Euskara

Euskararen aldeko «diskriminazio positiboa» babestu du Garitanok

Euskal hiztunak euskal hedabideetan euskaraz soilik aritzea defendatu du, eta horren aldeko apustua egin behar dela azpimarratu. Galdakaoko Udalak antolatutako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok.

Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzailea, partida batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko martxoaren 31
17:06
Entzun

Euskararen alde «diskriminazio positiboa» egin behar dela uste du Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaileak, eta hori defendatu du Galdakaoko Udalak euskararen erabilera sustatzeko asteon egindako ekitaldian. Solasaldia izan dute Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzaileak eta Garitanok, Euskara eta kirola izenburupean, eta argi hitz egin du Eibarreko teknikariak: «Uste dut diskriminazio positiboa egin behar dugula euskararen alde; bestela, ez dugu aurrerapausorik emango».

Bide horretan kirolari profesionalek ere urratsak egin behar dituztela uste du, nahiz eta batzuentzat fardela izan. «Ulertzen dut, baina uste dut euskaldunek, ahal denean, Euskal Herrian eta euskal hedabideetan, euskaraz soilik atera behar dugula, eta ez erdaraz». Berak saiakera egiten duela adierazi du, eta horren aldeko apustua egin behar dela azpimarratu. «Gureak bezalako postuetan gaudenak asko agertzen gara telebistan. Hor gaude, umeek ikusten gaituzte. Erantzukizun bat dugu euskararekiko, eta gauden lekutik lanean jarraitu behar dugu».

Garitanoren hitzek oihartzuna izan dute, eta sare sozialetan hainbat erabiltzailek txalotu dituzte entrenatzailearen adierazpenak.

Euskararen eta kirolaren egungo egoeraren inguruan galdetuta, Garitanok «txarto» ikusten du egoera, eta haur gehienek erdaraz egiteko ohitura dutela sumatu du: «Uste dut kirolak bitartekari bat izan behar duela euskaraz egiteko. Eta euskara ere izan daiteke bitartekari bat kirola eginez ondo pasatzeko». Hobetzeko gauza asko daudela dio.

Iturregik, berriz, euskara aisialdi esparruetara zabaltzearen garrantzia azpimarratu du, hots, uste du hizkuntzaren normaltasunera bidean ezinbestekoa dela umeek gustuko dituzten jarduerak euskaraz egitea: tartean, futbola. Hark ere euskararen aldeko hautua egiten duela azaldu du.

Galdakaoko Udalak Kirolean be bai! programa jarri zuen abian iaz, herria euskaldunagoa egin eta Galdakaoko kirol elkarteetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz. Ordutik, 11 kirol taldek egin dute bat proiektuarekin, eta aste honetan ekitaldia egin dute euskararekin hartutako konpromisoak eta egindako ahaleginak aitortzeko. Baita udalarekin adostutako konpromisoen inguruko hitzarmena sinatzeko ere. Hor aritu dira hizketan Iturregi eta Garitano.

Prentsaurreko batetik alde egin zuenekoa

Aspalditik esana du Eibarreko entrenatzaileak komunikabideekin euskaraz bakarrik aritzea gustatuko litzaiokeela. 2015ekoak dira adierazpen hauek: «Gustatuko litzaidake komunikabideen aurrean soilik euskaraz mintzatzea. Euskal Herrian egiten ditugun prentsaurrekoak soilik euskaraz ager daitezela. Ari gara pausoak ematen, baina behar ditugun erraztasunak ez ditugu aurkitzen bidean».

Prentsaurrekoak ere euskaraz hasten ditu beti Eibarreko entrenatzaileak, Euskal Herriko zein kanpoko zelaietan. Ordea, kargu ere hartu izan diote horregatik. 2015ean, Almerian (Espainia) jazotakoa da horren erakusle. Kazetari batzuk kexatu egin ziren Garitanok euskaraz erantzun zielako ETBko Joseba Urkiolaren galderei, eta eragotzi egin zuten agerraldia; Eibarreko entrenatzaileak utzi egin zuen prentsa aretoa. Harrabotsa sortu zuen jazotakoak, eta teknikariaren jarrera babestu zuten hainbatek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.