Yolanda Diazen ekitaldira joango da Begoña Alfaro, Nafarroako Podemos-eko koordinatzailea

Sumar plataformak ekitaldia egingo du Madrilen, eta Alfarok baieztatu du han izango dela; Pilar Garridok EAEko Elkarrekin-Podemoseko koordinatzaileak esan du beste konpromiso bat hitzartua duela, eta ez dela han izango.

Begoña Alfaro, alderdikideekin, ekitaldi batean. JESUS DIGES / EFE
2023ko martxoaren 30a
12:28
Entzun

Begoña Alfaro Nafarroako Contigo Navarra-Nafarroa Zurekin-eko koordinatzailea Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Podemoseko diputatuaren igandeko ekitaldian izango da, Madrilen; Pilar Garrido, Elkarrekin-Podemos-IUko EAEko koordinatzailea, ez. Espero da Diazek igandean iragartzea Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako bere hautagaitza, Podemosetik bereiz. Ikusteko dago gero Podemoseko zuzendaritzak zer erabakitzen duen.

Podemoseko zuzendaritzak, Jone Belarra buru dela, Diazen ekitaldian ez egotea hobetsi du, aurrez ez badu idatziz primario ireki batzuk egiteko akordiorik. Alfaro Diazen proiektua babestearen alde agertu da, eta Nafarroako Podemoseko zuzendaritzak ekitaldi horretan egotea erabaki duela esan du. «Diazen proiektua bat dator indar ezkertiar guztien elkarlanaren alde lanean ari garenokin».

Alfarok eskatu du konfrontazioa baztertzeko. «Podemos eta Yolanda Diaz akordio batera iristea espero dut, ez baitago elkar ulertzea beste biderik». Eskatu du batzen dituenean arreta jartzeko: «Hemen ez dago inor sobran, eta inork ez liguke barkatuko akordio bat ez erdiestea eta alfonbra gorria jartzea eskuinari».

Pilar Garrido EAEko Podemoseko koordinatzaileak, berriz, esan du igandean ez dela Diazen ekitaldian izango, futbol partida batean izango delako. Dena den, Diazen proiektuaren alde lerratu da, eta Podemosen barruan akordioa bilatzearen alde lanean ari direla helarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.