Eduki babestua

«Energia trantsizioan norantz joan nahi dugun jakitearekin ez da aski, bidea nola egin erabaki behar dugu»

Mundu mailako erronkei tokikotik heltzeko urratsak egiten dabil azken urteotan Oñatiko Udala, hainbaten artean, Onaro telekomunikazio operadorea eta Oñatiko Energia Plana sortuta.

Izaro Elorza Arregi • Oñatiko alkatea. OÑATIKO UDALA
2023ko martxoaren 24a
09:12
Entzun

Oinarrizko zerbitzuak tokikotik lantzeko erabakia du hartua Oñatiko Udalak. Hori horrela, esangura handiko bi egitasmo abiarazi ditu azken urteotan: Onaro telekomunikazio operadorea eta Oñatiko Energia Plana. Bada, horren inguruan jardun du Izaro Elorza Arregi (Oñati, 1983) Oñatiko alkateak. Besteren artean, mundu mailako erronkei tokikotik heltzearen garrantzia, Oñatiko udalaren konpromisoa, herritarrak erdigunean jarri beharra… izan ditu berbagai.

Oñatiko Energia Plana aurkeztu duzue berriki.

Hala da. Esangura handiko erronka da energiarena, behar moduko erantzunak eskatzen dituena. Mundu mailan bada energia trantsizioaren aldeko korronte esanguratsu bat, eredu bateko eta besteko erantzunak lantzen dabilena. Dena den, ezin dezakegu ahaztu lurralde bakoitzak haren berezitasunak, beharrak, azpiegiturak, konbikzioak… dituela. Norantz joan nahi dugun jakitearekin ez da aski. Hortik harago, bide hori nola egin gura dugun erabaki behar dugu, gure bide-orri propioa eraiki, gure buruaren jabe izan gaitezen. Beraz, esango nuke, energiaren erronka ez dela aukera bat, edo propaganda egiteko modu bat. Erantzukizunez heldu beharreko gaia da, sakonki landu beharrekoa. Energiaren erronka ezin daiteke sektoreko merkatuan lehian dabiltzan enpresa nagusien esku utzi. Oinarrizko zerbitzua da.

Bide-orri propioa aipatu duzu. Zein da Oñatiko Udalak energiaren gaian hartua duen norabidea?

Oñatiko Energia Planak zortzi esku hartze ditu barnebildurik, bakoitzak, haren eragin esparrua du, baina berdina da guztiek hartua duten norabidea. Hain zuzen ere, berriztagarriak, bidezko eredua, informazio gardentasuna, herritarren beharrak, kontzientziazioa… dituzte horiek guztiek erdigunean. Hor, lehen aipatu dudanaren garrantzia: bide-orriak tokiko ikuspegi batekin zehazteak, tokian tokiko eredu bat lantzera zaramatza, zeuk zehazturiko norabidean eta noranzkoan, arrazoi bat edo bestea tarteko mundu mailan nagusitu litezkeen joeren menpe egon barik. Horregatik egin dugu guk herrian eta herritarrekin erabakitako eta eraikitako tokiko zerbitzu baten aldeko hautua.

Tokikoari tokikotik heltzearen konbikzioak eragina du Oñatiko Energia Plana lantzeko erabakian?

Zalantzarik gabe. Energiaren gaian, honako diskurtso hauek dira nagusi mundu mailan: energia trantsiziorako beharra, berriztagarrietan oinarrituriko ereduen garrantzia… Ados. Baina, horien alde egitearekin ez da aski. Sakonki heldu behar zaio gaiari. Erabaki behar dugu zeintzuk izango diren energia trantsiziorako hurrengo urratsak, energia berriztagarria lortzeko zein bitarteko erabiliko ditugun, nola kudeatuko diren horiek, sortutako energia nola helaraziko zaien herritarrei, zein baldintzatan (prezioa, etab.), nola bermatuko dugun informazio gardentasuna… Esan moduan, gauza asko daude erabakitzeke, eta hemen erabaki behar dira. EH Bilduren Oñatiko Udal gobernuko kideok dagoeneko hasiak gara horretan.

Gainera, Oñatiko Ur Jauziak dituzue. Energia sorkuntzarako bitarteko garrantzitsua da.

Hala da. Baina harago egin gura dugu. Batetik, energia sorkuntzari dagokionez, zentral hidroelektrikoa izaki, ez du urte osoan zehar %100ean autosufiziente izatea bermatzen. Alegia, ohikoan, neguan, euri gehiagoko garaian, beharrezko duguna baino energia gehiago sortzen du; eta, udan, euri gutxiago egiten duenean, beharrezko duguna baino gutxiago. Beraz, dagoeneko hasiak gara energia sorkuntzarako bestelako bitartekoak aztertzen, dugun hori osagarritzeko, beti ere, %100eko autosufizientzia helburu izanda. Bestetik, egun, energia sortzailea eta banatzailea ditu Oñatik. Baina merkaturatzaile propioa falta da. Beraz, ez dugu prezioen gaineko kontrola. Are: egungo merkaturatzaile nagusiak saltzen duen energiaren zati esanguratsu bat ez da berriztagarria. Horri guztiari buelta emateko lanean gabiltza, herrian sortzen den energia berriztagarria, herritarrengana hel dadin, prezio justuagoan, gainera. Lehen esan moduan, baliabideez eta azpiegiturez aparte, kudeaketa ereduan sakondu beharra dago. Horretan gabiltza.

Bestetik, Onaro telekomunikazio operadorea aurkeztu zenuten 2021ean. Berdina da oinarria?

Bai. Funtsean, esan daiteke, berdina dela Oñatiko Energia Planaren eta Onaro telekomunikazio operadorearen sorburua. Alegia, herritarrei oinarrizko zerbitzu bat bermatzea bilatzen dute, bidezkoa den eredu batean oinarrituta, prezio justuagoan, merkatuko espekulaziotik eta enpresa handien joko arauetatik aldendurik. Oro har, landa auzoan bizi diren herrikideei internet sarbidea bermatzea izan zen Onaroren hasierako xedea —orokorrean, telekomunikazio sektoreko enpresa nagusiek bermatu barik zuten, etekin ekonomikorik ikusten ez zutelako-edo—. Eta harago egin du ordutik. Herrigunean bizi diren herritar askok dute bat egina, eta, gainera, ekinbide komunitarioei esker, zuntz sare publikoa eroan dugu zenbait auzotara, udalaren eta auzotarren arteko elkarlana oinarri. Horixe, udalaren eta herritarren arteko elkarlana, funtsezkoa da halako bide bati ekiteko. Bertatik kudeatzeak ahalbidetzen du hori. Dagoeneko 500 herritar baino gehiagok dute Onarorekin bat eginda, eta goraka doa kopurua.

Bide berean segitzea da asmoa?

Dudarik gabe. Hasia dugun bidea ezin daiteke egungora mugatu. Harago egin beharra dugu. Gizartearen ongizateak halabeharrez egon behar du oinarrizko zerbitzuen eskaintzaren erdigunean, eta ikusi da, sarri, kudeaketa eredua eta kudeatzailea bera aldatu beharra dakarrela horrek. Eredu berriak eraiki behar ditugu, bidezkoak, oinarrizko zerbitzuen berme izango direnak, burujabetzatik. Ekimen garrantzitsuak abiarazi ditugu azken urteotan, bai, baina, esango nuke, oraindik bidea hasi besterik ez dugula egin.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.oñati.eus.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.