Bakerako bidea

Hasi da Iruñean azken Foro Soziala

«Diagnostiko partekatuan sakontzea eta egiteko dauden lanak identifikatzea» da foroaren helburua.

2023ko martxoaren 16a
16:03
Entzun

VI. Foro Soziala egiten ari dira, azkenekoa. Iruñeko Planetariumean egin dute gaurko saioa, eta Donostiako Kursaal jauregian egingo dute biharkoa. Lehena egin zutenetik hamar urte betetzen diren honetan egingo dute oraingoa, eta azkena izango da, urtarrilean iragarri baitzuten bidea amaitutzat emango zutela. Gatazkaren ondorioen konponbidean aurrerapausoak emateko asmoz sortu zuten foroa, eta, hamar urteren buruan, uste dute jarritako helburuak bete dituztela, edo, behintzat, horiek gauzatzeko oinarria jarri dutela. Egiteko geratu diren lanak identifikatu nahi dituzte. Bakea eraikitzeko prozesu berezia. Ikaskuntza partekatuak etorkizuneko erronketarako da leloa.

Ikusi gehiago:Agus Hernan: «Foro Sozialari urte askoan begiekin entzun zaio; hori gainditu da»

Azaldu dutenez, gizarte zibileko 120 ordezkari dira parte hartzekoak bilkuran. Izan ere, horietako askorekin bildu dira azken asteotan, eta hamar urtez eginiko lanaren balantzeaz mintzatu dira haiekin, eta lan zikloa zergatik amaitu duten azaldu diete.

Foroaren antolatzaileen arabera, aktore guztiek onartu dute 2016. urtetik hona «aurrerapen handiak» egin dituztela eta aurrera egiteko «agertoki hobeak» sortu direla. Aurrerapen handienak lortu dira «erakundeek eta gizarte zibilak elkarrekin lan» egin dutenean.

«Aktore guztiak bat datoz bakea eraikitzeko prozesuaren fase bat ixten ari dela eta fase berri bat irekitzen ari dela».

Edonola ere, bakea eraikitzeko prozesua «amaitu gabe» dagoela uste dute, eta etorkizunean horretan jarraitzeko adostasunak finkatu nahi dituzte.

Egitaraua

Lohizune Amatriak aurkeztu du gaurko saioa. Hasteko, hainbat biktimaren ekarpena entzun da. Ondoren, Bizikidetza demokratikoa Nafarroan: aurrerapausoak, zailtasunak eta erronkak izenburupean, solasaldia egin dute Fernando Armendarizek eta Expe Iriartek, Fernando Reyk bideratuta.

16:45ean, bigarren solasaldia egin dute, eta, horretan, gizarte zibilaren protagonismoa aztertu dute, nazioarteko ikuspegitik. Berghof Foudationeko Veronique Dudouet eta ICIP Kataluniako Bakerako Nazioarteko Institutuko Kristian Herbolzheimer mintzatu dira, Teresa Todak bideratuta.

Eta, eguna amaitzeko, mahai ingurua egin dute 18:15ean, Bakea eraikitzeko prozesuaren aurrerapenak eta konpontzeke dauden erronkak izenburupean. Paul Rios, Anaiz Funosas eta Agus Hernan aritu dira, Maider Marañak moderatuta. 19:30ean amaitu dute gaurko saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.