Albistea entzun

Osasuna

Hainbat guraso elkartu dira Osakidetzako pediatria zerbitzuaren «egoera larria» salatzeko

Kezka adierazi dute egungo sistemaren gabezien inguruan, Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataforman elkartuta; manifestazioak antolatu dituzte hilaren 22rako

Hainbat guraso elkartu dira Osakidetzako pediatria zerbitzuaren «egoera larria» salatzeko
Hainbat guraso elkartu dira Osakidetzako pediatria zerbitzuaren «egoera larria» salatzeko Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2023ko apirilak 1 10:46

«Umeen Osasun Publikoa Aurrera gara, osasun publikoaren egoeragatik kezkatuta dagoen guraso eta tutore taldea». Hitz horiekin hasi dute gaur hainbat gurasok, umeen ondoan, Osakidetzak haurrei arta emateko orduan dituen «zailtasunen» gainean ohartarazteko egin duten agerraldia. Gasteizen egin dute. Haurrekin pediatrarenera doazenean zailtasun asko izaten dituztela adierazi dute: «Administrazioarekin harremanetan jartzeko ezintasuna, itxaron zerrenda luzeak, aurrez aurreko arreta jasotzeko zailtasuna, protokolo komunik eza, denbora gutxi gaixoekin, arreta euskaraz jasotzeko ezintasuna edo zailtasuna...». Arabako egoerari erreparatu diote, bereziki.

Arazo asko, halaber, osasun profesional eskasiaren ondorioa direla adierazi dute. «Askotan, familiek ez dute erreferentziazko erizainik, ezta pediatrarik ere. Profesionalen gaixoaldiak, baimenak eta oporrak ez dira ordezkatzen, eta, ondorioz, zenbait osasun zentro hilabeteak egoten dira pediatrarik gabe. Beste kasu batzuetan, pediatrak ez diren profesionalek artatzen dituzte adingabeak. Uste dugu hori guztia ez dela ausazkoa; lehen mailako arreta desegiten ari dira, eta hau beste ondorio bat besterik ez da». Adibidez, salatu dute oraintxe bete gabe daudela Arabarako esleitutako pediatria postuen laurdenak.

Zailtasun horien guztien atzeko motiboetako bat aurreikuspen falta dela uste dute. «Profesionalek hogei urte baino gehiago daramatzate salatzen ez dagoela pediatriako langile nahikorik; administrazioak, ordea, ez dio egoera horri erantzun urte hauetan guztietan». Arabako landa eremuan, bereziki, egoera kezkagarria dela adierazi dute. «Langilerik ez dagoenez, askotan pediatrarik ez dago, eta familia medikuek arduratu behar dute umeez», azaldu dute. Gabezia horien ondorioz usu familiek larrialdietara jo behar izaten duela adierazi dute, eta arazoak dakartzala horrek erietxetako larrialdi zerbitzuetan: «Joan den hilabetean, asteburu batean, 40 adingabe egon ziren Txagorritxuko larrialdi zerbitzuan».

«Elkartasuna» profesionalei

Kritikak kritika, ororen gainetik «elkartasuna» erakutsi nahi izan diete Osakidetzako langileei: «Gure haurrak artatzen dituzten profesionalei». Haiek usu dituzten lan egoera zailen berri badutela adierazi dute familiek: «Badakigu askotan har dezaketen baino lan gehiago hartu behar izaten dutela, ratioak nabarmen gainditzen dituzten paziente kupoekin, eta lan baldintza prekarioekin. Gainera, haien lan egonkortasuna ez da bermatzen».

Eskari sorta bat ere plazaratu dute. Horra zerrenda: «Pediatriako etengabeko arretarako gune bat sortzea, arreta aurrez aurrekoa izatea, protokolo komunak ezartzea, erreferentziazko pediatrak eta erizainak izatea, profesional bakoitzeko haurren kupoa txikitzea, hizkuntza eskubideak errespetatzea euskarazko arreta bermatuz, eta beste hizkuntzetara itzultzeko zerbitzuaren beharra ere ikusgarri egitea eta erraztea».

Osakidetzaren kudeaketa ereduari dagokionez, errotiko aldaketa bat eskatu dute. «Badakigu gaur egungo egoera hamarkada askoan indarrean egon den kudeaketa politika desegokien ondorioa dela», adierazi dute: «Horregatik, aldaketa garrantzitsuak egitea atzeraezina da. Mugarri bat ezarri behar da, osasun publikoa ez desegiteko eta zerbitzu publiko hurbila, atsegina eta eraginkorra eraikitzeko». Funtsean, aldarri nagusia da osasun sistema eraldatzea eta «lehen mailako arreta eta prebentzioa erdigunean jarriko dituen osasun zerbitzua» garatzea.

Aldarri hori buruan, apirilaren 22an manifestazioak egingo dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Horietan parte hartzeko deia egin dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zaldibarko zabortegiko egituratze eta egonkortze lanak, 2021ean. ©BERRIA

Zaldibarko zabortegiaren gainean industrialde bat eraiki zitekeen aztertzeko eskatu zuen Jaurlaritzak

Imanol Magro Eizmendi

Ez eraikitzea aholkatu du txostenak, askotariko arrazoiengatik, baina haien artean ez dago Joaquin Beltranen gorpuak bertan dirauela. Sprilur agentziaren bitartez egin zuen eskaera. Auziaren instrukzioa beste sei hilabetez luzatu dute.

Nekane Arratibel irakasle eta ikertzaileak <em>Zer behar dute gazteek?</em> jardunaldietan parte hartu zuen atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Euskara, gazteen ikuspegitik

Olatz Silva Rodrigo

Lehen mailako ikasleen profil linguistikoa ezagutzeko ikerketa egin du Mondragon Unibertsitateak. Azterlanaren arabera, testuinguruak eragina dauka gazteen hizkuntza ohituretan eta hautuetan
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Periferia maiz deserosoa da, eta injustizia ere bada»

Gotzon Hermosilla

Euskarari eta euskal kulturari dagokionez periferian dauden gazteek «euren zentroak» sortzen dituztela azaldu du Jauregizuriak, eta hori «balioetsi» behar delakoan dago.

Hezkuntza sistema publikoko plantillak mantentzea adostu dute LABek eta Hezkuntza Sailak

Iosu Alberdi

Lan baldintzei eta hezkuntza ereduari buruzko proposamenak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak mahai sindikalean, eta ontzat jo ditu LABek. Mahai sektorialetan jarraituko dute negoziazioek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.