NUP-eko hauteskundeak

Ramon Gonzalo berriro hautatu dute NUPeko errektore izateko

Hautagai bakarra izan da, eta botoen %80,9 lortu ditu

Raul Bogajo, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 30a
19:56
Entzun

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoretzarako hauteskundeak egin dituzte gaur. 11:00etatik 18:00etara egon dira zabalik hautetsontziak, baina ez zen ezusterik espero, hautagai bakarra aurkeztu delako: Ramon Gonzalo, egungo errektorea. Karguan jarraituko du, botoen %80 lortuta, baina parte hartzea %6,6koa izan da, batez ere, ikasleen abstentzioagatik.

12.184 pertsona egon dira hauteskundeetara deituta: 10.204 ikasle, 1.475 irakasle eta ikertzaile —418 unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle doktoreak eta 1.057 doktoreak ez diren irakasleak edo lotura iraunkorra ez daukaten ikertzaileak— eta 505 administratzaile edo zerbitzuetako langile.

Hala ere, talde hauetako bakoitzaren botoak ez du berdin balio. Botoa haztatua da, eta unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle doktoreenak %59 balio du; aurreko kategorian sartzen ez diren irakasle eta ikertzaileen botoak, %11; ikasleenak, %20; eta administratzaileenak eta zerbitzuetako langileenak, %10. Hortaz, 12.184 hautesleetatik, 418ren botoak gainerako guztiena baino pisu handiagoa dauka.

Ramon Gonzalo Logroñon (Espainia) jaio zen, 1972an. Telekomunikazio Ingeniaritzako doktorea da NUPen, eta Ingeniaritza Elektriko, Elektronika eta Komunikazio Departamentuko Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen katedraduna da. 2019ko maiatzetik da errektorea.

Bihar izango da behin-behineko kargua hartzea, eta helegiteetarako tartea zabalduko da. Apirilaren 5ean izango da kargua hartzeko ekitaldi ofiziala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.