Albistea entzun

Mendiko eskia

Euskal selekzioa munduko txapelketan lehiatuko da asteburuan

Hiru euskal bikote ariko dira Italiako Adamello Ski Raid proban, mendiko eskiko distantzia luzeko munduko txapelketan. Eskiatzaileek 40 kilometroko eta 3.300 metro desnibeleko ibilbide gogorra gainditu beharko dute.

Jon Ander Aranburu, Nahia Quincoces (biak eskiei eusten), Rafa Urbizu, Igone Campos, Axier Alonso eta Igor Alzelai hautatzailea aurtengo Bandres-Karolo proban.
Jon Ander Aranburu, Nahia Quincoces (biak eskiei eusten), Rafa Urbizu, Igone Campos, Axier Alonso eta Igor Alzelai hautatzailea aurtengo Bandres-Karolo proban. EMF Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko martxoak 24

Hamabost herrialdetako 125 bikote –hau da, 250 eskiatzaile– lehiatuko dira bihar Italiako Adamello Ski Raid proban, distantzia luzeko bikotekako munduko txapelketan. Hala iragarri dute antolatzaileek beren webgunean. Eta 15 nazio horien artean izango da euskal selekzioa. Hain zuzen, hiru bikote hauek lehiatuko dira Trentinoko proba entzutetsuan: Nahia Quincoces eta Igone Campos, Axier Alonso eta Jon Ander Aranburu eta Rafael Urbizu eta Aitor Ajuria.

Sei eskiatzaileak eta Igor Alzelai hautatzailea ilusio handiz joan dira Italiara. Hala adierazi du Nahia Quincoces mendexarrak: «Adamello oso lasterketa berezia da, eta ilusio handia egiten dit euskal selekzioa ordezkatzeak. Munduko talderik indartsuenak egongo dira han, eta euskal koloreekin joatea ohore bat da!». Igone Campos bikotekideak ere nabarmendu du Munduko Txapelketan lehiatzea «amets bat» dela, eta, euskal selekzioa ordezkatuz bada, «ametsa are ederragoa da», haren hitzetan. Itxaropentsu agertu da eskiatzaile zumarragarra: «Lasterketa luzeetan nahiko ondo moldatzen gara Nahia eta biok, eta ea munduko neskarik onenen artean postu txukun bat lortzen dugun».

Axier Alonso oñatiarrak adierazi du beti izaten dela «motibagarria eta polita» Munduko Txapelketa batean parte hartzea, «baina gure koloreak janzteak beste indar bat emango digu, Ponte di Legnoko mendietan daukagun guztia eman eta ikurrina ikusarazteko». Jon Ander Aranburuk ere «ohore bat» dela nabarmendu du, eta «daukaten guztia» emango dutela agindu.

Rafa Urbizu eta Aitor Ajuria gazteak ere gogotsu dira biharko probarako. Urbizu donostiarrak lasterketaren gogortasuna eta edertasuna goraipatu ditu, eta ahal duen guztia emateko «irrikaz» dagoela gaineratu. Ajuria otxandiarrari ere «ilusio berezia» pizten dio Adamelloren pareko goi mailako lasterketa bat Urbizurekin jokatzeak: «gozatzen eta gure onena ematen saiatuko gara».

Taldekako eta distantzia luzeko munduko txapelketa da Adamello, mendiko eskiko urteko probarik garrantzitsuenetakoa. Azken egunotan elurra egin duenez, antolatzaileek erabaki dute proba klasiko honen jatorrizko ibilbidea ia osorik berreskuratzea. Horrenbestez, bikoteek 40 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 3.300 metroko goranzko desnibelarekin eta 3.660 metroko beheranzko desnibelarekin.

Lasterketa Tonale Pass igarobidetik abiatuko da, eta askapen puntua Ponte di Legno izango da. Ibilbidean igaroko dituzte Passo Paradiso eta Passo Presena lepoak, Mandrone aterpea, Punta Venerocolo gailurra (3.323 m) –lasterketako punturik altuena–, Passo Lobbiako igarobidea, Cresta Croce ederra Gerra Handiko bere kanoiarekin, Passo Tre Denti lepoa, Pisganino glaziarra eta azken jaitsiera Ponte de Legnora.

Munduko eskiatzailerik onenak elkartuko dira Adamellon. Italiarrak dira faborito nagusietakoak: Matteo Eydallin eta Robert Antonioli, Davide Magnini eta Nadir Maguet eta Federico Nicolini eta Alex Oberbacher, tiroldarra azken hori. Iazko edizioko irabazleak ere hor izango dira, William Bon Mardion eta Xavier Gachet frantziarrak, eta haiekin batera Matheo Jacquemod eta Samuel Equy herrikideak. Ez dira atzean geratuko William Boffelli eta Werner Marti bikote italiar-suitzarra eta Jakob Hermann eta Martin Anthamatten biko austriar-suitzarra ere.

Nesketan, Axelle Mollaret eta Emily Harrop frantziarrak dira faborito nagusiak, berriki Pierra Mentan txapeldun izandakoak. Garaipenerako lehia estutzen saiatuko dira bi bikote italiar hauek: Alba De Silvestro eta Giulia Murada, batetik, eta Giulia Compagnoni eta Ilaria Veronese, bestetik. Kontuan hartzekoak izango dira, orobat, Elena Nicolini eta Corinna Ghirardi italiarrak eta Lena eta Candice Bonnel ahizpa frantziarrak, eskarmentu handixeagoko bikoteak azken biak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. ©Carlos de Cos Azkona

Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Ramon Olasagasti

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

 ©UNAI UGARTEMENDIA

«Oso balorazio positiboa egin dut azken denboraldiaz»

Unai Ugartemendia

Mendiko eski denboraldiko ezusterik handienetako bat izan da Jon Ander Aranburu zumarragarra. Azken urteetan erakusten ari zen gorakada etengabearen ondorio izan dira aurtengo denboraldian lortutako emaitzak. Lau txapel irabazi ditu. Aurtengoari segida emateko gogo biziz ekingo dio datorren denboraldiari.
Everestek ohiko bideko ilarak. ©

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

Ramon Olasagasti

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten 600 igoera baino gehiago izan dira dagoeneko, 13 lagun hil dira, eta 4 desagertuta daude.

Xabi Ormazabal, eta, atzean, Cho Oyu; mendi horretan hil zen. ©XABIER ORMAZABALEN BILDUMA

Oroimenean daukate

Ramon Olasagasti

Xabier Ormazabal oroitzeko festa egingo dute gaur Urretxun, eta haren izena daraman bekaren aurtengo deialdia aurkeztuko dute. Horrez gain, Alex Areizagaren 'Itzalak' eta Alex Txikonen 'Manaslu neguan' filmak proiektatuko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.