Arrazakeria

Nafarroako hamar bat pertsona ezagunek DNA proba bat egin dute, arrazakeriaren kontrako kanpaina batean

DNA proba egin dutenen artean daude, besteak beste, Mai Garde futbol jokalaria eta Julian Iantzi telebista aurkezlea. Nafarroako Gobernuak abiatutako kanpaina bat da.

Kanpainaren aurkezpena, gaur. NAFARROAKO GOBERNUA
2023ko martxoaren 20a
16:56
Entzun

Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak kanpaina bat abiatu du arrazakeriari eta aurreiritziei kontra egiteko asmoz: Aniztasuna gure DNAn dago. Nafarroako hamar bat pertsona ezagunek DNA proba bat egin dute, euren jatorria nongoa den aztertu eta aztarna genetikoak berrikusteko.

Jakinarazi dutenez, zenbait kirolarik, musikarik, sukaldarik eta kazetarik hartu dute parte. Besteak beste, azterketa genetikoa egin diete Mai Garde futbol jokalariari, Joaquin Calderon zinema zuzendariari, Julian Iantzi telebista aurkezleari, Natalia Lakunza abeslariari eta Javier Solano kazetariari. Emandako datuen arabera, Gardek arbasoen %5 Asia ekialdekoak ditu, Iantzik jatorri franko-alemaniar sendoa du, eta Solanok arbaso urrunak ditu Afrikako adarrean.

Kanpaina gaur goizean aurkeztu dute Iantzik eta Gardek, Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilariarekin batera. Bihar izango da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harira sortu dute egitasmoa.

Sare sozialetan zabaltzeko bideo laburrak egin dituzte, eta, horrez gain, kartelak jarriko dituzte Nafarroako kaleetan eta markesinetan.

Santosen arabera, larruazalaren kolorea, aurpegiko ezaugarriak edo ilea modu jakin batean edukitzea kromosometako aldakortasun xume eta azaleko baten ondorio baino ez da: «Gizakiok gure material genetikoaren %99,9 partekatzen dugu».

Gainera, adierazi du migrazioa mendeetan existitu dela, eta horrek eragin duela jendea urruneko pertsona eta giza taldeekin ahaidetuta egotea. «Hala eta guztiz ere, tamalez, hortxe segitzen dute arrazakeriak, xenofobiak, desberdinarenganako gorrotoak eta identitate batzuk besteak baino baliozkoagoak diren ideiak».

Arrazakeriaren aurkako kontzientzia zabaltzeaz gain, beharrezkotzat jo du mekanismo legalak izatea, baita pertsona arrazializatuak babestu eta diskriminazioa prebenitzeko tresnak ere. Hain justu, Nafarroako Gobernuaren kontseiluak arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako foru lege proiektua onartu zuen urtarrilean; orain parlamentuan aurkeztuko dute, legealdia amaitu bitartean onartu dadin. Santosek garrantzia eman dio lege proiektu horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.