Reala 0-0 Erroma

Reala Europa ligatik kanpo

Txuri-urdinak ahalegindu dira, baina minutuak aurrera joan ahala zapuztu zaie kanporaketa iraultzeko ametsa. Italiarrek joanekoan lortu zuten 2-0ekoa ondo kudeatu dute.

Jon Ander De la Hoz.
2023ko martxoaren 16a
23:29
Entzun

Realak amaitu ditu sasoi honetakoak, Europa ligari dagokionez. Talde txuri-urdina txapelketatik kanpo geratu da final-zortzirenetan. Donostiarrek ilusioz gainezka ekin diote itzulerako partidari, baina minutuek aurrera zapuztu zaie ametsa.Hutsean amaitu zuen Erromaren aurkakoa, eta joaneko emaitzak erabaki du kanporaketa. Kito.

Okerrik ezean, Reala itzuliko da Europako lehiara. Azken urteetako joera du berme. Ordea, ehungarren aldian amaitu zaio orain arteko bidea, bestelako desioa izan arren. Bi goleko aldea behar zuen jokoa berdintzeko, hirukoa nagusitzeko, baina halakorik ez da jazo. Zaleen erantzun bikainak—35.054 jarraitzaile bildu dira Anoetara— ez du ordainik izan zelaian. Egiari zor, Erroma eroso aritu da minuturik gehienetan, eta abantaila kudeatzea beste lanik ez du izan. Aldiz, etxekoak kamuts aritu dira azken metroetan, eta urrun ikusi dute final-laurdenetako helmuga.

Lehen zatiak agerian utzi zuen talde bakoitzaren nahia. Italiako multzoa presarik gabe zelairatu zen. Ailegatu, ikusi, eta sailkatu. Horixe zuen egitekoa. Realak, berriz, garaipenaren bila ekin zion norgehiagokari, baina zelaian ondo kokatzea izan zuen lehen egitekoa, Imanol Alguacil teknikariak bezperan ohartarazi moduan.Prestatzaile oriotarrak bere talde onentsuena zelairatu du. Hots, sasoiaren hasierako partean emaitzarik onenak lortzea ahalbidetu diona. Erdiko jokalariengan zamatu du jokoaren antolaketa, baina Erromak ez dio zirrikiturik utzi.Bi taldeek estu hartu dute aurkaria. Milimetrorik ere utzi gabe. Horrek zimeldu du bi areatako jokoa. Aukera gutxi izan da, eta bisitariek izan da hasietako argiena. Gola ere egin dute luzapenean, baina epaileak ezerezean utzi du, Smallingek baloia eskuarekin ukitu duela eta.

Realak hobeto ekin dio bigarren zatiari. Txuri-urdinek aurrerako urratsa egin dute zelaian, eta estu hartu duten Erroma. Ate aurrean asmatzea falta, ordea. Aukera argiak izan dituzte bata bestearen atzetik, italiarren zelai zatian aritu baitira une oro. Alexader Sorlothek izan du estreinakoa; Mikel Oiartzabalek langara bota du baloia; Carlos Fernandezek bakar-bakarrik errematatu du; Take Kubo zelairatzeak espazioak zabaltzea ahalbidetu dio ..Baina kale.Kronometroak aurrera egin ahala makaldu da Realaren grina. Erasoko jokaldiak tantakatu egin dira partida amaierara gerturatu heinean, eta bost minuturen faltan, final-laurdenetara sailkatzeko ametsak ameskeria zirudien. Hasi bezala amaitu da norgehiagoka: hutsean berdinduta. Jose Mourinhori ezin hobeto atera zaio apustua. Deus egin gabe, aurrera. Apartekorik egin beharrik gabe, gainera. Lazioren aurkako derbia jokatuko du asteburuan, eta fresko izango ditu jokalariak.

Aldiz, Realari bukatu zaio aurtengo bira europarra. Espainiako liga besterik ez du aurrerantzean. Txapelketa horretan asmatu behar du orain, Europako kontagailua berriz ere martxan jartzeko. Norgehiagokaren aurretik istiluak izan dira bi taldeetako zaleen artean, Anoeta kanpoaldean. Hiru lagun atxilotu dituzte, eta beste bat erietxera eraman zuten, zaurituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.