Albistea entzun

Euskara

Euskara batuaren aldeko giza katea egin dute 7.000 lagunek

Errenteria eta Donostia artean egin dute omenaldia, Euskaltzaindiak eta Ikastolak Herriari taldeak antolatuta; 8.226 metro luze izan da. «Eskerrik asko egunero euskara koloreztatzeagatik», esan dute ikasleek.

Irati Urdalleta Lete - Jone Bastida Alzuru -

2023ko martxoak 24

Euskara batuaren aldeko giza kate bat egin dute Donostia eta Errenteria artean, Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak antolatuta. Batasunaren bidean izena jarri diote omenaldiari, eta gutxienez 7.000 lagun bildu ditu. Hain zuzen, Euskal Herri osoko 50 ikastola inguruk hartu dute parte. Kaleak, plazak eta beste hartu ditu 8.226 metro luze izan den giza kateak, eta txalo artean eman diote bukaera. Amaiera ekitaldiak egin dituzte jarraian, eta eskerrak eman dituzte «egunero euskara koloreztatzeagatik». Musikaren erritmoan dantzan eta zapiak astinduz amaitu dituzte ekitaldiak. Irati Urdalleta BERRIAko kazetaria aritu da haren berri ematen.

Umeek ordu erdi inguruz batu dituzte bi herriak. Errenteriako Gamon zumarditik abiatu da, Koldo Mitxelena hizkuntzalaria oroitzeko jarrita dagoen eskulturaren paretik, eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaitu, Parte Zaharrean. Bertan izan dira, besteak beste, Ikastolen Elkarteko eta Euskaltzaindiko ordezkariak ere.

Euskara batuak Euskal Herriaren «garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko» egin dute omenaldia.

Ikusi gehiago: Argazki bilduma

Giza katearen ondoren, antolatzaileek egokitutako bost gunetan elkartu dira ikasleak; Errenterian, Pasaian, Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Konstituzio plazan.

Arratsaldean ere jarraituko dute egitasmoarekin. 17:30ean ekitaldi instituzional bat egingo dute Errenteriako udaletxeko areto nagusian, euskara batuaren sustatzaileak omentzeko. Gizarte osoak euskara batuaren sendotzean izan duen garrantzia argi nabarmenduta ere, bereziki hamabost sustatzaile hauek omenduko dituzte: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Knorr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurka, sanferminak hasi aurreko manifestazioa, Iruñean, artxiboko irudi batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Bortxaren harea mugikorretan

Jone Arruabarrena

Gasteizko azken hilketa matxistaren harira, eztabaida piztu da babes neurrien eta biktimen gaineko arriskua neurtzearen garrantziaren inguruan. Egungo protokoloak «hutsuneak» dituela diote adituek
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Andre askok ezin dute harreman hori moztu»

J. Arruabarrena

Mendekotasun emozionala sortzea da indarkeriazko harremanen ezaugarrietako bat. Norma Vazquezek azpimarratu duenez, garrantzitsua da hori kontuan hartu eta emakumea errudun ez bihurtzea.
 ©GORKA RUBIO / FOKU
Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkoreka, Tourrarekin lotutako plana azaltzen. ©IREKIA

Erkorekak esan du Ertzaintzako lan gatazkak ez duela Tourra baldintzatuko

Iosu Alberdi

Uztailaren 1etik 3rako «segurtasun publikoaren gida plana» aurkeztu du Segurtasun sailburuak: 1.700 ertzainek parte hartuko dute egunero. Ertzainak Borrokan plataformak, berriz, Urkulluri leporatu dio gatazkari konponbide bat bilatzeko aukera galtzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.