Pentsioak

ELAk alderdi politikoei dei egin die pentsioen erreformaren aurka egin dezaten

ERCren babesa lortuta, erreforma onartzeko sostengu nahikoa lortu du Espainiako Gobernuak. Horren aurka batera mobilizatuko dira ELA, Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindical sindikatuak.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, gaur goizean egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 28a
15:07
Entzun

Espainiako Ministroen Kontseiluak martxoaren 16an onartu zuen pentsioen erreforma., eta gaur bertan lortu du erreforma aurrera eramateko sostengu nahikoa. ERCk adierazi du erreforma babestuko duela, akordio bat lortu duelako gobernuarekin seme-alabak zaintzeko lanaldia murrizten duten emakumeek, murrizketa tarte osoan, murrizketaren aurretik zuten lanaldiaren %100 kotizatzeko. PDeCat, Mas Pais eta Compromis alderdiek ere erreforma babestuko dute, eta EAJk eta EH Bilduk ere adierazi dute ez dutela trabatuko. Aurkako botoa iragarri dute eskuineko alderdiek, baina ez dira nahikoak izango dekretua onartzea eragozteko.

Hala ere, erreformaren aurka egin dute ELA, Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindical sindikatuek, eta alderdi politikoei dei egin diete erreformaren aurka egin dezaten. Bestalde, batera mobilizatuko dira. Bihar mobilizatuko dira Galizian, eta etzi Katalunian. Euskal Herrian, berriz, apirilaren 4an eta 20an egingo dute protesta.

Sindikatuen helburuetako bat da «egia» azalaraztea, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren arabera. «Erreformari buruzko diskurtso positibo bat zabaldu dute, baina guk argi eta garbi esan nahi dugu erreformak murrizketak dakartzala». Besteak beste, zehaztu du 50 urtetik beherako langileen pentsioak murriztuko dituztela, azken 29 urteak hartuko baitira kontuan pentsioen kalkulua egiteko, azken 25 urteak aintzat hartu ordez. Bestalde, salatu du «bideak ireki» dituztela, etorkizunean murrizketa gehiago egon daitezen: «Airef erakunde neoliberalari rol garrantzitsuagoa emango diote, eta ahalmena izango du hiru urtean behin pentsioen egoera aztertzeko eta neurriak proposatzeko».

Pentsio «duinak» exijitu ditu Paulo Carril idazkari nagusi galiziarrak, eta kritikatu du 2011ko erreformak ezarritako murrizketak ez dituztela bertan behera utziko. «Zapateroren gobernuak onartu zuen erreforma, UGT, CCOO eta patronalaren babesarekin», gogoratu du. Urte horretan, erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratu zuten, eta pentsioak kalkulatzeko urteak 15 urtetik 25era igo zituzten. «Orain, erretiro adina bere horretan utzi dute, eta pentsioaren kalkulurako urteak 15era jaitsi ez ezik, handitu ere egin dituzte». Horren aurrean, hiru sindikatuek aldarrikatu dute pentsioa kalkulatzeko 15 urteko epea ezartzea eta erretiroa 65 urtera jaistea.

Genero arrakala ez da desagertuko

Pentsioak kalkulatzeko urteak 25 urtetik 29ra areagotzeak eragin handiagoa izango du emakumeengan, gizonengan baino. Hala adierazi du Carrilek: «Nahiz eta emakumeen eta gizonen pentsioen artean dagoen aldea murrizteko neurriak ezarriko dituzten, ez dute ia eraginik izango».

Sindikatuen beste aldarrikapen bat 1.260 euroko gutxieneko pentsioa da: batez besteko soldataren %60 inguru, Europako Karta Sozialak gomendatzen duen moduan. Izan ere, Carrilek adierazi du gutxieneko pentsioak pobreziaren azpitik daudela oraindik, eta, nahiz eta lau urte barru mailakako hobekuntza egongo den, ez dela antzemango. «1.200 euroren erreferentzia jarri dute, baina, 2027rako ezarri dituzten irizpideen arabera, gutxieneko pentsio asko 900 eurotik behera egongo dira».

Sergi Perello Intersindicaleko idazkari nagusiak Europako Batzordea jarri du jomugan. «Erreforma Europako Batasunaren gobernu organoaren estortsiopean egin dute». Haren arabera, batzordeak erreformaren onarpena jarri dio baldintza gisa Espainiari, Next Generation funtsen hirugarren ordain bat jaso dezan: 9.000 milioi euro. Are gehiago, Perellok esan du erreformak sistema publikoaren pribatizazioa areagotuko duela. «Sektoreko pentsioak deitu dituzte, baina, funtsean, pentsio plan pribatuak dira, negoziazio kolektiboaren bidez sustatuak eta finantza erakundeek edo aseguru etxeek kudeatuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.