Mendiko eskia

Axier Alonso eta Jon Ander Aranburu garaile Regil zeharkaldian

Euskal Herriko Kopako azken proba ere izan da, eta horretan Aranburu nagusitu da, Ander de Miguelen eta Alonsoren beraren aurretik. Nesketan, nahiz eta Regilen ez parte hartu, Nahia Quincoces, Igone Campos eta Lur Basterretxea izan dira Kopako lehenak.

Probako podiuma: Aranburu eta Alonso gipuzkoarak garaile, De Migel eta Labairu nafarrak bigarren, eta Cuesta eta Torres kantabriarrak hirugarren. REGIL ZEHARKALDIA.
ramon olasagasti
2023ko martxoaren 20a
20:13
Entzun

Mendiko eskiko Andres de Regil zeharkaldia egin zen larunbatean Europako Mendietan, taldekako Euskadiko Txapelketa (EMF) eta mendiko eskiko Euskal Herriko Kopako azken proba, aldi berean. Guztira, 124 partaide elkartu ziren Fuente Den. Eguraldia tarteka ireki, tarteka itxi ibili bazen ere, haize askorik gabe, egun ona izan zen mendiko eskirako. Ibilbide luzean, ia 1.800 metroko desnibela gainditu behar izan zuten eskiatzaileek: igoera, jaitsiera eta trantsizio ugari, korridore dotore bat ere bai tartean...

Aurrean, oso lehia polita izan zuten Axier Alonso eta Jon Ander Aranburu gipuzkoarrek eta Asier Labairu eta Ander de Miguel nafarrek. Bi bikoteak nor baino nor aritu ziren ibilbide osoan, baita elkarri laguntzen ere, hirugarren bikotea atzean uzteko; Ivan Cuesta eta Juan Torres kantabriarrek osatutakoa, hain zuzen. Azken esprintean, helmugako lerroan bi gipuzkoarrek eginiko denbora batuta, Aranburu eta Alonso izan ziren garaile. Labairu eta de Miguel bigarren eta kantabriarrak hirugarren.

Mendiko eskiko Euskal Herriko Kopako azken proba ere bazen Regil zeharkaldia. Hiru probak osatu dute Kopa: Candanchuko Causiat Extrem probak, Erronkariko Bandres-Karolo memorialak eta Regil zeharkaldiak. Eta hiruetako emaitzak kontuan hartuta, Jon Ander Aranburu zumarragarra gailendu da, Ander de Miguel iruindarra izan da bigarren eta Axier Alonso oñatiarra hirugarren.

Martin Montañes, Nafarroako Federazioko presidentea, Ander de Miguel, Jon Ander Aranburu, Axier Alonso eta Zigor Egia, EMFko presidentea. EMF

Nesketan, partaidetza urria izan zen Regil zeharkaldian. Euskal Herriko Kopako hiru lehenak, Nahia Quincoces mendexarra, Igone Campos zumarragarra eta Lur Basterretxea elorriarra, adibidez, ez ziren Europako Mendietara joan. Hala ere, Causiat Extrem eta Bandres-Karolo probetan lortutako puntuei esker, beraiek izan dira Euskal Herriko Kopan lehenak.

Gazteetan, maila handia erakutsi zuten Unax Sologaistoa eta Ibai Hernani 16 urtez azpiko gazteek. «Lasterketa polita osatu dute. Etorkizun handia dute», azpimarratu du Gabi Regil antolakuntzako buruak.

Omenaldia Regil anaiei

Euskal Herriko mendiko eskiko proba zaharrena da Andres de Regil. 46. edizioa izan da aurtengoa. Andres de Regil gazte bizkaitar bat zen, anaiak bezala mendizale eta eskiatzaile amorratua. 1969an, Regil anaiek, Alpeetako mendiko eskiko rallyen modalitatea Europako Mendietara ekarri eta mendiko eskiko lehen lasterketa antolatu zuten. Hurrengo urtean, ordea, 1970eko martxoaren 15ean, Andresek zoritxarreko istripua izan zuen Gorbeia eskiz jaisten ari zela, eta hil egin zen. Hurrengo urtean, Jose Marik, Juan Antoniok eta Angelek, anaiaren omenez proba antolatzea erabaki zuten, eta Andres de Regil Kopa izena jarri zioten. Geroztik, 2000. urtera arte, hiru hamarkadatan antolatu zuten zeharkaldia hiru anaiek, beste hainbaten laguntzarekin. «2000. urtean, berriz, guk hartu genien lekukoa», jakinarazi du Gabi Regilek, Andres zenaren semeak. Aurten, urte hauetako guztietako lanaren aitortza gisa, omenaldia egin nahi izan diete hiru anaiei; hala, probaren bezperetan, ekitaldi berezia egin zuten La Salve garagardo fabrikaren egoitzan. Probaren babesle nagusia da La Salve.

SAILKAPENAK
Andres de Regil zeharkaldia
Gizonezkoak

1.- Axier Alonso-Jon Ander Aranburu 2.30:36
2.- Asier Labairu-Ander de Miguel 2.30:48
3.- Ivan Cuesta-Juan Torres 2.33:55

Emakumezkoak
1.- Claudia Gutierrez-Agnieszka Solik 3.25:45

Binakako Euskadiko Txapelketa
Senior gizonezkoak

1.- Axier Alonso-Jon Ander Aranburu
2.- Rafael Urbizu-Hugo Robles
3.- Igor Guenetxea-Xabier Urkizu

Beteranoak gizonezkoak
1.- Igor Guenetxea-Xabier Urkizu
2.- Roberto Milikua-Gorka Agirreazabaldegi
3.- Aitor Bilbao-Etor Etxeandia

U23 emakumezkoak
1.- Carlota Martinez de Aragon-Elur Zaldua

U16 gizonezkoak
1.- Unax Sologaistoa-Ibai Hernani
2.- Lucas Zorrilla-Sergio Zorrilla

EUSKAL HERRIKO KOPA
Senior emakumezkoak

1.- Nahia Quincoces
2.- Igone Campos
3.- Lur Basterretxea

Senior gizonezkoak
1.- Jon Ander Aranburu
2.- Ander de Miguel
3.- Axier Alonso

Beteranoak emakumezkoak
1.- Nahia Quincoces
2.- Lur Basterretxea
3.- Uxue Fraile

Beteranoak gizonezkoak
1.- Roberto Milikua
2.- Mikel Legarreta
3.- Guillermo Aparicio

U23 Emakumezkoak
1.- Carlota Martinez de Aragon

U23 Gizonezkoak
1.- Rafael Urbizu

U20 Gizonezkoak
1.- Elur Zaldua
2.- Jon Razkin

U18 Gizonezkoak
1.- Hugo Robles

U16 Gizonezkoak
1.- Ibai Hernani
2.- Unax Sologaistoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.