Futbola
Jose Luis Mendilibar da Sevillaren entrenatzaile berria
Iaz Alaves entrenatu zuenetik talderik gabe zen Zaldibarko prestatzailea. Mailari eusteko lehian dabil Sevilla, eta Europa Ligako final laurdenetan Manchester Uniteden aurka jokatuko du.

Jose Luis Mendilibarri 62 urterekin heldu zaio bere ibilbideko erronka handienetako bat: Sevilla entrenatzea. Helburua, ordea, ohikoa izango da Zaldibarko (Bizkaia) entrenatzailearentzat: mailari eustea. Denboraldi eskasa egiten ari da Espainiako taldea, eta gaur goizean iragarri du Jorge Sampaoli argentinarraren kargugabetzea. Ordu batzuk geroago baieztatu du atzo zabaldu zen zurrumurrua: Mendilibar izango da haren ordezkoa. Denboraldi amaierara arte sinatu du, eta gaur bertan zuzenduko du taldearen entrenamendua.
ð¨ José Luis Mendilibar, nuevo entrenador del #SevillaFC.
— Sevilla Fútbol Club (@SevillaFC) March 21, 2023
¡Bienvenido, míster!#WeareSevilla #NuncaTeRindas
Adituen arabera, Sevillak Mendilibarrengan erakutsitako interesa ez da berria, bizkaitarra betidanik izan baita Ramon Rodriguez Monchi kirol zuzendariaren gustukoa. Sampaoli kaleratzea, ordea, ez zen erabaki erraza izango: Sevillak hamar milioi euro inguruko kitapena ordaindu beharko dio prestatzaileari.
Mendilibarrek, berriz, azken bi denboraldiek utzitako aho zapore txarra kendu nahiko du. 2020-2021ko denboraldian maila galdu zuen Eibarrekin, eta gauza bera egin zuen iaz Alavesekin. Eibarren sei urte bikain egin zituen Zaldibarkoak, eta Alavesen, berriz, hamabi neurketa soilik zuzendu zituen; abenduaren 28an heldu zen, eta apirilaren 4an kargugabetu zuten, garaipen bakarra eskuratuta. Espainiako Ligan, denera, 448 neurketa zuzendu ditu Mendilibarrek.
Sevilla hamalaugarren postuan da sailkapen nagusian, 28 punturekin. Hemezortzigarren sailkatuak, Valentziak, 26 ditu. Azken jardunaldian Getaferen aurka 2-0 galdu zuen Espainiako taldeak, eta egun batzuk lehenago 6-1 Atletico Madrilen aurka. Horrek bultzatu du zuzendaritza entrenatzailea aldatzera, aurtengo denboraldian bigarren aldiz. Julen Lopetegiren ordezkoa zen Sampaoli. Denboraldia, beraz, entrenatzaile euskaldun batekin hasi zuen Sevillak, eta, ondo bidean, beste euskaldun batekin amaituko du.
Mailari eusteko erronka gogorra izango da, baina are gogorragoa Europa Ligakoa: final laurdenetan Manchester Uniteden aurka jokatuko du Sevillak. Txapelketa hori, gainera, berezia da taldearentzat: garaikurra sei aldiz altxatu du, beste inork baino gehiagotan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.