Eguraldia

Datozen jaiegunetarako eguraldi egonkorra iragarri du Euskalmetek

Asteburuan tenperaturek behera eginen dute Euskal Herri osoan, eta euria eginen du, baina astelehen arratsaldetik aurrera hobekuntza dator.

Datorren astean hamabost eta hogei gradu bitarteko tenperaturak izanen dira. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 31
12:49
Entzun

Hogei gradutik gorako tenperaturak erregistratzen zituzten termometroek azken egunotan. Martxorako ezohikoak diren tenperaturak izan dira nagusi; hainbertze, ezen aste batetik bertzera kamisetek berokiak ordezkatu baitituzte. Gaurtik aurrera oporrak dituzten horien zoritxarrerako, baina, asteburuan eguraldian aldaketak egonen direla iragarri dute agentzia meteorologikoek. Ilun argitu du egunak gaur Euskal Herrian, eta badirudi ez duela hobera eginen apirileko lehenbiziko asteburuan: tenperaturek behera eginen dute Euskal Herri guztian, eta euria izanen da protagonista –batez ere larunbat arratsaldean eta igande goizean–. Baionan, adibidez, gaur tenperatura maximoak hemezortzi gradu ingurukoak izanen dira, eta igandean, hamabikoak.

Hala ere, Euskalmetek adierazi duenez, datorren asterako berriz ere aldaketa datorrela dirudi: astelehen arratsaldetik aurrera gora eginen dute tenperaturek Euskal Herri osoan, eta ez da prezipitaziorik aurreikusten ostegunera bitarte, gutxienez. Tenperatura maximoak hamabost eta hogei graduren bueltakoak izanen dira. Zaila bada ere jakitea zer gertatuko den ostegunetik aurrera, badirudi eguraldia bere hartan mantenduko dela eta, beharbada, tenperaturek gora eginen dutela.

Apirilaren 10ean jai da Euskal Herri guztian. Baina Euskalmetek adierazi du ezinezkoa dela hain epe luzerako aurreikuspenik egitea. Hala ere, egun horretan Ipar Euskal Herrian dabiltzanek badaezpada aterkia ondoan izan beharko dute. Izan ere, Meteo Franceren arabera, tenperaturak epel mantenduko diren arren, posible da euria egitea. Eguraldia aldakorra den heinean, eta inor aterkirik gabe etxetik irten ez dadin, Euskalmetek gomendatzen du egun bakoitzeko iragarpena begiratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.