Albistea entzun

Ikus-entzunezkoak

‘Unicorn Wars’ ezin da euskaraz ikusi Movistar Plusen, oraingoz

Plataformak iragarri du «hemendik gutxira» jarri ahalko dituztela filmak hiru edo lau hizkuntzatan. Netflix Euskaraz taldeak salatu du «onartezina» dela plataformak esatea teknikoki ez dela posible euskarazko bertsioa jartzea.

'Unicorn Wars' filma
'Unicorn Wars' filma Berria Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2023ko martxoak 22

Movistar Plus plataforman film ugari ikus daitezke euskarazko azpidatziekin, baina euskarazko bikoizketarekin arazo teknikoak daudela jarri dute aitzakiatzat eta zailtasunak daude. Kasu argigarri bat Unicorn Wars helduentzako animaziozko filmarena da: otsailaren 8an, Movistar Plusek bere katalogoan jarri zuen animaziozko filma, gazteleraz eta galizieraz; euskarazko bertsiorik gabe, ordea. Zinema areto batzuetan euskarazko bikoizketarekin proiektatu zuten arren, plataforman ezingo da euskaraz ikusi. Oraingoz, bederen.

Filmaren ekoiztetxea Uniko da, eta ekoizleek adierazi dute duela bi hilabete bidali zutela euskarazko bertsioa, «konpromisoak betez». Movistar Pluseko iturrien arabera, ordea, euskarazko bertsioa geroago iritsi zitzaien, eta ordurako gaztelaniazko eta galizierazko bertsioekin osatua zuten filma zerbitzuan jartzeko. Eta gaur-gaurkoz plataformak ezin omen du film bat hiru hizkuntzatan jarri.

Egoera hori aldatu ahalko dela espero da. Izan ere, Movistar Plusek iragarri du «hemendik gutxira» teknikoki posible izango dela filmak hiru edo lau hizkuntzatan jartzea. Horrek modua emango luke Unicorn Wars euskaraz jartzeko, baita beste eduki batzuk ere.

Netflix Euskaraz herri mugimenduarentzat, «aitzakiak» dira horiek guztiak. «Ez dira argudio onargarriak», salatu dute. «Movistar Plusi dagokio konponbide teknikoa bilatzea. Onartezina iruditzen zaigu plataformak esatea euskarazko bertsioa jartzea teknikoki ez dela posible». Pantailetan euskara sustatzearen alde borrokan ari den taldeak uste du euskarazko bertsioak iritsi egin behar direla, gainerako hizkuntzetako bertsioekin batera, euskara hizkuntza ofiziala delako eta Espainiako Ikus-entzunezko Legea indarrean dagoelako. «Movistarrek, gainera, erakutsi izan du baduela oztopo hori gainditzeko modua: gaur egun bere katalogoan eskaintzen dituen hainbat eduki hiru bertsiotan ari da eskaintzen». Eduki bera bertsio desberdinetan ikusgai jarri ahal izateko, bertsioak eduki berezituak balira bezala jartzea da Movistarrek aurkitu izan duen konponbidea. Baby boss jarri dute adibidetzat; gaztelaniazko, katalanezko eta (gaztelerazko) keinu hizkuntzan dago ikusgai plataforman.

EITBri eta Jaurlaritzari deia

Netflix Euskaraz-ek, bestalde, kezka azaldu du euskarazko bertsioen aferaren harira, eta adibidetzat jarri du Irabazi arte telesaila Disney Plusen eta Amama filma Netflixen ezin direla euskaraz ikusi.

Horrenbestez, Netflix Euskaraz-ek «beharrezkotzat» jo du Eusko Jaurlaritza eta EITB publikoki agertzea eta euren asmoen berri ematea. «Publikoki argitu behar dute euskal ekoizpenen euskarazko bertsioak Primeran plataformara eta gainerako plataformetara batera iritsiko direla, inoiz ez geroago, eta euskarazko audioak plataformetara egokituta bidaliko dituztela». Herritar taldeak gogorarazi duenez, Espainiako legaren arabera, erakunde publikoei dagokie hori horrela dela gainbegiratzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Giro atsegina sortu zen Ziburuko plazako karparen azpian. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskarari plaza, elkarlanean

Ekhi Erremundegi Beloki

Jende andana elkartu da Ziburuko IV. Euskal Disko eta Liburu Azokan. Euskarak Lapurdi kostaldean plaza hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Egunero galdetu behar da jendea zer moduz dagoen, ez COVID garaian soilik»

Ane Insausti Barandiaran

Adinekoen aldarriak ezkutuan geratzen direla salatu du Berriotxoak. Besteak beste, eskatu du zaintzan bizitza osoa eman duten emakumeen pentsioak igotzeko, baliabide gehiago jartzeko, eta zaintza sistema publikoa eta integrala izateko.
Euskal Herriko gazteek gehiago erabiltzen dute Instagram Whatsapp baino. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Instagram da euskal gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala

Urtzi Urkizu

Ikusiker lanaren arabera, Euskal Herriko gazteen hamarretik bederatzik erabiltzen dute Instagram

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.