Erretreten erreforma

Hainbat lagun bildu dira Baionako komisaria aitzinean, lau atxilotuak askatzea galdegiteko

Frantziako Polizia oldartu egin zaie protestariei, sindikatuek deituriko erreformaren aurkako mobilizazioan. Baionako autobus geltokia blokeatu dute manifestariek, eta Txik Txak autobus zerbitzua gelditzea lortu.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko martxoaren 23a
07:33
Entzun

Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioek bere horretan jarraitzen dute. Baionako geltokiaren inguruan istiluak gertatu dira eguerdi aldean, eta prefetak adierazi duenez, lau lagun atxilotu dituzte. 18:30etarako elkarretaratzea deitu dute Baionako komisaria aitzinean, lau atxilotuak aska ditzaten galdegiteko. 70 lagun inguru bertaratu dira hara.

Frantziako Polizia oldartu egin zaie protestariei, sindikatuek deituriko erreformaren aurkako manifestazioaren amaieran. Manifestariek autobidera heldu nahi zuten, baina poliziak bidea moztu die, eta negar eragiteko gasa bota die. LAB sindikatuak «gogor» salatu du poliziek negar eragiteko gasa erabili izana, eta dei egin du Baionako komisaria aitzinean protesta egitera. Manifestariek harriak eta botilak bota dituzte polizien gainera.

Horrez gain, AEK-k salatu du Frantziako Polizia beren bulegoa miatzera sartu dela goizean, «erretreten aurkako mobilizazioetan parte hartu duen manifestari baten xerka zirela argudiatuz».

Jendetza elkartu da manifestazioan. FSU sindikatuaren arabera, 24.000 pertsona batu dira, Poliziaren aburuz, berriz, 9.500.

Pirinio Atlantikoetako prefeturak autobiderako Baiona iparraldeko sarera ixtea erabaki du bart gauean. Bertara joatekoa zen goiz honetako manifestazioa. 10:30ean abiatu da Baionako geltokitik.

Mobilizazioa ordu txikietan hasi da, ordea.

Goizeko 05:00etan jarria zuten hitzordua sindikatuek, eta jendetza bildu da Baionako autobus biltegiaren aitzinean. Txik Txak autobus zerbitzua blokeatu nahi dute grebalariek.

Barrikada bat jarri dute biltegiaren aurrean, eta su eman diote. Protesta jai giroan egin dute.

06:30ean, argiak piztu dituzte biltegian, eta barrera igo dute. Baina autobusak ezin izan dira atera.

Aste mugitua izan da erretreten erreformaren kontrako mugimendu sozialarentzat. Konstituzioko 49.3 artikulua erabilita erreforma dekretuz pasatzea erabaki zuen joan den astean Frantziako Gobernuak, eta herritar anitzen haserrea eragin zuen.

Ordutik egunero antolatu dituzte protestak Frantziako Estatuan. Aste honetan blokeatze ekintzak egin ditu Ipar Euskal Herriko intersindikalak egunero. Autobidea blokeatzeko saiakerak, merkataritza guneen blokeatzeak, eta gaur Baionako hiriguneko autobusak.

Autobus biltegiaren bigarren sarrera ere blokeatu dute grebalariek. Frantziako Polizia inguruan zegoen begira, baina ez du esku hartu.

Baionako hirigunean Txik Txak sareko autobus gehienak blokeatuta zeudela adierazi du zerbitzuak, webgunean.

Eguna argitu ahala, Keolys garraio enpresako langileak biltegira iritsi dira. Grebalariek ez diete sarrera oztopatzen; autobusak dituzte helburu. «Gaur goizean ez dute lanik, eta berdin pagatuak izanen dira», esan du sindikalista batek.

Frantziako Gobernuari afera blokeatzea eta muturrera eramatea egotzi dio Argitxu Dufau LABeko koordinatzaileak.

Erretretaren erreformak ez dio eragingo Ekaitz Bergaretxe autobus gidariari, baina, esan duenez, «ondorengoentzat» ari zen protesta egiten.

300 manifestazio, Frantzian

Errretiro adina 62 urtetik 64ra atzeratzeko asmoaren aurkako bederatzigarren mobilizazio eguna egiten ari dira Frantzian. 300 manifestazio baino gehiago deitu dituzte, eta 600.000 eta 800.000 mila pertsona artean biltzea espero du Poliziak. Parisen 5.000 polizia zabaldu dituzte.

Greba egiten ari dira hainbat alorretan, findegietan, zaborraren bilketan eta hezkuntzan, besteak beste. Abiadura handiko trenen erdia baino ez dira ibiliko gaur, eta Parisko aldirietako trenen %50-%80 bertan behera geratu dira.

Hiriburuko metroan bi linea bakarrik ari dira lanean normal, automatikoak. Gainerakoetan zerbitzua asko murriztu dute.

Gero eta gehiago dira erregairik gabe geratzen ari diren gasolindegiak, findegi asko geldituta daudelako, eta litekeena da aire garraioari ere eragitea laster, Gonfrevilleko biltegiak blokeatuta daudelako, eta handik ateratzen baita Parisko aireportuak hornitzeko erregaia.

Erretreten erreforma Asanblea Nazionalak bozkatu gabe inposatu ostean, sindikatuekin lan baldintzen inguruan hitz egiteko prest dagoela esan zuen Frantziako presidente Emmanuel Macronek atzo. CFDT sindikatu nagusiko buru Laurent Bergerek gaur erantzun dio: «Neurri kosmetikotarako bada, erantzuna 'ez' da». Horren gain, ohartarazi dio edozein kontuz aritzeko baldintzak jarriko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.