Eduki babestua

Ehunka boluntario auzolanean

Urtero bezala, ehunka boluntario auzolanean ari dira Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainan. Bat egin Errigora Balioekin leloarekin egingo da, hilaren 29ra arte, eta Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak eskuratu daitezke. Kalitate bikaineko elikagaiak.

Errigorako laguntzaile batzuk lanean, Burlatan, 2022ko udaberrian. ERRIGORA
2023ko martxoaren 17a
14:14
Entzun

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina martxan da, Bat egin Errigora Balioekin leloarekin, eta hilaren 29ra arte, kalitate bikaineko produktuak eta Errigora Balioak berme zigilua dutenak eskuratu ahal izango dira: Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak.

Urtero bezala, kanpaina aurrera ateratzeko, ehunka boluntario auzolanean ari dira. Haien laguntza estimagarria eskertzen dute Errigora herri ekinaldiko kideek.

Bernadet Berra da Errigoraren kanpainetan aritzen den boluntarioetako bat. Azkainekoa da (Lapurdi). «Errigoraren kanpainei buruzko informazioa emateko paperak banatzen ditut, eta jendearen eskariak ere bideratzen ditut. Produktuak banatzeko toki bat genuen, Xoko Ona ostatua, eta, pandemia garaian itxia zenez, banaketa gure etxean egiten hasi ginen. Horrela, pertsona bakoitzak eskatzen duena prestatu, haiei deitu eta banatzen dizkiegu gure etxetik». Azkaineko bertako eta inguruko herrietako jendea etortzen zaio eskariak jasotzera.

Beste lau herritan ere banatzen ditu eskariak, Lekornen (Lapurdi), Saran (Lapurdi), Ortzaizen (Nafarroa Beherea) eta Larzabalen (Nafarroa Beherea).

Gustura ari da lanean Errigorarekin. Egitasmo garrantzitsua da, haren aburuz, bertako produktuak sustatzen baitira euskararen alde, auzolanean. «Horiek dira nik defendatzen ditudan balioak. Ikastolako irakaslea izan naiz, orain erretretan nago, eta parada polita da nire ekarpena egiten segitzeko euskararen alde. Kontsumitzen dugunak garrantzi handia du, eta Errigorarekin banatzen ditugun produktuak bertakoak izanik eta, gainera, etekina euskararen alde denez, ezin parada hobea horiek laguntzeko».

Sarekideek Arronizen egin topaketa. ERRIGORA

Patxi Aguayo Meana Larrabetzukoa da (Bizkaia). Larrabetzun bertan eta Txorierriko beste herri batzuetan banatzen ditu Errigoraren kanpainetako elikagaiak. Batzuk etxez etxe, eta erosleak biltegira ere etortzen zaizkio. Horrez gain, kanpainetako afixak ipintzen ditu, informazioa Whatsapp bidez zabaltzen du, eta Errigoraren bidez banatzen diren produktuen dastatzeak antolatu ere egin izan ditu, beste zenbait boluntariorekin batera, Larrabetzuko plazan: olioa, zainzuriak, piperrak...

Gustura ari da Errigorarekin: «Errigora sortu eta berria jaso nuenean, proiektu polita iruditu zitzaidan, interesgarria. Alde batetik, bertako produktuak modu errazean jasotzen dira, etxean bertan edo etxetik gertu. Bestetik, auzolana betidanik bizi izan dut, taldean gauzak egitea, pertsona batek laguntza behar zuenean... Oso polita da auzolana».

Errigora egitasmoarekiko, haren inguruko herritarren erantzuna «oso ona» dela dio: «Jendea pozik dago, kalitatezko produktuak direlako, eta maitasuna eta gertutasuna estimatzen dituzte, Errigoraren balioak».

Nagore Zaldua Donostian aritzen da. «Donostiako puntu batez arduratzen gara. Udaberriko eta udazkeneko kanpainetan, produktuak Nafarroatik noiz iritsiko diren jakinarazten digutenean, pare bat bilera egiten ditugu eta guneak antolatzen ditugu, produktuak pilatzeko eta banatzeko tokiak, lokalak, elkarteak...». Horrela, Donostiako Arrano Beltza kultur elkartetik Errigorako elikagaiak banatzen dizkiete Donostiako auzo batzuetako herritarrei. «Horretarako, jendeari deitu eta jakinarazten diogu zein egunetan egingo dugun banaketa».

Errigora egitasmoa «oso handia» dela dio: «Euskal Herrian berrehun herritan baino gehiagotan daude banaketa puntuak, eta horietan boluntario ugari aritzen dira. Sare erraldoi horren bidez, Euskal Herri osora zabaltzen dira produktuak. Garrantzitsua da jendea lotzea ekimenarekin, jakinaraztea zer den eta zergatik egiten duen lan modu horretan».

Errigora Balioak berme zigiluak aintzat hartzen dituen balioak nabarmendu ditu: euskara, auzolana, bertakotasuna eta nekazariekiko harreman bidezkoa. «Errigoraren bidez, euskararen aldeko lana egiten da. Azpimarragarria da produktuen ekoiztetxe guztiek euskara normalizatzeko plan bat dutela martxan, bakoitzak bere erritmoaren eta egoeraren arabera aurrera eramateko. Halaber, nekazariekin duten harremana ere aipatu behar da, bidezkoa, bitartekarien oztoporik gabe».

Azken batean, Errigoraren inguruan sare handi bat da osatu da tokian tokiko elikadura Euskal Herri osora zabaltzeko eta, aldi berean, balio jakin batzuk helarazteko. «Euskara sustatzeaz gain, Nafarroako elikagaiak Euskal Herri osora zabaltzen dira eta hori lurraldetasunaren islada da, nazio eraikuntzarako garrantzitsua. Era berean, kontsumo ohiturak aldatzeko modu bat da, bertatik bertara egiten den kontsumo eredu bat bultzatzen duena».

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainan Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak eskura daitezke. ERRIGORA

Errigora Balioak

Martxoaren 1ean Errigora Balioak identifikatzailea aurkeztu zuten Errigora herri ekinaldiko kideek, «gure produktuak gure balioekin estuago lotzeko berme zigilua». Horrela, kanpaina honetan eskaera egitea, identifikatzaile hori indartzeko bidea ere bada. «Izan ere, berme zigilu bizia sortu dugu, erronka berriei erantzun nahi diena, eta, kontsumitzaileen babesari esker, ekoizpenaren eremuan pauso berriak eman ahal izango ditugu. Esan ohi dugun bezala, kontsumitzeko modua aldatuta, ekoizteko erak alda ditzakegu».

Errigora Balioak berme zigiluak produktuak lau balio, gutxienez, badituela ziurtatzen du: euskara, auzolana, bertakotasuna eta nekazariekiko harreman bidezkoa. Beraz, Errigoraren kanpainan banatzen diren produktuak kontsumitzea, «bestela» kontsumitzeko bide bat da, Errigora Balioen arabera kontsumitzeko: «Bertako elikagaien alde, euskaraz eta euskara indartuz, auzolanean eta ekoizpenean harreman bidezkoak sustatuz. Gainera, bultzada bat suposatzen du ekoizleek elkarlanean hasitako Errigora Balioak identifikatzailearentzat, abiapuntuko lau balioetan edota berrietan sakontzeko».

Produktuen eskaerak Errigoraren webgunearen bidez edo telefonoz (532-09 35 45 edo 848-87 12 23 zenbakira deituta 09:00etatik 13:30era) egin behar dira, eta ehunka herritan jaso ahalko dira. Horretarako, AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartearen laguntza izan dute Errigorako kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.