Zinema

'Simpsondarrak' filma ikusgai dago jada euskarara bikoiztuta

Ander Torregarai bikoizketa ikasleak 'Euskal encodings' webgunera igo du. Berak egin ditu ahots guztiak.

Ander Torregaraik filmaren euskarazko bertsioa sustatzeko egin duen bideoaren fotograma bat. BERRIA
Edu Lartzanguren - Paulo Ostolaza
2023ko martxoaren 27a
14:26
Entzun

«Irudikatu zoro batek munduko pelikularik onena osorik bikoiztu eta euskaraz ikusteko aukera ematen dizula. Ez al da plan bikaina?». Ander Torregarai bikoizketa ikaslea da «zoro» hori, eta Simpsondarrak: filma, berriz, «munduko pelikularik onena». Euskarazko bertsioa ikusgai dago jada Euskal encodings webgunean, eta ikus-entzunezkoa sustatzeko argitaratu duen bideoan egin du galdera hori.

17 urteko donostiarrak duela pare bat aste eman zuen egiten ari zenaren berri, eta egitasmoak ikusmina eta miresmena sortu zituen hainbat zinemazaleren artean. Izan ere, hark egin ditu pertsonaia guztien ahotsak. Bikoizketa argitaratu duenean ere asko izan dira eskerrak eman dizkioten Twitterreko erabiltzaileak, baita zoriondu dutenak ere.

Izan da pelikulako une bat nabarmendu duenik ere. Itzulpena ere Torregaraik berak egin behar izan du, gaztelerazko azpidatzietan oinarrituta. BERRIAri azaldu zizkion izandako zailtasunak: «Badaude itzuli ezin izan ditudan hitz joko asko. Baina, ezin bada, beste txiste bat sartzen saiatzen naiz». Horietako bat da @IEJardunaldiak erabiltzaileak zabaldutakoa: «Hatu anasa meme itzela da?», galdetzen du han Homerrek.

Itzulpenak, berak

Torregarairen arabera, bertsio originalean ere sei aktoreren artean egin zituzten ahots guztiak, eta, horren ondorioz, «karikatura» modukoak dira. «Beraz, imitatzea nahiko erraza da», adierazi zuen. «Baina egia da ez ditudala erregistro asko, eta ahots batzuk antzekoak dira».

Marge simpsondarren amaren ahotsa kostatu zaio gehien, hura imitatzen saiatzean «kibo modukoak» ateratzen zitzaizkiolako, goiko notak jo nahian huts egiten duten abeslariei bezala, alegia. «Beraz, askotan errepikatu behar izan dut, ondo geratu arte».

Filmak 87 minutu irauten du, eta osorik deskargatu daiteke Euskal encodings-en bidez. Euskarazko ikus-entzunezko asko bildu dituzte zaleek han azken urteotan, eta, besteak beste, marrazki bizidunak jarri dituzte Youtuben.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.