Hizkuntza eskubideak jomugan

Euskararen aurkako erasoei aurre egiteko itun sozial eta politiko bat proposatu du Kontseiluak

Auzitegien «oldarraldiari» erantzuteko «biderik eraginkorrena» dela esan du Idurre Eskisabelek, eta aurreratu du elkarrizketak hasiko dituztela askotariko eragile sozial eta politikoekin.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idakari nagusia eta Aizia Iribarren Kontseiluko lehendakaria eta AEK-ko koordinatzailea, gaur. RAUL BOGAJO / FOKU
iraia vieira gil
2023ko martxoaren 24a
14:25
Entzun

Euskalgintzaren Kontseilua «kezkatuta» dago euskararen biziberritzeari azkenaldian auzitegietatik egin dizkioten erasoekin: Irunen (Gipuzkoa) udaltzain izateko oposizioak baliogabetzea, Barakaldon (Bizkaia) azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen kontrako ebazpena, Nafarroan izandako askotariko auziak eta Uliazpi fundazioaren lan deialdia baliogabetzea, besteak beste. Azken horrek bultzatu ditu, hain zuzen, neurriak areagotzera. «Ez da zerbait berria. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan denbora luzez izan den arazo bat da, baina orain are gehiago hazten ari da», azaldu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.

Era berean, salatu du epaileak bere gain hartzen ari direla botere legegileari eta herritarren borondateari dagokien hizkuntza politika, euskara eskakizunak «lan eta hizkuntza eskubideak kontrajartzen» dituelakoan. Kontrara, euskara biziberritzearen aurkako sententziek «milaka herritarren eskubideak urratzen» dituztela adierazi du Eskisabelek, eta, gainera, administrazioan euskaraz hartuak izateko aukera ukatzen dietela. «Urratze horrek eragin handia du milaka herritar horien eguneroko bizimodu arlo askotan, bizipena bera nabarmenki okertuz».

Egoerari aurre egiteko, beraz, Kontseiluak nahi du «oldarraldiari» erantzuteko «itun politiko eta sozial» batean sakontzea, urte hasieran aurreratu zuten protokoloko tresnak herritarren esku jarri ahal izateko. Uste dute hori dela erasoei aurre egiteko «biderik egokiena eta eraginkorrena», itunak hizkuntza politika «sendoak» jasoko baititu.

Elkarlanerako bidean

Ituna ez dute bakarrik garatuko. Eskisabelek jakinarazi duenez, «elkarrizketa sorta bat» hasiko dute «askotariko eragile sozial eta politikoekin». Hala, zenbait sindikaturekin eta alderdi politikorekin elkarlanean hasteko lehenengo urratsak egin dituzte, eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean hasteko bidea ere irekitzen hasi dira. «Lehen harremanak izan ditugu Jaurlaritzarekin, haiek ere kezkak dituztelako eta lanean hasteko ikerketak egin dituztelako». Horrez gain, bestelako eragile sozialen garrantzia ere aipatu du. «Horretaz harago, Batuz Aldatu ekimena landu nahi dugu, uste dugulako ez dela bakarrik euskaltzaleei eragiten dien arazoa, baizik eta gizarteari eragiten dion arazoa dela».

Azaldu dutenez, euskararen kontrako ebazpenek gizarte osoko «bizigarritasuna, berdintasuna, justizia, kohesio soziala eta, funtsean, bizikidetza» jartzen dituzte zalantzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.