Harri jasotzea

Iñaki Perurena: «Gaizki pasatzen nuen Gorputz Hezkuntza ikasgaian»

Nafarroako Gobernuak Karlos III.aren gurutzea eman dio harri jasotzaileari, eta hark hitzaldi hunkigarri bat eman du bere ibilbideari eta Nafarroak harriarekin duen harremanari buruz.

Maria Txibite lehendakaria Iñaki Perurenari gurutzea ematen, atzo, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 28a
13:12
Entzun

Iñaki Perurena harri jasotzaile, bertsolari, eskultore eta aktore ibilitakoa da, eta, batez ere, harriari lotuta ibilbide luze eta bikaina osatu du. Hori aitortu dio berriki Nafarroako Gobernuak, herrialdeko pertsona nabarmenduenei egiten dien aitortzarik handiena eginez: Karlos III.aren gurutzea eman dio. Perurena hizlari bikaina ere bada, ordea, eta hori erakutsi du ordezkari politikoen aurrean, gurutzea jaso duen ekitaldian. Hitzaldian bere gazte garaiak izan ditu gogoan, eta harriari esker egin duen bidea nabarmendu du gero: «Izan dudan bidelagunik onena da».

Perurenak, kontatu duenez, duela hirurogei urte inguru egin zituen lehen bidaiak Iruñera, batxilergoko azterketak egitera, Leitzako (Nafarroa) beste gazte batzuekin batera. Entzuleen artean harridura eta barreak eragin ditu Perurenak hasi eta gutxira egindako aitortzak: «Ikasgaietako batean benetan gaizki pasatzen nuen: Gorputz Hezkuntzan». Zaldiaren gainetik salto egiteak beldurra ematen zion. «Errukiz», ordea, gainditzen omen zizkioten Gorputz Hezkuntza eta Erlijioa ikasgaiak.

Iruñeko Gurutz plazako liburu denda batean ikusi zuen liburu batek aldatu zion kirolarekiko zuen ikuspegia: «Arreta eman zidan; herrian ez zegoen liburu dendarik. Erakusleihora gerturatu nintzen, eta liburu txiki bat zegoen han: Kultura fisikoaren gidaliburua, Bruguera argitaletxea, Enrique Revilla, 40 pezeta (0,24 euro)». Han ikusi zuen zamarekin entrenatu zezakeela: «Esan nuen: hau da nirea». Orduan hasi zen beste kirol batzuetako jakintzak harri jasotzera moldatzen, eta fruituak eman zizkion bide horrek.

Nafarroa eta harria

Urtebete geroago, beste liburu bat erosi zuen liburu denda berean: Nafarroako Pirinioak. Garai hartan «ia abentura bat zen» Leitzatik Iruñerainoko bidea, eta Pirinioak urrun ikusten zituen Perurenak. Sekula joaterik izango ez zuelakoan edo, haiek ikusteko erosi zuen liburua. «Gero, ordea, Nafarroa ia osoa erakutsi didan bidelagun bat izan dut: nire harria. Harriarekin ezagutu dut Nafarroa, Baskoien lurraldea. Gozatu dut, eta zoragarria izan da».

Pixkanaka, Nafarroaz geroz eta gauza gehiago ezagutu dituela azaldu du. «Gizon izugarri baten historia ezagutzeko zortea izan nuen, Petri mariskalarena (Petri II.a, Nafarroako mariskala); baserrian figura bat eskaini nion. Ondoren beste mariskal bat ezagutzeko zortea izan dut, gertuagokoa: Joxe Ulibarrena eskultorea. Hark lagundu zidan Nafarroa ulertzen».

Orain, berriz, Nafarroa «duen toponimia aberatsaren bidez» ulertzen saiatzen da. «Leitzatik Iruñera gatozela bi arrokaren artetik igarotzen gara, Biaizpetik. Biaizpek bi arroken azpian esan nahi du. Errepide zaharretik jarraituta, Aizkorbera heltzen gara; Aizkorbek harri handiaren azpian esan nahi du. Aurrera jarraituta, Sarasate topatuko dugu, Sarasara bidean dagoena, eta, euskaraz, Sarasatek esan nahi du Sarasarako bidea. Oskiako harria inguratuz Iruñera joaten saiatuko bagina, igarobidearen ondoan, Atondo izena duen herrixka bat dago. Igarobidearen ondoan esan nahi du horrek. Ikus ezazue zer esaten digun toponimiak euskaraz ondo hitz egiten badugu».

Amaitzeko, pozarren esan du bere bizitza eta azken urteak «nolabaiteko intentsitatearekin bizitzeko zortea» duela, baserrian, eta nahi bat duela: «Egiten ari naizenak irautea, etorkizuneko belaunaldiek topagune bat izan dezaten han».

Perurenaz gain, Karlos III.aren gurutzea jaso zuten atzo Vicente Madoz medikuak, Oihan Iturbide Maria Aranzadi fundazioko zuzendariak, Alfredo Sanzol antzerki zuzendariak, Antonio Elava artistak, Patxuka de Miguel emaginak eta Judith Torrea kazetariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.