MALLORCA 0-0 OSASUNA

Osasunak berdindu egin du Espainiako Kopari heldu aurretik

Ez Mallorcak, ez Osasunak ez du merezi izan irabaztea. Jagoba Arrasateren taldea jokalari bat gehiagorekin aritu da 70. minututik aurrera, baina ez da gai izan abantaila aprobetxatzeko.

Kike Barja, baloiarekin, gaur. EFE
Julen Etxeberria.
2023ko martxoaren 31
23:09
Entzun

Athleticek eta Osasunak elkarren aurka jokatuko dute datorren asteartean San Mamesen. Espainiako Kopako finala jokatzea izango dute jokoan. Halako sari handia lortzeak nahikoa izan beharko luke bi taldeak bete-betean aritzeko. Baina ez dago halako partida garrantzitsu bati ekiteko modu hoberik irabaztea baino. Osasuna saiatu da ostiral honetan Son Moixen, Mallorcaren aurka, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan du. Hutsean berdindu du.

Etenak ez du ezer eten. Irabazi ezinik jarraitzen du Osasunak. Athletici Kopan 1-0 nagusitu zitzaionetik ez du berriro irabazi. Lau partida jokatu ditu ligan, eta bi berdindu ditu, eta bi galdu; hau da, hamabi puntutatik bi bakarrik lortu ditu. Horren ondorioz, atzerapausoa eman du sailkapenean: bederatzigarren postuan dago orain, eta baliteke atzerago amaitzea jardunaldia, 11. postuan. Izugarri zaildu zaio jada Europarako sailkatzeko ametsa: sei puntura du seigarren sailkatua, Vila-real, baina gorritxoek partida bat gehiago jokatu dute.

Ezer gutxi egin dute Mallorcak eta Osasunak irabazteko. Lehen 70 minutuetan ez dira gai izan aurkariaren atera jaurtitzeko. Etxeko taldea gehiago saiatu da, baina alferrik; bisitariek ondo eutsi diote. Baina epaileak Copete kanporatu du, eta, jokalari bat gehiagorekin, gora egin du Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak. Orduan hasi da lehen aldiz arrisku jokaldiak sortzen. Baina eskas aritu da erasoan, eta ez da gai izan abantaila aprobetxatzeko. Asteartean du hurrengo erronka. Oso handia da saria: hemezortzi urteren ostean final bat jokatzea.

Athleticek Getafe hartuko du bihar

Athleticek, berriz, bihar jokatuko du, San Mamesen, Getaferen aurka (16:15, Movistar La Liga). Zuri-gorriek irabazi egin nahi dute: batetik, Europarako sailkatzeko lehian jarraitzeko; gaur egun, bost puntura dute seigarren sailkatua; eta, bestetik, Osasunaren aurkako Kopako partidari konfiantzaz heltzeko.

Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak aldarte onean pasatu du etenaldia, irabazi egin baitzuen azken partida, Valladoliden (Espainia): 1-3. Garaipen horrek bolada txarra eten zuen, aurreko lau jardunaldietan ez baitzen irabazteko gai izan. Unai Simon da aldaketa nagusia aurreko deialdiekin konparatuta. Atezaina osatu egin da, hilabete pasatxo min hartuta egon eta gero. Ikusteko dago hark edo Julen Agirrezabalak jokatuko duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.