Euskal Herritik Erresuma Batura bidaiatzeko baimen elektronikoa beharko da

Datorren urtean jarriko da abian neurria. Turistek, lanagatik bidaiatzen dutenek eta herrialdean sei hilabete baino gutxiago egonen diren ikasleek beharko dute.

Londreseko Heathrow aireportua, artxiboko irudi batean. ANDY RAIN / EFE
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 16a
16:02
Entzun

Erresuma Batuak bidaiatzeko baimen elektronikoa eskatuko die bertara sartzeko bisa behar ez duten herrialdeetako bidaiariei; besteak beste, Euskal Herrikoei. Gaur eman dute neurriaren berri, eta 2024an jarriko dute abian. Hauek beharko dute: turistek, negozio bidaian doazenek eta Erresuma Batuan sei hilabete baino gutxiago egonen diren ikasleek. Bi urterako balioko du, baita herrialdean behin baino gehiagotan sartzeko ere. Hala ere, oraindik ez dute jakinarazi zein izanen den baimenaren prezioa.

Baimena eskatzeko, aplikazio edo webgune baten bitartez, bidaiaren arrazoiari buruzko galdera batzuk erantzun beharko dira, eta argazki bat ere igorri beharko da. Horren bidez, autoritateek bidaiariaren datu biometrikoak aztertzen ahalko dituzte. Adierazi dutenez, baimenak hiru lanegunen buruan bidaliko dira; hala ere, gehienak epe hori baino lehenago onartuko dituztela espero da. Ez da planteatzen salbuespenik ezartzea aurreikusi gabeko lan bidaietarako.

Neurri horren berri jakitean, Europako Batasunak aurreikusten du datorren urterako martxan jarriko dutela ETIAS Europan Bidaiatzeko Informazioa eta Baimen Sistema. Horren arabera, Schengen eremutik kanpo dauden herrialdeetako bidaiariek zazpi euro ordaindu beharko dituzte herrialde horietan sartzeko baimen batengatik. Hiru urteko balioa izanen du dokumentu horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.