HAUR ESKOLAK

Ratioen jaitsiera aldarrikatu du 0-3 Plataformak Iruñean

Kalejira egin dute Hezkuntza Departamentutik abiatuta, eta «duintasuna» eskatu dute Nafarroako haur eskola publikoetako haurrentzat

jarraia226029.jpg
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 25a
15:47
Entzun

Kalera atera dira Nafarroako haur eskoletako hezitzaileak berriz ere. Iragan ikasturtean, greba mugagabea egin zuten, «lan baldintza eskasak salatu eta soldata igoera aldarrikatzeko». Mobilizazio horrekin lortutako hobekuntzak «garrantzia handikoak» izan zirela adierazi du 0-3 Plataformak, baina gaineratu du 2022ko irailean sinatutako akordioan jasotako puntuetako bat ez duela bete Nafarroako Gobernuak: ratioen jaitsiera. «Itunean aipatzen zen ratioak murrizten joateko borondatea eta, zehazki, datozen urteetan Europako mailara hurbilduko ginela». Hezitzaileen plataformaren aburuz, baina, aurten ez da halakorik gertatu, eta kalejira egin dute gaur goizean Iruñean, Hezkuntza Departamentutik abiatuta, ratioen jaitsiera aldarrikatzeko.

«Nafarroako haur eskoletako langileen baldintzek hobera egin dute, eta atzean utzi ditugu urteetan sufritutako soldata umiliagarriak. Hori txalotzen dugun arren, salatu behar dugu gaur egun 0-3 eskoletako ikasgeletan diren haurrek sufritzen dituzten ratio arriskutsu, gehiegizko eta makurrak», esan dute plataformako kideek, protestaren bukaeran.

Gaineratu dutenez, egun indarrean diren ratioen arabera, Nafarroako haur eskoletan haur bat dago 1,75 metro koadroko. Hori dela eta, «baldintza duinak» eskatu dituzte ikasleentzat, «haurren ongizatea bermatuko duten haur eskolak, osasuntsu eta duin hazteko eta bizitzeko aukera eskainiko dietenak».

Kalejiran, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten talde politikoen egoitzen aurretik igaro dira hezitzaileak, eta idazki bana entregatu diete. «Gogorarazi nahi diegu sinatutakoa betetzeko erantzukizun politikoa dutela, edo, gutxienez, 0-3 zikloko haurren ongizateaz arduratzeko». 0-3 Plataformak iragarri du protesta gehiago antolatuko dituela datozen asteetan, ratioen jaitsiera lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.