Laso-Imaz 13-22 Elordi-Zabaleta

Elordi-Zabaleta, merezita txapeldun

Aspeko bikoteak sendotasunez eta eraginkortasunez jokatu du, eta 22-13 menderatu dituzte Laso eta Imaz. Distira handirik gabeko finala izan da. 

Zabaleta eta Elordi garaipena ospatzen, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2023ko apirilaren 2a
20:13
Entzun

Gidoia nola pentsatu, halaxe idatzi dute gaur Elordik eta Zabaletak, Nafarroa Arenan. Iruñeko pilotaleku distiratsuak gaur zuen binakako lehen finala, eta ez da espero bezain ona atera. Ez, behintzat, jokoari dagokionez. Pilotazaleek gozatzeko ezaugarri guztiak ziren: harmailak beteta, jende gazte ugari, finalista berriak, kantxaren itxura aparta... Baina ez da nahi bezalako lehiarik atera, batez ere Baikoko bikoteak eskainitako itxura tristeagatik. Txapelketa osoan zehar mailarik onenera iritsi ezinda aritu dira Laso eta Imaz, eta nahiz eta finalerdietan hobera egin, gaur berriz ere euren maila onenetik urrun egon dira. Hori bai, merezita irabazi dute txapela Elordik eta Zabaletak, 22-13. Sendotasunez eta burutsu jokatzea aski izan dute garaipen erosoa lortzeko. Hala, Zabaletak laugarrenez jantzi du binakako txapela, eta Elordik estreinakoz.

Finaletan gertatu ohi den bezala, bikote bakoitzak nolako gorputzaldia zuen ikusi behar zen lehenbizi, eta Aspeko bikoteak hobeki ekin dio norgehiagokari. Batez ere Elordik. Aspekoak 5-0 aurreratu dira, eta Mallabiko aurrelariak ordurako hiru tanto zituen eginak. Zabaletak bizkarra erakusten zion Imazi, eta Elordik ez du barkatu aurrean. Hori bai, tantoek aurrera egin ahala partidan sartuz joan dira Baikokoak, lanean oinarrituta. Imaz gozakaitz aritu da eskuinez, baina pilota gutxi galdu du, eta Lasok atera ditu babak eltzetik. Nahiz eta presaka aritu batzuetan, tanto apartak egin ditu, pilotazaleak zutik jartzeraino. Lehen berdinketa zortzinakoa izan da. Gogortuta zegoen finala ordurako.

Eta kirolean gertatzen den bezala, batzuk gora egiten dutenean besteek behera egin ohi dute, eta bazirudien Baikokoak hobeto zeudela momentu horretan. Hots, euren opariak gustura asko hartu dituzte Elordik eta Zabaletak. Imazek agintzen ez zuenez, Laso derrigortuta zegoen urrundik sartzera eta lehen aukeran arriskatzera, eta ordura arte egindakoak gehiago bazituen ere, une garrantzitsu horretan ez du asmatu. Horregatik, lehen atsedenaldi luzera aurretik iritsi dira Aspekoak: 9-12.

Atsedenalditik bueltan lehengo lepotik izan dute burua, eta hutsegiteak areagotuz joan dira. Presioak eta tentsioak eraginda edo, galdutakoak gehiago izan dira egindakoak baino, eta lan horretan nagusiago izan dira Aspekoak. Errematean antzu egon dira bi aurrelariak, Elordi ere luzaroan egon da tantorik egin gabe, baina arriskatu beharrik ere ez zuen. Burutsu jokatzea aski izan du korapilorik ez eragiteko. Beti aldeari eusten asmatu dute Aspekoek: 11-14, 12-17 eta 12-18.

Lasoren sustoa

Hala, bigarren atsedenaldi luzetik bueltan, sei tantoren aldea zuten garaileek, baina lehenago Lasok sustoa emana zuen, 12-17koan. Imazek lurrean utzitako izerdi arrasto batean labain egin eta min hartu du Baikoko aurrelariak. Medikuekin egon ondoren kantxara itzuli da, baina azken txanpan ezin izan du ezer egin. Gainera, Zabaletaren pilotakadarik onenak bukaeran heldu dira. Besteak beste, 19. eta 20. tantoak errebote ondora jota lortu ditu, eta Baikokoek amore eman beste erremediorik ez dute izan. Azkenean, 13-22 bukatu da finala, eta bigarren urtez jarraian txapeldunorde geratu da Baikoko bikotea.

Elordik, bere aldetik, lehen txapela izan du, eta Zabaletak laugarrena. Izen handi batzuen markak berdindu ditu Etxarrengo atzelariak. Hain zuzen, binakako lau txapelekin baitira Titin III.a, Errandonea eta Goñi III.a. Bostekin daude Maiz II.a, Irujo eta Retegi II.a, baina kontuan izan behar da Zabaletak oraindik urte on batzuk zain dituela.

Partida amaieran prentsa aretora gerturatu dira pilotariak, eta aipagarria izan da Imazek malko artean hitz egin duela. Negar betean egon da oiartzuarra, ez galtzeagatik bakarrik, bere maila onena ez emateagatik ere bai: «Pena daukat partida txarra jokatu dudalako, eta betirako geratuko zait arantza barruan». Lasok ere ez du gozatu. «Lehen tantotik oso deseroso sentitu naiz, hankak geldirik nituen eta ez naiz ni neu izan. Aukera on batek ihes egin digu». Aspekoak, berriz, irribarrez mintzatu dira. Elordi: «Orain dela sei hilabete ez nuen pentsatu ere egingo honaino iritsiko nintzenik eta amets bat bizitzen ari naiz. Zoriontsu naiz». Zabaleta ere pozik agertu da. «Sentsazio onak izan ditut, baina nire ustez finaleko pilotaririk onena Elordi izan da. Ohorea da lau txapelekin izen handienen tartean sartzea. Buruz burukoari begira jarriko naiz orain».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.