Klima larrialdia

Parte hartzeko beste modu bat

Gipuzkoako Herritarren Batzarrak klima aldaketari eta nekazaritzari buruzko gomendio sorta bat egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari; horri erantzunez, zer konpromiso hartuko dituen zehaztu du aldundiak. Batzar hori sortu den lehen aldia izan da, eta sustatzaileak pozik agertu dira emaitzarekin.

Herritarren batzarra. TELESFORO MONZON LABORATEGIA
Miren Garate.
2023ko martxoaren 24a
12:09
Entzun

Galdera bat eman zieten Gipuzkoako Herritarren Batzarra osatu duten 32 kideei: “Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazaritza jarduera klima larrialdiari aurre egiteko?”. Galdera horretatik abiatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako gomendio sorta bat prestatzea zen batzarraren zeregina. Egin zuen, eta aurkeztu ere bai, urtarrilaren 14an, Donostian. Aldundiak, berriz, gomendio horiei guztiei erantzungo ziela hitzeman zuen, eta aurreko astean jakinarazi zuen zer konpromiso hartzeko prest dagoen. Gipuzkoako herritarren lehen batzarra izan da, eta egitasmoaren balorazio ona egin dutela esan du Malen Dominguez Zabala Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiko proiektuen koordinatzaileak. “Herritarren batzarreko kideak oso gustura aritu dira prozesuan: haiena dela sentitu dute, eta entzun dituztela”.

Hain zuzen ere, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak eta Arantzazulab gizarte berrikuntzarako laborategiak sustatu dute egitasmoa. Haiek egin zioten aldundiari herritarren batzar bat sortzeko proposamena. “Ikusten genuen izaera komanditarioa erakunde publiko batek hartu behar zuela, eta, horregatik jo genuen aldundira”, esan du Dominguezek. Bestelako erakunde batzuek ere parte hartu dute prozesuko zenbait fasetan; hala nola Aztiker, Deliberativa eta Artaziak erakundeetako kideek.

Telesforo Monzon laborategiko kidearen esanetan, planteatu beharreko galdera formulatzea izan zen lehen zailtasunetako bat. Argi zuten klima aldaketaren gaia landu nahi zutela. “Baina dilema batek egon behar zuen planteamenduan, eta, azkenean, klima aldaketaren eta landa eremuaren gaiak atera ziren gurutzatuta”. Batetik, lehen sektorean lan egiten duten eta hartatik bizi direnek dituzten zailtasunak landu behar zituzten; bestetik, kontuan izan behar zuten landa eremua bereziki kaltebera dela klima larrialdiari dagokionez, eta, aldi berean, berebiziko aukerak eta erantzukizunak dituela larrialdi horren aurkako borrokan.

Partaideak, zozketa bidez

Zozketa bidez aukeratu zituzten herritarren batzarra osatuko zuten 32 kideak. 15.000 gutun bidali zituzten Gipuzkoako 15.000 etxetara. Era guztietako kideak nahi zituzten, eta galdera batzuk ere erantsi zituzten gutun horietan, bakoitzaren sentsibilitatearen eta ezaugarrien pista batzuk izateko: ea tokiko produktuak erosten zituzten, gaiaren inguruan zer kontzientziazio zuten, zer ikasketa maila zuten, zer adin, zer sexutakoak diren, non bizi diren… “15.000 gutun horietako batzuei erantzun egin zieten herritarrek, eta parte hartu nahi zutela esan. Aipatutako irizpideen arabera sailkatu genituen erantzun zutenak, aniztasuna lortzeko, eta berriro zozketa egin genuen”.

Iazko azarotik aurtengo urtarrilera bitartean, lau asteburutan elkartu ziren herritarren batzarreko kideak. Lehen bietan, adituen azalpenak eta sektorean aritzen direnen lekukotzak jaso zituzten. “Ikerlariak, aldundiko teknikariak, sagardogileak, abeltzainak, basoen kudeaketan aritzen direnak eta beste izan ziren lehen saioetan, herritarren batzarreko kideek ikuspegi informatu bat izateko gaiaren inguruan”.

Hirugarren eta laugarren saioak, berriz, “deliberazio saioak” izan ziren. “Jaso zuten informazioarekin eta bakoitzak etxetik zekarrenarekin, aldundiari gomendio batzuk egin behar zizkieten, eta, horretarako, hainbat dinamikaren bidez aritu ziren lanean”. Bederatzi gomendioko sorta bat izan zen emaitza. “Ez zegoen aurrez zehaztuta, hala atera zen”.

Hasieratik agindu zuen aldundiak gomendio horiek aztertu egingo zituela, eta bere jardunean nola txertatuko zituen jakinaraziko zuela. Hala, Eider Mendoza Gobernantza foru diputatuak martxoaren 14an egindako ekitaldi publiko batean erantzun zien herritarrek proposatutako bederatzi gomendioei, banan-banan. “Gomendio guztiak onartu dituzte, aldaketa txikiekin”, kontatu du Dominguezek.

Telesforo Monzon laborategia pozik dago prozesuak izan duen emaitzarekin. “Ikusi dugu horrelako prozesuek balio handia dutela. Politikan eragiteko beste modu bat dira, herritarrekin harremanetan egoteko beste modu bat”. Gaineratu du jendea gustura sentitzen dela bere ekarpenak kontuan hartzen direla ikusten duenean. “Esaten da jendea politikatik urrun sentitzen dela edo jendeak ez duela parte hartu nahi, baina horrelako dinamikek erakusten dute politika egiteko modu batekin bakarrik dagoela akidura”.

Prozesuaren sustatzaileen esanetan, Gipuzkoan proiektu aitzindaria izan da herritarren batzarrarena. Tolosako Udalean ere jarri zuten antzeko beste egitasmo bat iazko urte amaieran, herrikoa, Arantzazulabek sustatuta. 32 laguneko talde bat osatu zuten han ere, eta beste galdera baten inguruan egin behar izan zituzten proposamenak: “Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?”.

Dominguezek kontatu du zenbait tokitan ohikoak direla halakoak. “Europan, herritarren batzar asko abiarazten ari dira, askotariko gaien inguruan. Guretzat garrantzitsua da ikustea hemen egiten ari garen parte hartzea sustatzeko prozesu hau bat datorrela beste herrialde batzuetan egiten ari direnarekin”. Are gehiago, zenbait tokitan batzar iraunkorrak ere sortu dituztela esan du; hala nola, Irlandan eta Belgikan. “Aldiro-aldiro biltzen dira, eta erronka izan daiteke guk ere hori jartzea helburutzat, herritarren parte hartzeko modu hori orokortzeko”.

Hurrengo urratsak

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak prozesuari buruz egindako ebaluazioaren arabera, prozesuak eragin positiboa izan du batzarreko kideen artean, eta parte hartu ondoren “konfiantza handiagoa” dute politikan, demokrazian eta baita partaidetza prozesuetan ere.

Joan den astean, batzarraren proposamenei erantzuteko egindako ekitaldian, pozik agertu ziren aldundiko ordezkariak ere. “Gipuzkoako Herritarren Batzar honek bat egiten du lankidetzako gobernantza sendotzeko gure apustu irmoarekin”, esan zuen Markel Olano ahaldun nagusiak. Haren esanetan, herritarrak Gipuzkoako lurraldearen etorkizuna baldintzatuko duten erabaki publikoetan inplikatzeko aukera irekitzen du. “Lan egiteko modu honek erabat bat egiten du Gipuzkoan ezartzen ari garen lankidetzazko gobernantza eredu berriarekin eta Etorkizuna Eraikiz-ekin”.

Behin aldundiaren erantzunen berri izan ostean, zehaztuta dituzte prozesuaren hurrengo urratsak ere. “Orain, herritarren batzarraren ardura da aldundiari jarraipena egitea, ikusteko konpromiso horiek nola gauzatzen dituen”, azaldu du Dominguezek. Aurtengo urrian dira berriro elkartzekoak aldundiko ordezkariekin, haien azalpenak jasotzeko. “Herritarren esku dago jarraipen hori egitea, eta dinamizatzaile lanetan prozesua sustatu dugun bi laborategiak arituko gara, Arantzazulab eta gu”. 2024ko urrian ere beste saio bat egitekoak dira.

Dena den, urrira arte itxaron gabe, eta herritarrak prozesuan gustura aritu direnez, laborategiek eta batzarrak harremanetan jarraituko dutela esan du Dominguezek. “Oraindik ez dakigu aurrez aurre elkartuko garen edo zer kanalen bidez izango dugun harremana, baina eutsiko diogu hartu-emanari; adibidez, aldundiak konpromisoren baten inguruan zerbait argitaratu duela komentatzeko eta abar”.

Herritarren Batzarraren proposamenak

Gipuzkoako Herritarren Batzarrak urtarrilean aurkeztu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako nekazaritzaren eta klima aldaketaren bueltan prestatutako bederatzi gomendioak. Eider Mendoza Gobernantza foru diputatuak joan den astean jakinarazi zuen zer konpromiso hartuko dituzten gomendio horiei erantzuteko.

1. proposamena: landa eremuko jabeei konpentsazio ekonomiko bat itzultzea zerbitzu ekosistemikoetan dituzten ekarpen kopuruaren arabera, eta gizarteari balio horiek zabaltzea. Eider Mendoza Gobernantza foru diputatuaren erantzuna: “Zerbitzu ekosistemikoen inguruko azterketa bat egitea, hobari fiskalak aztertzeko lan dinamika bat martxan jartzea eta sentsibilizazio eta gizarte-inplikazio ekintzak areagotzea, oreka berdea izeneko errelatoarekin bat eginda”.

2. Baso gestioa sustatzea I+G bidez eta sektore estrategiko bihurtuz. “Ikerketa aplikatuko plan bat diseinatzea; izaera estrategikoa araudietara eta adierazpen publikoetara eramatea; baso jabeekin harremanak estutzea; eta BSTK fundazioaren bidez, zerbitzu ekosistemikoek jabeei ematen dizkieten onura ekonomikoak laburbiltzea”.

3. Lehen sektorea estrategiko bihurtzea, balorazio ekonomikotik ekosistemikora igaroz, tartean diren eragileen parte hartzearen bidez. “Gipuzkoan oreka berderako erreferentzia zentro bat bultzatzea, lehen sektorearen eta ingurumenaren arteko elkargune izango dena. Bi milioi euroko aurrekontua izango luke proiektuak, eta 2026. urtean garatuko litzateke”.

4. Gizartea haurtzarotik kontzientziatzea/sentsibilizatzea, nekazaritzaren eta klima aldaketaren munduari dagokionez. “Gure Lurra aldizkariarekin, izen bereko kongresuarekin, Parketxe Sarearen bidez egiten den dibulgazio lanarekin, Gabonetan egiten den komunikazio kanpainarekin eta foru erakundeak ETBrekin dituen konpromisoekin jarraitzea”.

5. Lehen sektorea gaztetzeko neurriak aztertzea. “Aplikazio informatiko eraginkor bat diseinatzea, lurzoruaren eskaria eta lurzoruaren eskaintza errazteko; aplikazio horren bidez lurzorua bilatzeko egungo lan sarea zabaltzea; Espainiako Gobernuarekin lankidetza indartzea, zuntz optikoa hedatzen jarraitzeko; Gaztenek Berri eta Trebatu laguntza programak indartzea; eta zerga onurak aztertzea eremu horretan eragiteko”.

6. ‘Zero kilometro’ ikuspegia sustatzea lehen ekoizpen fasetik. “Gipuzkoako Azoken Sarea indartzea; tokiko elikagaiak eskaintzea cateringetan eta aldundiak antolatutako beste ekitaldi batzuetan, eta kudeatzen dituen baliabide guztietan zero kilometroko produktuak sustatzeko neurriak hartzea (egoitzak, jantoki kolektiboak…)”.

7. Nekazaritza ekologiko estrategikoa sustatzea, lehiakortasuna, produktibitatea eta merkaturatzea handitzeko erakunde bat sortuz edo zabalduz. “Foru erakundeak balioa ematen die Ekolurra eta Biolur eragileen lanari, Herritarren Batzarrak egiten dituen proposameneko funtzioetako asko betetzen dituztelako”.

8. Tokiko produktua sustatzea, hobari fiskalak egokituz. “Tokiko produktuak sustatzeko hainbat aukera aztertzeko konpromisoa (hobariak, laguntza ekonomiko gehigarriak, kontsumitzaileentzako bonuak…)”.

9. Baserri misto profesionala sustatzea. “Proiektu pilotu bat martxan jartzea, bost urte iraungo duena. Urtero diru laguntzen deialdi bat egingo da, eta laguntzen deialdia enpresari eta baserritar mistoa izateko prest dagoen langileari zuzenduta egongo da. Helburua da urtean 30 langile ingurura iristea; hau da, bost urtean 150 baserritar misto profesionaletara iristea, eta urtero 1,8 milioi euro bideratuko dira honetara”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.