Eduki babestua

Nafarroa Oinez-en oztopo proba apirilaren 22an izango da

Nafarroa Oinez-ek antolatutako oztopo proba Etxarri Aranatzen izango da, apirilaren 22an, 14:00etan.

Nafarroa Oinezek antolatutako oztopo proba Etxarri Aranatzen izango da. NAFARROA OINEZ
2023ko martxoaren 24a
14:18
Entzun

Oztopo proba gero eta jarraitzaile gehiago lortzen ari den lasterketa mota berezi bat da. Probaren erronka lasterka egin eta oztopoak gainditzea da, eta zailtasuna adinaren arabera egokituta dago. Adibidez, gazteentzat tirolina bat gainditzea edo ur bidoi baten azpitik pasatzea izan daitezke oztopoetako batzuk. Honetan, gazteek zortzi oztopo gainditu beharko dituzte, eta helduek hamabi.

Nafarroa Oinez-en oztopo proba Euskal Herri osoari irekita dago, eta bi modalitate izango ditu. Batetik, taldeka parte hartzeko herri proba egingo da, eta, bestetik, bakarka aritzeko proba lehiakorra.

Herri proban, adinaren arabera parte hartu ahal izango dute taldeek: batetik, lau kidez osatutako 10-14 urteko eta 15-18 urteko taldeek, eta, bestetik, 18 urte baino gehiagoko bost laguneko talde mistoek. Proba horietan, parte hartzaile guztien artean eginen den zozketa batean banatuko dira sariak.

Proba lehiakorra, aldiz, bakarka jokatuko da, eta 18 urtetik gorakoentzat bakarrik izango da. Banakako proba lehiakorrean, kronometrajearen arabera banatuko dira sariak.

Mota guztietako sariak egongo dira: egonaldia Elgorriaga bainuetxean, bi pertsonarentzako bazkaria Borda jatetxean, axuria, txerrikumea, haragi lote bat, irabiagailu bat, mikrouhin labe bat, daratulu bat…

Izena emateko epea zabalik dago, eta, parte hartu nahi izanez gero, Herrikrosa.eus webgunean eman behar da izena, apirilaren 3a baino lehen (3a barne). Hori egitean, taldearen izena eta parte hartzaile bakoitzaren kamiseta neurriak adierazi behar dira. Informazio gehiago jaso nahi izatekotan, antolakuntzaren helbide elektronikora idatz daiteke: [email protected].

Zerbitzuei dagokienez, lehen sorospenak, kontsigna eta dutxak egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.