Albistea entzun

Mendiko eskia

Quincoces eta Campos bederatzigarren Munduko Txapelketan

Italiako Adamello Ski Raid proban, distantziako luzeko munduko proba nagusian, euskal selekzioarekin lehiatu dira biak. Axier Alonso eta Jon Ander Aranburu ere aurrean ibili dira, 29. Rafa Urbizuk eta Aitor Ajuriak ezin izan dute bukatu. Partaide bat hil da, bihotzekoak jota.

Nahia Quincoces, Igone Campos, Jon Ander Aranburu, Igor Alzelai hautatzailea, Aitor Ajuria, Rafa Urbizu eta Axier Alonso, helmugan.
Nahia Quincoces, Igone Campos, Jon Ander Aranburu, Igor Alzelai hautatzailea, Aitor Ajuria, Rafa Urbizu eta Axier Alonso, helmugan. Igor Alzelai / EMF Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko martxoak 27 09:21

Edozein dela ere kirola, gutxitan izaten du euskal selekzioak nazioartean lehiaketa ofizial batean parte hartzeko aukera, eta asteburu honetan izan da bakan horietako bat: mendiko eskiko euskal selekzioko sei kide Adamello Ski Raid proban lehiatu ziren larunbatean, Italiako Trentino eskualdean, distantzia luzeko Munduko Txapelketan. Guztira hamazazpi naziotako 260 eskiatzaile aritu ziren Adamellon lehian; haien artean, euskal selekzioko kideak.

Goizeko 6:00etan abiatu zen proba, ilunpean. Bikoteek ibilbide oso gogorra zuten aurretik: 30 kilometroko distantzia, 3.115 metroko goranzko desnibela eta 3.455 metroko beheranzko desnibela, lau igoera oso luze, beste horrenbeste jaitsiera eta oinezko bi zati, horietako bat Adamello ertzari jarraituta. «Eguraldia aldakorra izan zuten. 3.000 metrotan tarteka elur pixka bat egiten zuen, gero eguzkia ateratzen zuenean hego aurpegietan bero egiten zuen, eta jaitsiera batzuk arriskutsu zeuden, elur faltagatik. Leku ospeletan, berriz, haizearekin tenperatura -7 gradura jaisten zen… Denetarik izan zuten», jakinarazi du Igor Alzelai euskal selekzioaren hautatzaileak.

Nahia Quincoces mendexarra eta Igone Campos zumarragarra hamar aurrenekoen artean sartzeko helburuarekin joan ziren Italiara, eta lortu dute. Bederatzigarren izan dira azkenean. «Nahia Laponian ibili da aurreko astean, eta nik uste nekea antzeman duela Adamellon. Bizitasun pixka baten faltan sumatu du bere burua, baina, hala ere, Igone eta biak bikain moldatzen dira arnas luzeko lasterketetan, eta eutsi eta eutsi, sekulako proba egin dute», azpimarratu du Alzelaik.

Nahia Quincoces eta Igone Campos, probako une batean. Igor Alzelai / EMF

Mutiletan ere oso lasterketa ona osatu dute Axier Alonso oñatiarrak eta Jon Ander Aranburu zumarragarrak. Munduko oilar guztien artean 29. izan dira azkenean. «Adamellon munduko onenak zeuden. Gainera, italiarrak, frantziarrak, suitzarrak... ohituta daude Alpeetako baldintzetan eskiatzen. Irteera 1.500 metrotik egiten da, eta, lehen igoeraren ondoren, 3.000 metrotan jartzen zara, eta lasterketaren zati handi bat altuera horretan egiten da. Ondorioz, ohituta egon ezean, altueran higatuz doa gorputza», jakinarazi du Alzelaik. «Jaitsieretan ere, alde handia dago. Azken jaitsierak 1.700 metroko desnibela zuen, nahiz eta zati bat oinez izan elur faltagatik, eta guk Pirinioetan ez daukagu horrelako jaitsiera luzerik. Hortaz, zaila daukagu gorputza eta hankak horrelako baldintza eta probetarako prestatzeko». Zailtasunak zailtasun, emaitzarekin gustura dira Alzelai eta euskal selekzioko kideak.

Bikote gazteak, Rafa Urbizu donostiarrak eta Aitor Ajuria otxandiarrak, berriz, ezin izan dute proba bukatu. Horrelako lasterketa luzeetan esperientzia falta, altuerak sortzen duen higadura... «Nahiz eta inolako presiorik ez izan, agian azkartxo hasi ziren, eta bete egin ziren. 3.000 metrotik gorako zati hori gogorra egin zitzaien. Pena izan da, hiru bikoteek bukatu izan balute, selekzioaren jarduna eta bidaia erabat biribila izango baitzen». Arantzatxo horrekin itzuli da Alzelai. «Gainerakoan, ohore bat izan da euskal selekzioarekin, talde honekin, Munduko Txapelketa batera joan ahal izatea. Pozik gatoz lortutako emaitzarekin, datorren urterako lanean jarraitzeko gogoz, batez ere gazteekin eta neskekin, animatu daitezen kirol honetara hurbiltzera».

Partaide baten heriotza, bihotzekoak jota

Mutiletan, Matteo Eydallin eta Robert Antonioli italiarrak izan dira munduko txapeldun. Eydallin hirugarrenez eta Antonioli lehenbizikoz. Hasiera oso estuaren ondoren, bi italiarrak Cresta Croceko igoeran zertxobait aurreratu ziren, eta gai izan ziren helmugaraino aldeari eusteko. Bi bikote frantziar sailkatu ziren haien atzetik: Matheo Jacquemod eta Samuel Equy bigarren, eta William Bon Mardion eta Xavier Gachet hirugarren.

Nesketan, aurreikuspenak bete ziren, eta Axelle Mollaret eta Emily Harrop frantziarrak goitik behera nagusitu ziren hasiera-hasieratik. Bigarren, sei minutu pasatxora, Lena eta Candice Bonnel ahizpak helmugaratu ziren, frantziarrak hauek ere, eta hirugarren, Giulia Compagnoni eta Ilaria Veronese italiarrak.

Alabaina, irabazleen poza, lasterketa bukatzea lortu zuten guztien asebetea eta antolatzaileen aldartea erabat goibeldu ziren lehiakideetako bat bihotzekoak jota hil zela jakin zenean. Omar Ferrero, 42 urtekoa, Turingo probintziako San Secondo di Pinerolo herrikoa, Ivan Monnet bikotekidearekin ari zen lehiatzen Adamellon, bihotzekoa izan zuenean. Laguna bera saiatu zen hasiera batean bihotz-biriketako bizkortzea egiten, ondoren mendiko erreskateko osasun zerbitzuak ere bai, baina alferrik izan zen.

SAILKAPENAK
Emakumezkoak

1.- Axelle Gachet-Mollaret - Emily Harrop 04:57:55.0
2.- Léna Bonnel - Candice Bonnel +00:09:54.0
3.- Giulia Compagnoni- Ilaria Veronese +00:16:43.0
9.- Nahia Quincoces Altuna - Igone Campos Odriozola +01:37:25.0

Gizonezkoak
1.-Robert Antonioli - Matteo Eydallin 04:04:24.0
2.- Matheo Jacquemod - Samuel Equy +00:02:49.0
3.- William Bon Mardion - Xavier Gachet +00:07:02.0
29.- Axier Alonso – Jon Ander Aranburu +01:27:01.0

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

EH Mendi Erronka probako emakumezkoen podiuma. ©EMF

Azkorbebeitia eta Iñarra garaile EH Mendi Erronkan

Ramon Olasagasti

Biek ala biek Leitzako ultraren (67 km /7.200 m+) errekorrak ondu dituzte. Irati Trail proban, berriz, Ainara Alcuaz eta Beñat Katarain izan dira azkarrenak. Andorrako Travessa d’Encamp ultran (84 km) Goar Lopetegi eta Jone Urkizu nagusitu dira.

Mikel Linazisoro finaleko blokeetako batean. ©Javi Pec / Fedme

Mikel Linazisoro, «oso pozik» Espainiako Kopako garaipenarekin

Ramon Olasagasti

Eskalatzaile bergararrak irabazi du blokeko Espainiako Kopa, hiru probak lehiatu ondoren. Hamalau urtez azpikoetan Eñaut Uson izan da txapeldun, eta 18 urtez azpikoetan bigarren geratu da Intza Elizalde. Linazisoro zailtasuneko Munduko Kopari begira jarri da orain.

 ©BERRIA

Nafarroan bideak ixten ari dira

Ramon Olasagasti

Nafarroako Ingurumen Departamentuak zenbait eskalada eremutako ekipamenduak kentzeko eta bideak ixteko ebazpena atera du. Azken egunotan, gainera, beste eremu batzuetako bideak ere itxi ditu Madalenaitzen eta Meanon. Eskalatzaileak «oso kezkatuta eta haserre» daude.
'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. ©Carlos de Cos Azkona

Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Ramon Olasagasti

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.