel erregaia izan zen. Balantzaren beste aldean daude Norvegia (121 miloi eurora igo zen), AEBak (%132 hazi zen), Mexiko (%301 hazi zen) eta Txina (%55,9 hazi zen).

Igoera horietan argi ikusten da gasaren eta erregaien arrastoa. Energia arloko inportazioei erreparatuz, Errusia laugarren postura erori baitzen guztien %11,8aekin. Aurretik izan zituen Mexiko (%30,7), AEBak (%20,6) eta Norvegia (%18). Azken bi herrialde horiek hartu dute hein handi batean lehen Errusiatik etortzen ziren erregaien merkatua.

Nafarroaren kasuan, inportazioen %79,1 Europako Batasunetik iritsi ziren. Guztien %15,1 autogintzarako osagaiak izan ziren; %14,1 ibilgailuak, eta %5,3 lekaleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.