Pentsioen erreforma

Madrilek pentsioen erreforma onartu du

Koalizio gobernuaren ohiko bazkide gehienek babestu dute pentsioen erreforma. Gizarte Segurantzaren defizita amaitzeko helburua du Escriva ministroaren lege berriak.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroa. J.J.GUILLEN / EFE
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 30a
12:32
Entzun

Hilabeteetako negoziazioen ostean, Espainiako Gobernuak lortu du Diputatuen Kongresuak pentsioen erreforma onartzea. Lan erreformarekin batera, PSOE eta Unidas Podemosen koalizio gobernuaren legealdiko neurri garrantzitsuenetako bat da. Moncloarekin neurri batzuk adostu ostean, EH Bildu abstenitu egin da, etaEAJk alde bozkatu du, nahiz eta ez duen lortu gobernuarekin aldaketarik adostea.

Aldeko 179 boto, aurkako 104 eta 61 abstentzio izan ditu erreformak: PSOE, Unidas Podemos, ERC, EAJ, Mas Pais, Compromis, PDeCAT eta Coalicion Canaria alderdiek bozkatu dute alde, eta PP, Vox eta Ciudadanos izan dituzte aurka, besteak beste; EH Bilduk abstentzioaren alde egin du.

Lege proiektu moduan tramitatzearen alde egin dute 344 parlamentariek, errege dekretu-lege moduan tramitatu ordez, tramitazioan aldaketak egin ahal izateko.

Gobernuak sindikatuekin batera egin du erreforma, eta Bruselaren oniritzia jaso du; Europako funtsak lortzeko gakoa. Parlamentuko eskuinaz eta ultraeskuinaz gain, patronalak ere aurka izan dituzte, negoziazio mahaitik goiz joan baitziren. Airef Kontu Publikoen Espainiako Agintaritza, ELA sindikatua eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua ere kritiko dira erreforma berriarekin.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroak adierazi du erreforma teknikoki «oso zehatza» dela, eta baieztatu du erreferente izango dela Europako gainontzeko herrialdeentzat, pentsioen sistema publikoaren «jasangarritasuna» bermatuko duelako: «Erreforma berriak pentsioen sistema publikoaren jasangarritasuna bermatuko du epe motz, ertain eta luzean. Gizartearen gehiengoarentzako sistema izango da». Hiru oinarri indartuko direla iragarri du: sistemaren nahikotasunaren bermea, ekitatea eta berdintasuna, eta jasangarritasuna.

Bazkideek lortutako neurriak

PSOEk eta Unidas Podemosek batera ez dutenez gehiengo absoluturik Diputatuen Kongresuan, alderdiekin negoziatu behar izan dute erreforma. Hala, alderdi gehienek aldaketa batzuk adostu dituzte Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gobernuarekin. EH Bildu izan zen lehenengoa, Escrivarekin eta Sanchezekin adostu baitzuen alargun pentsiorik txikienak handitzea.

EAJk kooperatibisten egoera hobetzeko neurriak sartu nahi zituen erreforman, baina azkenean ez du lortu; hala ere, onespena eman dute gaur kongresuan parlamentari jeltzaleek.

ERCk herenegun baieztatu zuen Escrivaren erreforma babestuko zuela kongresuan. Seme-alabak zaintzeko jardunaldi murrizketa eskatzen duten langileek —emakumeak gehienetan— %100ean kotizatzea lortu dute. Horrez gain, jardunaldi murriztua duten eta haurdunaldi edo edoskitze garaian arriskua duten emakumeen behin-behineko pentsioa handitzea ere lortu dute.

PDeCATek ere babesa eman dio erreformari, eta horren truke, testu berria indarrean sartu ostean soldata guztiek ordainduko duten elkartasun kuota %6tik %7ra handituko zaie urtean 90.000 eurotik gora irabazten dutenei.

Berrikuntza nagusiak

Bi helburu nagusi ditu pentsioen erreforma berriak: lehenik eta behin, Gizarte Segurantzaren diru sarrerak handitzea eta urteetako defizita amaitzea; bigarrenik, egoera zaurgarrienean daudenen egoera hobetzea. Hala ere, hainbat sindikatuk eta eragile sozialek erreforma kritikatu dute, kotizazio epea luzatzeagatik. Gaur egun, 25 urte hartzen dira kontuan pentsioak kalkulatzeko, baina hemendik aurrera bi aukera egongo dira: azken 25 urteak, edo azken 29 urteetatik 27 onenak. Kotizazio epea hamabost urtera itzultzeko eskatu du Pentsiodunen Mugimenduak.

Diru sarrerak handitzeko, kotizazioak handitu egingo dira. Batetik, MEI belaunaldien arteko elkartasun errekargua handitu egingo da. Aurtengo urtarrilean aplikatu da lehen aldiz, eta, horren bitartez, 0,6 puntu handitu dira gizarte kotizazioak —Gizarte Segurantza finantzatzeko soldatetatik ateratzen den zatia—: 0,5 puntu enpresaren zatia (kotizazio oinarriaren %24,1) eta 0,1 langileena (%4,8). Erreforma indarrean jartzean, beste 0,6 puntu handituko da: %24,6 pagatuko dute enpresek, eta %4,9 langileek. Progresiboki igoko dute, urtean hamarren bat 2029ra arte.

Aurrerantzean, urteko 54.000 eurotik gorako errenta jasotzen dutenei kotizazio gehigarri bat aplikatuko zaie kopuru horretatik aurrerako tarteari —elkartasun kotizazioa—, baina soldatapeko langileek bakarrik ordainduko dute, ez autonomoek. Progresiboki joango dira aplikatzen kotizazio berri hori; 2025ean %1 izango da, eta 2045ean %6ra iritsiko da, urtero %0,25 gehituta. %5 enpresak ordainduko du, eta %1 langileak.

Beren lan ibilbidean etenak dituztenek —emakumeak, batik bat— konpentsazio hobeak izango dituzte erreformaren ostean. Lehenengo lau urteetan estatuak %100 beteko ditu kotizazio etenak, eta %50 gero. Gainera, besteren kontura lan egiten duten emakumeen kasuan, gutxieneko oinarriaren %100 bere gain hartuko du estatuak bosgarren urtera arte, eta %80 seigarren eta zazpigarren urtera arte. Bestalde, pentsiorik txikienak pobreziaren atalasearekin berdinduko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.