Pilota

Txaloka jaso dute Xabi Tolosa Anoetan, Binakako finalaren atarian geratu ostean

Binakako Txapelketako finala gertu zuten Altuna III.ak eta Tolosak, baina finalaurrekoan zuntz haustura bat izan du Anoetakoak. Elkartasuna adierazi diote herrikideek, partidaren ostean.

Hainbat Anoetarrek jaso zuen Xabi Tolosa, atzo, txalo artean. ASPE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 27a
09:05
Entzun 00:00:0000:00:00

«Xabi! Xabi!». Horrela jaso dute hainbat anoetarrek Xabi Tolosa, Binakako Txapelketako finaletik oso gertu geratu ostean. Altuna III.a zuen bikote. 19-15 irabazten ari ziren Elordi eta Zabaletaren aurka. Partida erdian, zuntz haustura bat izan zuen Tolosak eskuineko hankan. Aldagelan eman zituen minutu batzuk, eta ia ezin zuen ibili. Hala, erabaki zuen jokatzen ez jarraitzea. Altunak bakarrik joka zezakeen, baina «egoista» iruditu zitzaion partidarekin jarraitzea. 1.800 lagun ziren Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta txalo zaparrada bat egin zioten Tolosari aldageletatik bueltan zela.

Bizkaia pilotalekuan ez ezik, etxean ere bai: partida amaitu ostean, Anoetara itzuli zen Tolosa. Errepidearen bueltan bildu ziren hainbat herritar, eta harrera paregabea egin zioten pilotariari, txalo eta oihu artean. Une horren bideoa igo du Aspek sare sozialetara: «Zaleek ez dute bakarrik utziko Xabi Tolosa zoritxarreko une hauetan».

Lesioa «akutua» dela jakinarazi du Aspek. Erresonantzia egingo diote pilotariari asteartean, eta «eboluzioaren zain» geratuko dira. Horiek horrela, Elordi eta Zabaleta sailkatu dira finalerako; datorren igandean lehiatuko dira Laso eta Imazen kontra, Nafarroa Arenan. Finalera helduta, hunkituta agertu ziren Elordi eta Zabaleta partida bukatu eta geroko adierazpenak egitean; Tolosak jokatutako partida ona nabarmendu zuten. Zabaletak asteak daramatza arazo fisikoei aurre egiten, eta aitortu zuen finalera begira ez dela sasoirik onenean. Elordik, bestalde, esan zuen Binakako Txapelketako txapela irabaziz gero Tolosari eskainiko liokeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.