Mendiko lasterketak

Azkorbebeitia eta Zunzunegi Euskal Herriko Kopako lehen liderrak

Larunbatean, Bediako (Bizkaia) VII. Kolazino Mendi Egunean garaile izan ziren biak. Ibilbide lehorrean eta tenperatura altuekin, probaren errekorra minutu batean hobetu zuen Zunzunegik. Mendaroko Kilimon Trail izango da Kopako hurrengo proba, apirilaren 1ean.

Aitor Zunzunegi eta Oihana Azkorbebeitia, Kopako liderraren elastikoarekin. EMF
Berria
2023ko martxoaren 22a
08:06
Entzun

Aurreko larunbatean abiatu zen Bedian (Bizkaia) mendiko lasterketen 2023ko Euskal Herriko Kopa, egutegiko lehen probarekin. Guztira 8 topaketa izango dira, eta Bediako VII. Kolazino Mendi Eguna izan da lehena. 400 partaide elkartu ziren Bedian, Ganguren MTk, Tiritu kultur elkarteak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatutako lasterketan.

Nesketan lehena Oihana Azkorbebeitia izan zen. Aurreko urtean ere abadiñarra nagusitu zen Kolazino Eguneko proba honetan. Mutiletan, berriz, Aitor Zunzunegi legorretara (Gipuzkoa) izan zen Bediako plazan lehena, azken txanpa bikaina eginda.

Proba nagusian, korrikalariek 24 kilometro eta 1.700 metroko desnibela gainditu behar zituzten, eta lur lehorra, korrikarako oso bizia eta tenperatura altuak izan zituzten urte sasoi honetarako. Euriak, gainera, ez zituen harrapatu aurrenekoak, eta baldintzak lagun, Kolazino Mendi Eguneko errekorra minutu bat baino gehiago jaitsi zuen aurreneko mutilak.

Lehen kilometroak berotzeko izan ziren, harik eta lehenengo bi igoerak iritsi ziren arte: Eroso Mendi eta Santagozarko. Gizonezkoen kategorian, kronometratutako lehen puntuan, 8 kilometrora, Oier Ariznabarretak oso erritmo bizia ezarri zuen, eta atzetik Aitor Ajuria, Aitor Zunzunegi eta Ibai Makazaga etorri ziren. Probaren punturik garaienerako igoeran, Mandoian, Argiñatx mendiaren magaletik, hirukoteak jazarpen lanean jarraitzen zuen. Atzetik, Asier Larruzeak, iazko txapeldunak, bi posizio irabazi zituen Javier Goitiaren ondoan, eta Imanol Larrañaga ere erritmo onean zetorren.

Jaitsiera teknikoaren ondoren, bi gailur geratzen ziren igotzeko, Kastillozar eta Zeatakoa, eta bi igoera horiek aldaketa handiak eragin zituzten sailkapenean. Aitor Ajuria jarri zen probaren buru, eta Ariznabarreta garaipenerako borrokatik kanpo geratu zen. Atzetik zetozen Larrañaga, Larruzea eta Zunzunegi. Azken 5 kilometroetan, Ajuriak behera egin zuen, eta Zunzunegik, aldiz, azken txanpa bikaina egin eta proba irabazteaz gain, errekorra ere gainditu zuen: 2:08:24.

Emakumezkoetan, mugimendu gutxiago egon zen lasterketaren buruan. Kronometratutako lehen zatian hiru postuetan zeuden hiru lasterkariek beren posizioei eutsi zieten helmuga zeharkatu arte. Oihana Azkorbebeitiak Kolazinoarekin sintonia berezia duela erakutsi zuen, eta lehen postua eskuratu zuen aurten ere. Abadiñarra hasieratik bukaerara izan zen lasterketaren buru. Ainara Urrutia aretxabaletarra atzetik izan zuen ibilbide osoan, baina ez garaipena arriskuan jartzeko beste. Oihana Zubillaga anoetarra izan zen hirugarren.

Junior, gazte eta kadeteen 11 kilometroko lasterketan, Ion Kabada, Eneko Etxaniz eta Borja Utergo izan ziren irabazle gizonezkoen kategorietan, eta Irene Iturria, Alluitz de Bilbao eta Naroa Lopez nesketan.

EUSKAL HERRIKO KOPA 2023
Emakumezkoak

1. Oihana Azkorbebeitia
2. Ainara Urrutia
3. Oihana Zubillaga

Gizonezkoak
1. Aitor Zunzunegi
2.Imanol Larrañaga
3. Asier Larruzea

Beteranoak, emakumezkoak
1. Oihana Azkorbebeitia
2. Ainara Urrutia
3. Oihane Unzalu

Beteranoak, gizonezkoak
1. Imanol Larrañaga
2. Alexander Ordeñana
3. Unai Intxaurraga

Junior neskak (16 km)
1.- Irene Iturria
2.- Ania Hernandez
3.- Andrea Manzanal

Junior mutilak (16 km)
1.- Ion Cabada
2.- Ibai Angulo
3.- Eneko Olabarria

Gazte neskak (11 km)
1.- Alluitz de Bilbao
2.- Jone Oar-Arteta

Gazte mutilak (11 km)
1.- Eneko Etxaniz
2.- Aitor Guerra
3.- Urko Lozano

Kadete neskak (11 km)
1.- Naroa Lopez
2.- Naroa Arribas

Kadete mutilak (11 km)
1.- Borja Utergo
2.- Julen Dobarro
3.- Mikel Oar

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.