Indarkeria matxista

Bilbon gizon bat atxilotu dute emakume bat bortxatzea egotzita

Atxilotutakoa 23 urteko gizon bat da. Poliziaren arabera, Sorian (Espainia) egin zuen sexu erasoa.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2023ko martxoaren 29a
11:46
Entzun

Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, 23 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilboko Otxarkoaga auzoan, sexu eraso bat egitea egotzita. Gizonak aurrekariak ditu antzeko delituengatik.

Poliziaren esanetan, erasoa Sorian (Espainia) egin zuen. Emakume batek poliziei esan zien gizon batek bortxatu egin zuela. Andreak emandako informazioaren bidez ondorioztatu zuten Bilboko herritar bat izan zitekeela erasotzailea. Hori jakinda, hilaren 23an atxilotu zuten.

Ez da azken egunetako atxilotu bakarra. Ertzaintzak jakinarazi du gaur goizaldean Bilbon bi pertsona atxilotu dituela legearen kontra emakume bat etxean atxikitzea egotzita. Poliziaren esanetan, bi atxilotuak «prostituzioan jarduten zen etxe baten arduradunak» ziren. Epailearen esku daude orain.

Biktimak Bilboko Udaltzaingoari kontatu zion bizitakoa. Haren arabera, astelehenean adostu zuen «etxean lan egiteko gela bat alokatzea eta irabaziak bertan bizi zirenekin partekatzea». «Baimendutako zerbitzu batzuk egin zituenean, atzo goizean, emakumea etxetik irteten saiatu zen janaria erosteko asmoz, baina ezin izan zen irten, atea giltzaz itxita baitzegoen», azaldu du Ertzaintzak. Orduan, irteten uzteko «behin eta berriz» eskatu zien, baina bikoteak berean jarraitu zuen, eta ez zioten ateratzen utzi. Hortaz, emakumeak udaltzanei deitu zien.

Udaltzaingoa iritsi zenean atera zen emakumea, eta gertatutakoaren berri eman zien. Horren ostean, Bilboko Udaltzaingoak Ertzaintzari jakinarazi zion gertatutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.