Arrantza

Baionako portua blokeatu dute, arrantza eremuak ixteko erabakia salatzeko

Frantziako Estatu Kontseiluak Bizkaiko golkoko arrantza eremu batzuk ixteko eskatu dio gobernuari, izurdeen heriotza gelditzeko. Arrantzaleek greba egingo dute ostegunean eta ostiralean.

Arrantzale batzuk, Baionako portuko sarreran, asteazken goiz honetan. GUILLAUME FAUVEAU
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 29a
16:26
Entzun

Asteazken goiz honetan, dozena bat arrantzontzik Baionako portua blokeatu dute, Frantziako Estatu Kontseiluaren erabakiaren aurka protesta egiteko. Bizkaiko golkoko arrantza aldiak sei hilabeteko epean murrizteko eskatu dio gobernuari, izurdeen nahi gabeko arrantza gelditzeko. Estatu Kontseilua Frantziako administrazio auzitegi nagusia da, eta talde ekologista batzuek egindako eskaerei erantzunez hartu du erabaki hori.

Lapurdiko arrantzaleek aurreko astetik daramate protestan, eta asteazken honetan gogortu egin dituzte, datozen egunetako mobilizazioen atariko gisa. Gaurko ekintzan parte hartu dutenek erabakia beren kabuz hartu dutela zehaztu dute, eta ez dela adostu Pirinio Atlantikoetako eta Landetako arrantza batzordean.

Batzordeak bi greba egun antolatu ditu biharko (osteguna) eta etziko. Arrantzaleek portuetako jarduera geldituko dute, eta ez da enkanterik egingo Ziburu-Donibane Lohitzuneko lonjan. Batzordeak astelehenean hartu zuen erabakia, Baionan egindako mobilizazioaren ondoren. Arrain freskoa doan banatzen aritu ziren kalean.

Hegoaldean ere, kezkatuta

Arrantzaleen haserrea Estatu Kontseiluak martxoaren 20an hartutako erabakiaren ondorio da. Ebazpen horren arabera, Frantziako Gobernuari eskatu dio sei hilabeteetako epean Bizkaiko golkoko arrantza eremu jakin batzuk ixteko, izurdeak babesteko, urtero ehunka agertzen baitira hilda kostaldean, arrantzaleek erabiltzen dituzten sareetan harrapatuta geratu ondoren. Eskaera 2021ean aurkeztu zuten Sea Shepherd France, France Nature Environnement (FNE) eta Defense des Milieux Aquatiques talde ekologistek.

Arrantza eremuak hiru hilabetez itxiko lirateke neguan, eta hilabetez udan, Estatu Kontseilura jo duten elkarteek eskatu bezala. Erabakiak sareak erabiltzen dituzten itsasontziei eragingo lieke; halako 50 bat aritzen dira Lapurdiko portuetan. Europako Batzordea arrazoi beragatik Bizkaiko golkoan geldialdi bat ezartzea aztertzen ari da, eta horrek kezka eragin du Hegoaldeko arrantzaleen artean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.