Sakabanaketaren amaiera

Eusko Jaurlaritzak adierazi du elkarbizitzarako «behar-beharrezkoa» zela sakabanaketa amaitzea

EAJko Andoni Ortuzarrek «presoen eta euren inguru sozial eta politikoari» eskatu die «eragindako mina» onartzeko

Bingen Zupiria, artxibo irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 25a
15:42
Entzun

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi du euskal presoen hurbiltzea urte askotako lanaren fruitua dela, eta EAJ eta PSEren gobernu hitzarmenetan gaia «beti» egon dela jasota. Atzo iragarri zuten Espainiako Espetxe Erakundeek azken bost euskal presoen hurbilketa. Zupiriaren arabera, Jaurlaritzak eta lehendakariak «ahalegin etengabea» egin eta egingo dute elkarbizitzan «aurrerapausoak» emateko. «Bide horretan, behar-beharrezkoa zen sakabanaketa amaitzea».

Sakabanaketa politikaren amaiera «kapitulu baten itxiera» dela deritzo Zupiriak: «Euskal presoen sakabanaketa amaitzea eta haiek gure inguruko kartzeletara hurbiltzea bortizkeriaren bukaeraren ondorio logikoa da».

Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak azaldu du alderdiak begi onez hartu duela sakabanaketaren amaiera, «dagoeneko ez zeukalako zentzurik», baina gehitu du oraindik «hainbat pauso egiteko daudela». «Presoek eta euren inguru sozial eta politikoak biktimei eta gizarteari onartu behar diete bortizkeriak eragindako mina bidegabea izan zela», adierazi du.

Ortuzarren esanetan, egin beharreko aitorpen hori «urrats oso garrantzitsu bat» izango litzateke «euskal herritarren arteko bizikidetzaren bidean», baita «Euskadi eta gainerako munduaren arteko bizikidetzarentzat». Iruña Okan egin ditu adierazpenok, mitin batean. «Gutxika-gutxika terrorismoaren eta bortizkeriaren iragan beltza zarratzen ari gara», esan du Ortuzarrek.

«Urruntze politiken defendatzaile sutsua»

Tonu berdintsuan egin du berba PSE-EEko legebiltzarkide Ekain Ricok, eta ezker abertzaleari dei egin dio «arrazoi bako mina onartzeko». Ricoren arabera, Euskal Herriratzeak «espetxe politika adimentsu eta guztiz legalaren» ondorio dira, baina esan du bera «urruntze politiken defendatzaile sutsua» dela «indarrean egon behar ziren momentuan», «ETA kartzelan berrantolatu» ez zedin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.