Albistea entzun

Iraupen eskia

Ezizena Txiki, ibilbidea handi

Neguko Kiroletako Euskal Federazioan zuen ardura utzi berritan, Miguel Angel Plazas ‘Txiki’ omendu dute Tolosako Alpino Uzturre elkartekoek, urteotako ekarpenagatik.

Txiki Plazas, 2014an, Espainiako Kopan, Vaqueira-Bereten (Herrialde Katanak).
Txiki Plazas, 2014an, Espainiako Kopan, Vaqueira-Bereten (Herrialde Katanak). Iñigo Oyarzabal Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Garcia Landa, Gipuzkoako Hitza -

2023ko martxoak 24

«Garrantzi handiegia ematen ari zarete», esan du Miguel Angel Plazas Txiki-k berak (Tolosa, 1961). «Omenaldia baino gehiago, ezusteko agur ekitaldi bat izan zen, oso hunkigarria, baina ez nuke esango omenaldia izan zenik. Omenaldi bat jasotzeko gizarteari ekarpen bat egin behar diozula uste dut, eta nik ez dut halakorik egin». Tolosako Alpino Uzturre elkarteko eskiatzaileek omenaldi bat egin berri diote Plazasi, besteak beste txapel bat oparituta, elkartean entrenatzaile moduan egin duen lanarengatik.

Plazas 2003an hasi zen Alpino Uzturre elkartean iraupen eskiko taldeko entrenatzaile moduan, eta duela lau urte arte aritu zen han. Bigarren entrenatzaile moduan egin ditu beste hiru denboraldi, eta skiman moduan ere aritu da, eskiak prestatzen. Negu Kiroletako Euskal Federazioan iraupen eskiko batzordeko arduradun gisa ere aritu da azken lau denboraldietan. Baina martxoaren 11n eta 12an Euskadiko Txapelketa jokatu zuten Larra-Belaguan (Nafarroa), eta orduan utzi zuen federazioko ardura ere. «Jadanik ez daukat jarraitzeko behar den indarrik eta gogorik».

Entrenatzaile aritutako urteak «oso aberasgarriak» izan direla esan du Plazasek: «Ikusi dut taldetik pasatutako eskiatzaile batzuek nazioarteko txapelketetan parte hartu izan dutela: Munduko Txapelketetan, Olinpiar Jokoetan, Europako eta Munduko kopetan…». Joseba eta Imanol Rojo, Jon eta Xabier Saizar, Maialen Lopez, Mikel eta Olaia Plazas semea-alabak eta Alaia Juaristi aipatu ditu. «Eta, batez ere, ikusi dut denak gustura aritu direla iraupen eskiko lehiaketetan. Ez ditut hondatu, behintzat…».

Miguel Angel Plazas 'Txiki' aurreko astean, Tolosan. I. Garcia Landa

Iraupen eskiatzaile moduan ere ibilbide oparoa eginda dauka Plazasek. 1976an parte hartu zuen lehen lasterketan: «Alpino Uzturrerekin izan zen, Angel Ortizi esker, Aralarren, gurean hasi diren guztiak bezala». Ez du gogoan federatu moduan noiz parte hartu zuen azken proban: «Ez nuen pentsatu ‘lasterketa hau izango da azkena’. Izena ez emateko garaia iritsi zen, ordea». Hainbat lorpen ditu: Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan zenbait aldiz igo da podiumera, eta Espainiako txapeldun izana da master mailan.

Bihotzean, baina, errelebo probetan lortutako bi garaipen ditu gordeta. «Ez naiz gogoratzen zehazki zer urtetan izan zen, baina Euskadiko Txapelketa irabazi genuen Ortiz anaiek eta nik —ezkaratz berean bizi ginen—. Kirola egitean, normalean esan ahal izaten da ezkaratzeko onena zu zarela, baina hori ere ezin genuen esan guk…». Espainiako Txapelketa bat ere ondo gogoan dauka: «53 urte nituen nik, eta Imanol Rojo eta Maialen Lopezekin irabazi nuen txapelketa hura. Imanolen entrenatzailea izana nintzen, eta orduan Maialenen entrenatzailea nintzen». Horrez gain, irabazi ez arren, oso gogoan du beste proba bat: erreleboko taldea alabarekin eta semearekin osatu zuenekoa. «Horretan ere pribilegiatua izan naiz».

Triatloian eta krosean

Plazas ez da izan geldi egotekoa, eta triatloian eta krosean ere aritu izan da urte askoan. «Gu ez ginen onak ezertan, baina saltsero samarrak bai. Uste dut bidaiatzeko aitzakiak behar genituela eta kirol probetan izena ematen genuela». Neguko triatloiarekin hasi zen, eta udako triatloietan ere aritu zen gerora. Hawaiiko ironman proban ere parte hartu zuen, 1990ean. «Dozena bat urte pasatu nituen triatloia modus vivendi-tzat hartuta. Ehun bat triatloi egingo nituen, eta duatloiak ere bai. Bizikleta nuen gustukoen, baina hobeto ibiltzen nintzen korrika». 2001ean triatloia utzi zuenean asfaltoko lasterketetan hasi, eta egin zuen marka aipagarririk. Esaterako, Behobia-Donostian 1.06 ordukoa egin zuen, eta maratoian, berriz, 2.31koa. «Orduan, agian, ezkaratzeko txapeldun izango nintzen…».

Ardura batzuk utzita, gehiagotan eskiatzeko aukera izango du orain. «Nabari nuen horren falta», aitortu du, eta iraupen eskiarekin lotuta jarraituko duela esan: «Eskiatzaileek, entrenatzaileek, federaziokoek… denek daukate nire telefono zenbakia, eta badakite laguntzeko prest egongo naizela. Elurretan topo egingo dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. ©Carlos de Cos Azkona

Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Ramon Olasagasti

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

 ©UNAI UGARTEMENDIA

«Oso balorazio positiboa egin dut azken denboraldiaz»

Unai Ugartemendia

Mendiko eski denboraldiko ezusterik handienetako bat izan da Jon Ander Aranburu zumarragarra. Azken urteetan erakusten ari zen gorakada etengabearen ondorio izan dira aurtengo denboraldian lortutako emaitzak. Lau txapel irabazi ditu. Aurtengoari segida emateko gogo biziz ekingo dio datorren denboraldiari.
Everestek ohiko bideko ilarak. ©

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

Ramon Olasagasti

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten 600 igoera baino gehiago izan dira dagoeneko, 13 lagun hil dira, eta 4 desagertuta daude.

Xabi Ormazabal, eta, atzean, Cho Oyu; mendi horretan hil zen. ©XABIER ORMAZABALEN BILDUMA

Oroimenean daukate

Ramon Olasagasti

Xabier Ormazabal oroitzeko festa egingo dute gaur Urretxun, eta haren izena daraman bekaren aurtengo deialdia aurkeztuko dute. Horrez gain, Alex Areizagaren 'Itzalak' eta Alex Txikonen 'Manaslu neguan' filmak proiektatuko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...