Lan merkatua

Adinkeria, susmoez harago doan bazterketa

Eusko Jaurlaritzak agindutako bi ikerketen arabera, enpresek adinaren araberako bazterketa egiten dute langileak kontratatzean

Sara de la Rica katedraduna, Mercedes Oleaga Orkestrako ikerlaria eta Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko martxoaren 29a
15:53
Entzun

«Adinkeria badela ondorioztatu dugu. Lan merkatuan sexuaren eta arrazaren araberako bazterketa bazela bagenekien, baina orain ikusi dugu adina ere langile bat edo beste kontratatzeko arrazoi dela». Ondorio hori Sara de la Ricarena da, EHUko Ekonomia katedradun eta ISEAK fundazioko zuzendariarena. Eusko Jaurlaritzak eskaturiko ikerketa baten emaitza da.

Lan eta Enplegu Sailak neurtu nahi izan du zer eragin duen langabeen adinak lana bilatzeko orduan. Detektatua du langabeziaren kronifikazioa lan merkatuko arazo handietako bat dela, epe luzeko langabeen bi heren 45 urtetik gorakoak baitira. Arazoari nola aurre egin erabaki aurretik, ikerketa bana eskatu die ISEAK fundazioari eta Orkestra institutuari. Azken hori Deusto fundazioaren barnean da.

ISEAKek curriculum vitae faltsuetan oinarrituriko ikerketa bat argitaratu du. Hain zuzen, 35 urteko langile baten eta 49 urteko beste baten curriculumak bidali ditu bi lanpostutara —enpresen administrazioa (kualifikatua) eta bezeroarentzako arreta—. Bien prestakuntza antzekoa da, eta alde bakarra hautagai zaharragoaren eskarmentu handiagoa da. Infojobs webgunearen bitartez egin dute ikerketa, eta Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Madrilgo eta Bartzelonako lan eskaintzei erantzun diete.

Elkarrizketa eskaeren erdiak

«49 urteko hautagaiek elkarrizketa egiteko deien erdiak jaso zituzten», laburbildu du De la Ricak. Guztira 1.400 curriculum bidali zituzten, eta EAEn 35 urtekoen %3k eta 49 urtekoen %2k jaso zuten elkarrizketa deia. Horiek lagin oso txikiak dira. Madrilgo eta Bartzelonako datuak argigarriagoak dira. Madrilen, hautagai gazteagoen eskaeren %10ek jaso zuten erantzuna, eta zaharragoen %5ek. Bartzelonan %17 eta %8 zen proportzioa.

Formakuntza mailaren araberako azterketa eginez gero, adinkeria handiagoa da kualifikazio handiko lan deialdian. Bezero arretarako deialdian, hautagai gazteen %5 deitu zituzten elkarrizketara, eta zaharren %3. Lanpostu kualifikatuan, berriz, gazteen %18k jaso zuten erantzuna, eta zaharren %8. «49 urteko langile batek 26 curriculum bidali behar ditu bilera batera deitua izateko. Horrelako egoera batean, normala da frustrazioa sortzea», azaldu du.

Orkestra institutuaren ikerketa, berriz, inkesta bat izan da. Erretiroa hartzear dauden langileen araberakoa. 21.000 enpresari bidali zieten galdetegia, eta 973k erantzun zuten. Emaitzek kontraesan handi bat azaleratu dute. Enpresek uste dute ez dutela diskriminatzen adinaren arabera, baina beren buruaren pertzepzioa ez dator bat errealitatearekin. Uste hori sektore guztietan zabalduta dago.

Garbitzaile eta zaintzaile beharra epe motzean

Esaterako, galdetu zaie zenbatek uste duten langileak aurkituko dituztela 55 urtetik gorako langileak kontratatzeko programetan, eta %21ek bakarrik erakutsi dute interesa. Aldiz, oso ondo baloratzen dute langile zaharrenek gazteei ezagutza transmititu ahal izatea. Orkestraren ikerketako ondorio interesgarrienetako bat etorkizunean beharko dituzten langileen profila da. Edo, beste modu batera azalduta: "Gaur egungo langileen adina dela eta, 2027rako eta 2032rako zer langile motatako langile berriak beharko dituzu?". Bada, 2027rako, lehen hiru aukerak hauek dira: garbitzaileak lehenbizi, pertsonak zaintzeko langileak gero, eta zientzia fisikoetako, kimikoetako, matematikako eta ingeniaritzetako profesionalak gero.

2032ra begira, berriz, azken horiek izango dira errelebo gehien beharko duten langileak, zientzietako eta ingeniaritzetako teknikariak doaz gero, eta hirugarren eta laugarren postuan daude, hurrenez hurren, zaintzaileak eta garbitzaileak. Mercedes Oleaga Orkestrako teknikariak aurkeztu du txostena, eta, ondorioen artean, nabarmendu du belaunaldi ordezkapenerako politikak indartu behar direla. Izan ere, demografiaren bilakaera ikusita, 55 urteko langileak ere beharko dira merkatuaren hutsuneak betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.