Gipuzkoan barrena

Ez galdu Aste Santuko planik Gipuzkoan

Diberti zaitez Gipuzkoan barrena, eta bizi zure neurrira egindako esperientzia paregabea. 

Gipuzkoa Turismoak aste santuetarako agenda berezia prestatu du. GIPUZKOA TURISMOA
2023ko martxoaren 30a
14:09
Entzun

Gipuzkoa Turismoak agenda berezia prestatu du Aste Santurako. Jarraian ikus ditzakezu horietako batzuk:

Oñati

Txokolatearen Interpretazio Zentroa

Oñatiko Orbea txokolategiaren egoitza zaharrean dago kokatuta, Kalebarria 29 helbidean. Bertan, Oñatik txokolatearekin izan duen eta oraindik duen lotura estua azaltzen zaigu.

Txokolate ontzi zaharrak, ehogailuak, metateak, kakaoa ehotzeko moldeak edo harriak, etab. Pieza horiek eta txokolatearen Interpretazio Zentroan aurkituko ditugun dokumentuek XX. mendera eramango gaituzte. Izan ere, kakaoarekin eta txokolatearekin lotura duten kartel, iragarki, grabatu eta argazkiek lagunduta, denboraren makinan bidaiatu duela irudituko zaio mundu gozo honetara sartzen den bisitariari.

Mendeak dira txokolatea Oñatira ailegatu zela. Horren adibide dira, esate baterako, XVIII. mendeko kakaoaren mapak eta ibilbideak, filmak, liburuak eta errezetak, eta beste makina bat dokumentu ere bai. Horiek guztiek garbi adierazten digute Oñatik zenbat maite izan duen eta oraindik zenbat maitatzen duen txokolatea. Gainera, txokolateak zineman eta kirolean utzi duen aztarna ezagutzeko aukera izango dugu.

Zentro honen asmoa da, alde batetik, adinekoek iraganeko garaiak gogoratzea; eta, beste aldetik, gaztetxoenek Oñatiko txokolategileen historia ezagutzea, hala nola Maiztegui, Orbea, Loyola, Onena, Garaicoechea, Guereca eta gaur egun martxan jarraitzen duen etxearen historia.

Informazio gehiago

Zerain

Aizpeako meategiak

Aizpeako meatze guneko historia ezagutzen da modu arin batean. Mea menditik hartu eta meatze gunetik ateratzen zen arteko ibilbidea jarraituz, honen eraldaketa prozesua ikusten dugu.

Larraondoko zerrategia

130 urte baino gehiago dituen Larraondoko zerrategi hidraulikoa bisitatzen da, zerrategia martxan jartzen dugu, eta honen historia, erabilera eta funtzionamenduaren inguruko azalpenak ematen dira.

Informazio gehiago

Aizpeako Meategiak. ZERAINGO UDALA

Leintz Gatzaga

Gatz museoa

Herri gutxik dute Leintz Gatzagak jarduera ekonomiko zehatz baten inguruan duen identifikazioa. Kasu honetan, gatzaren industria izan da, eta jarduera horrek hiribilduaren sorrera bultzatu zuen. Gatz ekoizpenak eman dio izena herriari, eta Gatzagako armarrian hori adierazten da; bertan dorre bat eta bi dorla (gatza lortzeko galdarak) agertzen dira.

Gatz iturria herritik 250 metrora dago, Dorletako gaztelu zaharraren ondoan.

Gaur egun birgaitu egin da iturburutik ura ateratzeko XIX. mendean martxan jarritako putzupada gurpila. Bisita gidatuan honen erreprodukzio bat ikus daiteke funtzionamenduan.

Informazio gehiago

Bergara

Laboratorium museoa

Laboratorium museoa 2015. urteko irailaren 25ean inauguratu zuen Bergarako Udalak. Urte askotako lanen emaitza izan da, pertsona askoren ahaleginaren fruitu.

1981. urtean erabaki zuen udalak museoa egitea. Bildumak berreskuratzeko, lan eskerga egin behar izan da, ordea. 1981. urtean museoaren proiektua gauzatzeko lehen saiakerak egin ziren, herritarren laguntzari esker –Promocion Cultural Bergaresa taldea; batzorde Irekia–; hala ere, 1991. urtera arte ez zen egitasmoa profesionalizatze bidean jartzea lortu.

Hain zuzen ere, urte honetan eman zitzaion hasiera bildumen urgentziazko kontserbazio, inbentario eta balorazio teknikoa egiteko faseari, museoan ikusiko diren piezak ikertuta, zaharberrituta eta prestatuta. Ondoren, haren izaeraren inguruko hausnarketa sakona egin zuen udalak, eta etorkizuneko museoa definitu.

Informazio gehiago

Laboratorium Bergara. BERGARAKO UDALA

Errenteria

Fanderiako errota

Eraikin honek industriak Errenterian izan duen indarra eta bilakaera adierazten du. Izan ere, dagoeneko XV. mendean bertan kokatzen zen burdinolak uraren indarra erabiltzen zuen energia eragile gisa.

Burdinola hori, urteetan eta urteetan, fanderia, errota, irin eta pentsu lantegia ere bilakatu zen. 1996. urtean itxi zen.

Ehotzearen mekanismoa eta errotarriak lanean ikusiko dituzu, errota eta gure kultur eta ibai ondareari buruzko bi ikus-entzunezko eta hainbat informazio panelez gain.

Zentro hau Ibaiaren Etxea da ere, hau da, Ibaiko Interpretazio Gunea. Ingurumen eta kultura ondarea ezagutzeko eta hau kontserbatzeko, alegia. Izan ere, protagonista nagusia ibaia da, lurraldearen egitura ardatza izan dena burdinaren industria garaitik gaur egun inguratzen gaituen ibai ekosistemak merezi duen sentsibilizazioa lortu duen arte.

Informazio gehiago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.