Nafarroan premia dutenak erroldatzeko «estortsioak» daudela dio Arartekoak

Nafarroako Arartekoak 2022ko txostena aurkeztu du parlamentuan. Ohartarazi du etxebizitza sozialen «premia gorria» dagoela

Txostena aurkezteko gerraldia, gaur, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2023ko martxoaren 22a
18:35
Entzun

Nafarroako Arartekoak 3.575 aldiz esku artu du urtebetean —horietatik 1.648 kexak izan dira—; 1.829 kontsulta artatu ditu, hemeretzi aldiz aritu da ofizioz, hobetzeko hamar proposamen bideratu ditu eta hamazazpi bitartekaritza espedienteren tramiteak egin ditu. Hauxe da Nafarroako Arartekoaren 2022ko txostenetik egin daitekeen laburpena. Gaur aurkeztu du Patxi Vera Arartekoak, Nafarroako Parlametuan. Datuak ematearekin bat, ohartarazpenak ere egin ditu: esan du alokairu sozialeko etxebizitzen «premia gorria» dagoela eta «estortsio kasu larriak» daudela behar duten pertsonak erroldatzeko garaian.

2022an Nafarroako 27 gizarte erakunderekin egindako bileretatik atera ditu ondorio horiek. Haren esanetan, «arazo oso larriak eta garrantzitsuak» hauteman ditu bilkuretan. Nagusienetako bat etxebizitza sozialen falta da: «Pertsonak ditugu zubipean eta abandonatutako etxabeetan bizitzen, horrek dakarren guztiarekin».

Gainera, erroldarena auziaz ere aritu da. Haren esanetan, errolda da edozein laguntza eskatzeko giltza. Dauden zailtasunak azaldu ditu: «Erakunde hauen arabera, egun, zenbait herritan erroldatzeko zailtasunak daude, eta litekeena da horrek estortsio kasu larriak egotea erraztea». Adibide batzuk eman ditu: ehunka euro kobratzea maizter bat erroldatzeagatik; errentan etxe bat duen norbaitek beste bat ez erroldatu nahi izatea, ezin diolako etxea beste inori alokatu... Halaber, «bereziki larria» iruditu zaio zenbait pertsona ez direla ausartzen kexa bat jartzera, «errepresaliak» jasan ditzaketelako.

Kexak eta zalantzak

Orotara, 9.601 pertsonak —6.114 emakumek eta 3.487 gizonek— jo dute Nafarroako Arartekoarengana, kexak eta zalantzak adierazteko nahiz proposamenak egiteko. Kexarik gehienak (349) hezkuntzari lotutakoak izan dira. Horietako 237 blokean aurkeztu dituzte, haur eskoletako grebari lotuta. Gainerakoen arrazoiak, hauek, besteak beste: hezkuntza behar bereziak dituzten haurrei arretarik ez jartzeagatik, eskola ordutegia, garraio eta jangela zerbitzuak, eskola batzuetako batxilergoko notak eta eskola jazarpena. Hezkuntzaren atzetik, hurrengo kexa iturri nagusia lanpostu publiko baterako sarbidea izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.