Albistea entzun

Mendiko lasterketak

Abian da mendiko lasterketen Euskal Herriko Kopa

Bediako (Bizkaia) Kolazino Eguna izango da Kopa osatuko duten zortzi probetan lehena. Egutegian izango dira Kilimon Trail, Manttaleren Berako maratoi erdia eta Azkaingo Skyrhune. Ultra distantziako Euskal Herriko Kopa apirilaren 15ean abiatuko da eta lau proba izango dira.

Ramon Olasagasti -

2023ko martxoak 17 12:19

Asteburu honetan hasiko da Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroako Federazioak biek eskutik antolatutako mendiko lasterketen Euskal Herriko Kopa. Bi federazio, zazpi herrialde, zortzi lasterketa... horrela abiatzen da Euskal Herria osotasunean aintzat hartuko duen Kopa iragartzeko bideoa. Lineako proba hauek 40 km artekoak dira, gutxi gorabehera 1500 eta 2000 metro arteko desnibel positiboa dutenak. Bediako (Bizkaia) Kolazino eguna izango da lehenbizikoa, bihar bertan.

Iaz egin zuten aurrenekoz mendiko lasterketen Kopa hau, Mireia Trigueros EMFko eskalada eta mendi lasterketen sekzioko arduradunak jakinarazi duenez. «Joan den urtera arte beste modu batera kudeatzen ziren lasterketak: ranking bat zegoen, lasterketa pila bat zegoen, eta haietan lortutako puntuazioaren arabera, rankingean gorago edo beherago zeuden korrikalariak. Guk beste era batera kudeatzea erabaki genuen, lasterketei protagonismo handiagoa emateko, probetan arbitraje bat izateko... eta Kopa moduan antolatzea erabaki genuen, beti egin izan den moduan. Iaz oso harrera ona izan zuen, eta aurten lau beharrean, zortzi proba sartu ditugu Kopan».

Biharko Kolazino Egunaren ondoren, Kopako bigarren proba, Kilimon Trail, Euskadiko Txapeketa izango da aurten. Mendaroko lasterketak, gainera, 10. urteurrena beteko du aurten. Kopa osatuko duten beste proba batzuen artan, Berako maratoi erdia, mendiko lasterketetan proba aitzindarietako bat, egutegian izango da aurten: XVII. Edizioa izango du lasterketak. Bukatu, berriz, Azkaingo Skyrhune entzutetsuarekin bukatuko da Kopa. Proba hori Golden Trail National Series nazioarteko zirkuituaren egutegian dago eta maila handiko korrikalariak hurbiltzen dira Azkainera (Lapurdi). Dena den, «azken proba horretara arte Kopako sailkapenean aurrena doazen hamarrek, bai emakumezkoek eta bai gizonezkoek, ziurtatua izango dute dortsala», jakinarazi du Triguerosek.

Zortzi proba horietatik bost emaitzarik onenak hartuko dira kontuan puntuaziorako, eta biharko Kolazino Eguna probak eta Irati Trail lasterketak % 20 gehiago puntuatuko dute. Izen-emateak irekita daude proba gehienetan, eta batean baino gehiagotan dortsalak amaituta ere bai.

Ultra distantzian, lau proba

Ultra distantziakoa ere Euskal Herriko Kopa izango da: «Enkarterrietakoarekin hasiko gara apirilaren 15ean, denbora laburrean ospe handia hartu duen Domusa Teknik izango da hurrengoa, gero etorriko da Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka, eta azkena Beasaingo G2H izango da. Goierriko bi handien proba, gainera, ultra distantziako Euskadiko Txapelketa ere izango da».

Lasterketa bertikaletan, berriz, EMFren egutegian bakarra izango da aurten: Txindokiko Kilometro Bertikala, hain zuzen. Maiatzaren 7an izango da bertikal hori, Kanpezuko probaren egun berean.

Iaztik hona, gazteen kategorietan (kadeteak, jubenilak eta juniorrak) «jauzi garrantzitsua» izan dela azpimarratu du Triguerosek. «Denboraldi hasieratik bultzada handia eman nahi izan diegu gazteen kategoriei, eta teknifikazio talde bat sortu dugu 14 urtetik 17 urte bitarteko gazteekin. Iaz bost bat partaide izango ziren kategoria bakoitzean, eta aurten, adibidez Kolazino Egunean, 40 izango dira. Handia izan da jauzia. Aurreko asteburuan, adibidez, teknifikazio saio bat egin genuen Ander Garmendia entrenatzailearekin eta oso harrera ona izan zuen».

Nesken partaidetza ere pixkanaka gora doala azaldu du Trigerosek, eta horri ere bultzada ematen saiatuko direla nabarmendu du.

Logo berria ere sortu dute Koparako, podium baten itxura hartzen duten hiru mendiz osatua, urdinez lineako lasterketetarako, eta gorriz ultra distantziakoetarako. Aurten, 4.000 euro banatuko dituzte sarietan. Federazioen asmoa da Kopako probak bi urtean behin-edo aldatzen joatea, urtea joan eta urtea etorri beti berberak izan ez daitezen. «Egutegia zerbait dinamikoa izatea nahi dugu, beste probei ere aukera ematea, herri txikietako lasterketei ere bultzada ematea, arbitraje, irizpide eta arau jakin batzuen bidez proba horietan hobekuntzak sartzea...».

Lineako lasterketen Euskal Herriko Mendiko Kopa
Martxoak 18 Kolazinoko Mendi Eguna (24 km / 1.700+)
Apirilak 1 Kilimon-Trail (23 km / 1.650+)
Apirilak 16 Berako Maratoi Erdia (21 km / 1.750+) Manttale
Maiatzak 7 Kanpezu-Ioar Mendi Maratoi-Erdia (26,5 km / 1.930+)
Ekainak 3 Irati Trail (31 km / 2.100+)
Ekainak 24 Amurrio trail (31 km / 1.850+)
Uztailak 22 Baztandarrak (21 km / 1.700+)
Irailak 23 Skyrhune (21 km / 1.700+)

Ultra distantziako Euskal Herriko Kopa
Apirilak 15 Enkarterri Extrem
Maiatzak 6 Domusa Teknik 40MLK
Ekainak 3 EH Mendi Erronka
Uztailak 7-8 G2H

Euskadiko Txapelketak (EMF)
Lineakoa

Apirilak 1 Kilimon Trail

Kilometro Bertikala
Maiatzak 7 Txindoki KB

Ultra
Uztailak 7-8 G2H

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eskalatzaile bat Bilboko Piugaz rokodromoko blokeetako batean. ©EMF

Irati Zabala eta Joannes Esparta Euskadiko blokeko txapeldun

Berria

Bilboko Piugaz rokodromoan jokatu zen boulderreko proba, larunbat eta igandean. Hiru urteko etenaldiaren ondoren, 233 eskalatzaile lehiatu ziren EMFren blokeko topaketa nagusian.

'Hire amak baleki' bidearen tximinian. ©Unai Cobos

Haize berriak Aizkorriko eskaladan

Xabier Mujika

Joseba Iztueta, Unai Cobos, Ioseba Eskudero eta Mikel Mongelos alpinista eta eskalatzaile goierritar gazteek beste maila batera eraman dute Aizkorriko ipar hormako neguko eskalada, eta bi bide berri zabaldu dituzte: Akertegi (160 metro, M5) eta Hire amak baleki (330 metro, M6).

Aitor Zunzunegi eta Oihana Azkorbebeitia, Kopako liderraren elastikoarekin. ©EMF

Azkorbebeitia eta Zunzunegi Euskal Herriko Kopako lehen liderrak

Berria

Larunbatean, Bediako (Bizkaia) VII. Kolazino Mendi Egunean garaile izan ziren biak. Ibilbide lehorrean eta tenperatura altuekin, probaren errekorra minutu batean hobetu zuen Zunzunegik. Mendaroko Kilimon Trail izango da Kopako hurrengo proba, apirilaren 1ean.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Hiru urre lortu nahi ditut Espainiako Txapelketetan»

Unai Ugartemendia

Euskal Herrian iraupen eskiatzaileen artean atera diren azken harribitxietako bat da Alaia Juaristi. Jakako Mayencos taldean hasi zuen ibilbidea. Azken urteetako gorakadaren ondoren, Espainiako selekzioko jarraipen taldean ari da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.