Kobazuloak

Harpeak ezagutarazteko eguna

Bizkaitik Baxenabarrera, zortzi harpek osatzen dute Lurpea elkartea. Harpeen edo Koben Eguna antolatu dute hamahirugarren aldikoz, gaurko eta biharko. Diotenez, euskal herritarrek berek guti baizik ez dituzte ezagutzen bisita daitezkeen lurpe horiek. Horregatik, horien fama hedatu nahi dute asteburuan.

Sarako leizeetako sartze nagusia, kanpotik. ARGITXU ARGIZAR
Iñaki Etxeleku, Iparraldeko Hitza
2023ko martxoaren 24a
11:27
Entzun

Euskal Herriko zortzi harpe ezagun biltzen ditu Lurpea elkarteak. Bat Bizkaikoa da, bi Gipuzkoakoak, hiru Nafarroakoak, bat Lapurdikoa eta beste bat Baxenabarrekoa. Mugarik gabeko lurpea leloarekin, harpe horien ezagutaraztea dute helburu elkarlanetik. Aurten, hamahirugarren aldikoz antolatu dute Koben Eguna. Gaur eta bihar iraganen da. Zortzi leizeak bisitatzen ahalko dira, merke.

2008an sortu zuten Lurpea elkartea, eta zuzendaritza itzulikatuz hartzen dute zortzi koba, kobazulo, harpe edo leizetako arduradunek. Aurten, Lekunberri (Nafarroa) ondoko Astizko Mendukiloren aldi da. Mendukiloko animatzaile Amaia Govillarek esplikatu du Lurpea sortu zutela “sare bat sortzeagatik eta elkarlanean ibiltzeko”. Govillarrek dio guti direla bisitariei irekiak diren harpeak, eta badutela haien berri jakinarazteko beharra Euskal Herri osoan. “Koba turistikoak ugariak ez direnez, elkarlanean egiten badugu indarra lortzen dugu eta aberastasuna informazio aldetik”.

Elkartea sortu aitzin, Mendukilo sartu zen harremanean Oñatiko (Gipuzkoa) Arrikurutzekin. Biak ere momentu bertsuan ireki zituzten: Astizkoa 2005ean, Oñatikoa 2006an. Euskal Herri guzira zabaldu da sarea geroztik, eta 2020an Turinea ibilbide turistikoen webguneak ibilbiderik onenaren saria eman zien Lurpeakoei. “Ibilbiderik onena izendatu zuten Euskal Herriko koben ibilbidea”, erran du Govillarrek. “Guretzat itzela izan zen”.

Argitxu Axeritogarai komunikazioaz arduratzen da Sarako leizeetan. Urtean zehar harreman erregularra dute harpeen artean, eta egitasmoak ere badaramatzate elkarrekin. Joan den urtean Gasteizko Monte Solidarios elkartearekin muntatu elkarlana aipatu du: “Isiltasuna entzuten izena zuen. Dibertsitate funtzionala, desgaitasun fisikoa eta ikusmenekoa duten pertsonei ateak ireki dizkiegu, haiek ere lurpeko edertasun hori ezagut dezaten”.

Axeritogaraik baieztatu du Euskal Herriko harpeek badutela famatzeko beharra: “Sarako leizeetarik pasatzen dira bisitari anitz; Zugarramurditik ere bai. Baina Hegoaldean ez hainbeste; Ekainberri erreplika, adibidez, izugarri interesgarria da, baina ez da hainbeste jende joaten”. Axeritogaraik dio bisitari gehien duten leizeetan ere “momentu goxo baten pasatzera” datozen kanpoko bakantzatiarrak direla anitz. “Ez dira lekuko jendeak jiten beren lur azpian dituzten gauzen ikustera”.

Harpeen ezaugarriak

Axeritogaraik uste du badela informazio lana egiteko Euskal herritarrei buruz, harpeetan zer baden ohar daitezen: “Euskal Herriko lur azpiek —seigarren kontinentea deitzen ditugunak—, aberastasun handiak dituzte, eta ez dira hain ezagunak”.

Xaretan berean —Sara, Zugarramurdi, Urdazubiko eremua—, aberastasun horren ezaugarriak oro dituztela dio: “Hiru kobazulo ditugu lurralde ttipi batean, eta arrunt desberdinak dira: Zugarramurdiko Sorginen leizeetan badugu atal zabal bat eta naturagune eder bat; Urdazubin konkresio zoragarriak dira, erreka ttipi batekin barnean; eta Sarako leizeena uraren lana da, baina leize idorra da”.

Euskal Herriko harpe batetik bestera gizakiak utzi mota orotako markak ageri diela gehitu du: “Historiaurreko aztarnak, pinturak”. Bisitarietan ere jakin-min iturri franko dira. “Batzuek mitologiari lotu istorioak nahiago dituzte; besteek, historia edo geologia. Lur azpian anitz gai badira”. Harpe horietan atzeman dira gizakiaren herexak, eta aitzinekoen sinesteen hondarrak orain arte heldu dira. Izturitzen aurkitu musika tresnak famatuak dira. Besteetan oihartzun nagusia dutenak zerrendatu ditu Axeritogaraik: “Sarakoetan suharriak edo mozteko tresnak badira. Urdazubin, tinduak murruan. Arrikurutzen lehoi burezur bat atzeman dute. Ekainen tinduak badira denetan”.

Mitologiari lotu guneak direla gogorarazi du Sarako animatzaileak: “Istorio mitologikoak badira leku horietan. Aralarren, Mendukilon, herensuge bazen. Kaskoan den kaperatik ateratzen omen zen, baina leizetik jiten zen. Eta leizean ikusten da buru bat bezala”. Halaber, Sarako leizeentzat erraten zen etsaiaren edo deabruaren eskola zela. Hain zuzen, sineste zaharrei buruz, Joxe Migel Barandiaranek Saran egin ikerketak aipatu ditu Axeritogaraik: “Erraten zuen bazela behigorri bat leizea atxikitzen zuena. Lehengo behi hezurrak atzemanak izan dira barnean. Animalia horiek baziren historiaurrean, eta hortik jin da mitoa”.

Govillarrek erran du Astizko harpeak berezitasunak badituela, izenetik beretik hasiz: “Mendukilo hitz elkartua da: mendi eta ukuilu hitzenak. Arbasoek metal arotik erabilitako lehenbiziko gela daukagu hor”. Kabalen aterpetzeko, hots. Beste gela batzuk baditu bisita daitezkeenak: “Espeleotemak ditu berezitasun: kristalezko formazio oso anitzak eta ugariak dira. Kontserbazio itzela dute”. Herensugearen gela deitzen dutena, iluntasun osoan da: “Jendea berrogei metroko sakonerara ailegatzen da, eta benetako katedral naturala ikusten du: 60 metro luze eta 25 metro garai den gela. Hor sentitzen dugu guztiak sortzen duena, nola ur tantak poliki-poliki sartzen diren.” Nafarroa Larraungo eta Lekunberriko herriko etxeek dute deliberatzen Mendukilon, Plazaola turismo etxearekin.

Koben eguna

Lurpeako zortzi kobazuloentzat sustapen egun inportantea da Koben Eguna. Bihar eta etzi, asteburu guzian harpeak bisitatzen ahalko dira merke, Axeritogaraik zehaztu duenez: “Batzuek erdi prezioko bisitak eskaintzen dituzte, eta beste batzuek, urririk; tailerrak, erakusketak ere bai”. Xehetasunak Lurpea.eus-en kausi daitezke.

Sariak ere jarri dituzte irabazgai; hala nola Lekunberriko Ayestaran Hotelean gau bat, goizeko askariekin. Baita hamar bonu ere bertako ekoizpenez osatu saskien irabazteko. “Enbeia bultzatzeko da”, erran du Axeritogaraik.

Govillarrek uste du Euskal Herriko harpeen arteko elkarlana agerian uzten duela asteburu honetako egunak: “Erakusleiho handi bat da. Euskal Herriko koba guztiek bat egiten dugu”.

LURPEA ELKARTEKO ZORTZI HARPEAK

Arrikurutz (Oñati, Gipuzkoa).

Ekainberri (Zestoa, Gipuzkoa).

Izturitze & Otsozelaia (Izturitze, Donamartiri).

Mendukilo (Astitz, Nafarroa).

Pozalagua (Karrantza, Bizkaia).

Sara (Lapurdi)

Urdazubi (Nafarroa)

Zugarramurdi (Nafarroa)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.