Euskara

Giza kate bat egingo dute 8.000 lagunek, euskara batuari gorazarre egiteko

Ikastolek eta Euskaltzaindiak antolatutako omenaldia da; Errenteria eta Donostia artean egingo da, hilaren 24an.

Giza kate bat egingo da, 8.000 lagunekin, euskara batuari gorazarre egiteko. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2023ko martxoaren 17a
12:55
Entzun

Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute omenaldia; Batasunaren bidean izena jarri diote. Gaur goizean aurkeztu dute, Donostian. Ikastolen Elkartearen izenean Nekane Artolak hartu du hitza, eta Euskaltzaindiarenean, Miriam Urkiak. Omenaldiaren harira egingo den giza kateak 8.226 metro hartuko ditu; Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu.

«Euskal Herri osoko ikastoletako» haur eta nerabeak giza katean izango direla azaldu du Artolak; Gipuzkoako 30 ikastolek ikasleak bidaliko dituzte giza katera, eta gainerako herrialdeetatik ere hartuko dute parte ikasleek. Argi utzi du, hala ere, «nahi duten herritar guztiek» parte hartzeko era izango dutela: «Parte har dezaketen herritarren kopuruak ez dauka mugarik». Horiek horrela, euskaltzale guztiei bertaratzeko deia egin die. Ikasleek giza katean aparteko tokia izatea nahi dute, ordea, «transmisioaren garrantzia» nabarmentzeko. «Horregatik, izaera koloretsu eta baikorra izango du egitasmoak». Katean gutxienez ere 7.000 pertsonak parte hartuko dutela bermatuta dago ja.

Omenaldiaren ideia Errenteriako Orereta ikastolarena izan zen, 2023ko Kilometroak jaiaren egitarauaren barruan egiteko, baina, Ikastolak Herriari egitasmoaren «izaera nazionala» aintzat hartuta, «herrian jaiotakoa herriari itzultzeko» nahia ere agerikoa dela ikusita, horren barruan antolatuko da azkenean.

Giza katea Errenteriako Gamon zumarditik abiatuko da; Koldo Mitxelena hizkuntzalaria oroitzeko han jarrita dagoen eskulturaren paretik. Donostiako udaletxe zaharraren eraikiaren parean amaituko da, Parte Zaharrean. 11:00etan hasi eta 11:30ak arte egongo da giza katea osatuta. Ondoren, bost gune egokituta izango dituzte antolatzaileek, horietan euskara batua goraipatzeko ekitaldiak egiteko. Errenterian, Pasaian, Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Konstituzio plazan egongo dira gune horiek.

Orereta ikastolako hainbat gaztek parte hartu dute gaurko aurkezpenean, eta poza azaldu du Euskaltzaindiaren izenean Urkiak «gazteen» artean egoteagatik. Euskaltzaindiak Ikastolen Elkartearekin duen «lankidetza giroan» omenaldi hau antolatzea «pozgarria» dela adierazi du. Horiek horrela, Euskaltzaindiaren izenean gonbita egin du egitasmoan parte hartzera. «Denok eskuak lotuta euskararen alde jardun dezagun auzolanean, irribarrea —eta euskara— ezpainetan. Zinez, mirarizkoa da Euskal Herrian erdietsi duguna. Idazleek, itzultzaileek, hedabideek, ikastolek, eskolek, euskaltegiek, argitaletxeek, irakasleek, legelariek, zientzialariek... egin dutena, egin duguna. Guztiona eta denontzat da euskara».

Hamabost pertsona

«Euskara batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako hamabost pertsona zehatz oroitzea», horixe da omenaldiaren helburu nagusia. Hala ere, argi utzi nahi izan dute gizarte oso baten arrakasta izan dela euskara batua. «Euskara batua herriak nahi izan du, herriak sortu du, eta herriak egin du bere, erabileraren bidez», azaldu du Artolak. Ildo horrexetan, euskara batuaren sorrera adierazten duen «historiako une bakarra» dagoenik ezin dela esan nabarmendu du: «Une asko dira, zein baino zein beharrezkoagoak, eta horiek guztiek osatzen duten continuum-a da giza kateak irudikatu nahi duena». Horiek horrela, omenduen izenak beste hainbat izan zitezkeela adierazi du Urkiak ere: «Euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker baita, herritar anonimo askori esker». Hain justu ere, euskara batua «auzolanean» egindako egitasmoa dela gogoratu du, «langintza kolektiboaren» emaitza.

Batasunak, halaber, «mugaz bi aldeetako» euskal hiztunak «hurreratzeko» berebiziko garrantzia izan duela adierazi du: «Komunitate gisa trinkotzeko ordainezinezko ekarpena egin du».

Gizarte osoak euskara batuaren sendotzean izan duen garrantzia argi nabarmenduta ere, bereziki hamabost sustatzaile hauek omenduko dituzte: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Knorr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.

Arratsaldean, 17:30ean, ekitaldi instituzional bat egingo da Errenteriako udaletxeko areto nagusian, eta hor berriz omenduko dira euskara batuaren sustatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.