Antimilitarismoa

Hainbat armagintza enpresatan pintaketak egin dituzte, «gerraren kolaboratzaile» izateagatik

Kontseilu Sozialistek markatu dituzte Gasteizko Aernnova, Artikako Orbital Critical Systems, Barakaldoko ITP Aero eta Andoaingo SAPA. Mobilizazioetara deitu dute martxoaren 31rako eta apirilaren 1erako.

Kontseilu Sozialisten pintaketetako bat, Orbital Critical Systemsen Artikako (Nafarroa) egoitzan. GEDAR LANGILE KAZETA
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 21a
09:41
Entzun

«Gerraren negozioari ez»; «gerraren konplizeak!»; «kolaboratzaile!». Mezu horiek irakurri ahal izan dira azken egunetan Euskal Herriko hainbat armagintza enpresatako hormetan. Kontseilu Sozialistetako kideek egin dituzte, enpresa horiek «gerraren kolaboratzaile» direla seinalatzeko eta egingo dituzten mobilizazioetara deitzeko. NATOren kontra, gerra eta basakeria kapitalista gelditu lelopean, Baionan protestaegingo dute martxoaren 31n, eta Iruñean eta Gasteizen apirilaren 1ean.

Zehazki, hauek dira markatu dituzten egoitzak dira: ITP Aeroren Barakaldokoa (Bizkaia), Aernnovaren Gasteizkoa, Orbital Critical Systemsen Artikakoa (Nafarroa) eta SAPAren Andoaingoa (Gipuzkoa). Armak ekoizten dituzten enpresak dira laurak: aeronautikan aritzen dira ITP Aero, Aernnova eta Orbital Critical, eta ibilgailu militarrak egiten ditu SAPAk. Dena den, Kontseilu Sozialistek salatu dute ehunka direla «arma industriarekin lotura zuzena daukaten Euskal Herriko negozioak».

Haien arabera, azken urteetan etengabe larriagotu da «gorakada belikoa», eta Mendebaldean «aparatu politiko-militarrak berrarmatzen ari da oligarkia»: «NATOko estatu kideak gelditu gabe ari dira inbertsio militarra areagotzen eta gerrarako bideratutako sailak handitzen, Espainiako eta Frantziako azken aurrekontuek erakusten duten moduan».

Jaurlaritzaren laguntzaz

Gehitu dute erakunde publikoek hamarkadak daramatzatela gerrak finantzatzen, «zuzenean nahiz zeharka»: «Zuzenean, adibidez, defentsara bideratutako aurrekontuak indartuta; eta zeharka, besteak beste, armagintzan jarduten duten hainbat enpresa finantzatuta eta bultzatuta».

Eusko Jaurlaritzaren kasua aipatu dute: «1990eko hamarkadan utzi zion arma laburrak ekoizten zituzten enpresei dirua emateari, baina aeronautika enpresei erreparatu zien orduan: diruz lagundu zuen, esaterako, ITP Aero eta Aernnova martxan jartzea. Sektorea sendotuko zuen enpresa azpikontratatuen sare oso bat ere sustatu zuen», gaitzetsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.