Mendiko bizikleta

Inoizko Cape Epic gogorrena

Martxoaren 19tik 26ra egin da, Hegoafrikan, mendiko bizikletako munduko probarik garrantzitsuena, 'MTBko Frantziako Tourra' esaten diotena: Cape Epic Aurten oso baldintza gogorrak izan dituzte ziklistek. Bost euskal bikote lehiatu dira.

Haimar Zubeldia eta Julen Zubero, Cape Epiceko etapetako batean. SPORTOGRAF
ramon olasagasti
2023ko apirilaren 3a
17:58
Entzun

Aurten 648 km eta 15.475 metro desnibel positibo gainditu behar izan dituzte partaideek, ibilbide tekniko eta ederrean. Beroa eta hautsa izan ohi dira, normalean, probaren bereizgarriak. Aurten, ordea, euriak, haizeak eta lokatzak zigortu ditu mundu osotik Cape Epicera bertaratu diren txirrindulariak. «Inoizko gogorrena» izan da, denen hitzetan.

Baldintza horien ondorioz, gizonezkoen sailkapen nagusia lehertu egin zen azken-aurreko etapan: ordura arteko liderrek, Egger eta Baum alemaniarrek, matxura bat izan zuten katearekin, eta 10 minutu galdu zituzten. Matthew Beers hegoafrikarrak eta Christopher Blevins estatubatuarrak hartu zieten aurrea, azken garaipena lortzeko. Hirugarren hainbatetan munduko txapeldun izandako Nino Schurter eta Andri Frischknecht suitzarrak izan ziren. Emakumezkoetan, errazago gailendu ziren Kim Le Court hegoafrikarra eta Vera Looser namibiarra.

Partaideen artean, hainbat euskal bikote ere izan dira, eta haien guztien lekukotza jaso dugu.

Haimar Zubeldia – Julen Zubero
(Usurbil, 1977 – Lemoa, 1982)

«Kudeaketa onari esker, azken egunetara indartsu iritsi gara»

Haimar Zubeldiak eta Julen Zuberok aspalditik zuten gogoa Cape Epicerako, baina COVIDa eta beste zenbait arrazoi tarteko, aurten arte ez dute aukerarik izan. Beraz, hauxe izan dute lehena, «baina ez da azkena izango, seguru», baietsi dute biek ala biek. «Mendiko bizikletako Frantziako Tourra dela esaten da, eta ondo merezia du ospea. Antolakuntza oso profesionala da, eta ibilbideak ikaragarri ederrak dira. Gozatu egin dugu», azpimarratu du Zubeldiak. Eta Zuberok ere «esperientzia itzela» izan dela berretsi du.

Lehen Cape Epicaz gozatzea eta, ahal zela, 20 eta 30 aurrenekoen artean ibitzea zuten helburu Zubeldiak eta Zuberok. «Mendiko bizikletako munduko onenak biltzen dira han, izugarri ondo menderatzen dute modalitatea. Fisikoki kristoren maila daukate, baina harrigarriena maila teknikoa da. Izugarrizko abiaduran, seguru eta ondo jaisten dira, eta tarte zailetan erabat menderatzen dute bizikleta», dio Zubeldiak. Mendiko espezialistekin batera, Cape Epicen elkartu ziren errepideko hainbat txirrindulari ere, Vincenzo Niballi eta David Millar, besteak beste, eta usurbildarrarentzat «pozgarria izan zen aspaldiko lagunekin topo egitea; Nibali oso ondo aritu zen, gainera».

Lehen bi egunetan, tripetatik ondoezik ibili zen Zubeldia, eta «hanka pixka bat altxatuta» joan zirela jakinarazi du, baina hasiera lasaiago hori, azkenerako, mesede izan dutela uste du Zuberok. «Lagunarekin ondo elkar hartzea funtsezkoa da horrelako probetan. Jakitea bion erritmoa zein den eta noraino sakatu dezakezun une bakoitzean. Haimar eta biok elkar osatzen dugu: Haimar gorantza oso ondo noa, ni apurtxo bat gutxiago, eta beherantz alderantziz. Haimarrek esperientzia izugarria dauka, eta badaki nola eraman karrera. Cape Epicen, taldetxo bat aurrean ikusten banuen, ni berotu egiten nintzen, eta Haimarrek esaten zidan, ‘Julen lasai, apurka-apurka, erritmo honetan ondo goaz’ eta hori oso ondo etorri zaigu azkeneko egunetarako, indartsuago iritsi garelako eta beste batzuk, aldiz, jaitsi egin direlako. Lasterketaren kudeaketa hori Haimarrek oso ondo egin du, eta uste dut hori izan dela gakoa gero azken egunetan aurrerago egoteko».

Bosgarren eta seigarren egunetan, euria eta lokatza izan ziren, erruz; baldintzak «inoizko gogorrenak» izan ziren, Cape Epic askotan egin izan dutenen esanetan. Eta jende askok arazoak izan zituen: matxurak, erorikoak, txakalaldiak... Zubeldiak azaldu du beraiek fisikoki indartsu ibili zirela bi egun horietan, baina izan zituztela arazotxoak ere. «Bosgarren etapan, adibidez, 20 kilometroan atzeko balaztarik gabe geratu nintzen. Jaitsiera luze batean, hondarrarekin eta bustiarekin, pastilla guztiak jan nituen, eta azken 80 kilometroak aurreko balaztarekin bakarrik egin nituen». Horrelako arazoak mila izaten direla nabarmendu dute. «Eta kapaz izan behar duzu azkar konpontzeko, eta hor nik abantaila bat neukan Julenekin, bizikleten mekanikaria baita, eta arin konpontzen ditu matxurak, batez ere lasai hartzen dituelako gauzak». 18. bukatu zuten bosgarren etapa horretan, etapa nagusian.

Seigarrenean, goizean goizetik euria izan zuten, zarra-zarra. Bazekiten egun gogorra zetorrela, eta erritmo iraunkor bat hartu zuten hasieratik. «Lupetz asko zegoen bidean, etapa oso motela izan zen, batez ere hasieran, eta guk tapa-tapa konstante eutsi genion. Jendea ikusten genuen hasieran oso aurrera, gero atzera, gero geldituta edo bizikletari bultzaka... Guk ondo asmatu genuen egun horretan», oroitu du Zuberok. Hamaseigarren bukatu zuten etapa hori.

Sailkapen nagusian 23. bukatu dute beraien lehen partaidetza, eta oso pozik dira emaitzarekin. «Sen lehiakor horri eusten diogu oraindik, eta ahal den ondoen egitera joan ginen, baina lehen helburua zen Cape Epic hau bizitzea eta ezagutzea», dio Zubeldiak. Hurrengo batean sailkapen hori hobetu litekeen galdetuta, Zuberok zaila izango dela uste du. «Egia da aurtengoa azken ordu samarreko gauza izan dela, eta Cape bat ezin duzu prestatu bi hilabetetan. Capera doana ia urtebete egoten da dena prestatzen: bidaia, nola joan, antolaketa guztia... Orduan geratu zaigu sentsazio hori, apurtxo bat prestatuago joan gaitezkeela, eta agian arinago ere bai».

HZ EiDF Energy taldearen laguntzarekin joan ziren Hegoafrikara Oscar Romero errenteriarra eta Jordi Antonio Martinez kataluniarra ere, baina, baldintza gogorren ondorioz, bi etapa osatu ondoren, gorputzak nahikoa esan zien.

Ibon Zugasti eta Alice Pirard garaipena ospatzen. Sergi Like Jay

Ibon Zugasti – Alice Pirard
(Lezo, 1972, Liege, 1988)
«Etapa nagusian itxuraldatu egin zen Alice; haluzinatu egin nuen»

Ibon Zugasti txirrindulari eta youtuber ezaguna pozez kabitu ezinik eta «leher eginda» itzuli da etxera. Zazpigarren Cape Epic zuen, bikote mistoetan lehena, eta esperientzia «oso desberdina eta zoragarria» izan dela azpimarratu du. Orbea Team taldearekin, garaile izan dira Alice Pirard belgikarra eta biak.

Urtarrilean eroriko bat izan zuen, eta hiru orno hautsi zituen Zugastik. Hiru aste egon zen ohean mugitu ezinik. «Bi aste pasatu nituen negarrez. Nerbioa ukituta neukan eta zartakoak ikaragarriak ziren. Sofan eserita minik gabe egotea, ez nuen beste ametsik. Bizikletan pentsatu ere ez nuen egiten». Hirugarren astetik aurrera hasi zen argi pixka bat ikusten. Arrabolan hasi zen pixkanaka, eta harrituta geratu zen, bizikleta gainean oinez baino min txikiagoa sentitzen zuelako. Lehen astean jada 20 ordu egin zituen arrabolan. Eta geratzen zitzaizkion zazpi asteetan, «lan handia» egin zuen, Cape Townera iritsi ahal izateko.

Gorriak eta bi ikusi ondoren, Cape Epicen egote hutsarekin pozik zen Zugasti, baina ikaratuta ere bai. «Urte hasiera okerra izan dut, lesioa, osaba berezi baten heriotza... eta nire barnean zerbait gaizki aterako zen beldurra nuen: erorikoren bat, birusen bat, zerbait». Cape Townen ezagutu zuen lasterketako bikotekidea, Alice Girard belgikarra, zazpi aldiz Belgikako maratoiko txapeldun izandakoa. «Eta hasiera-hasieratik oso feeling ona izan genuen, nahiz eta oso desberdinak izan. Ni oso odol berokoa naiz, eta bera oso lasaia. Pila bat ikasi dut berarekin, lasai korritzen, gauzak aztertzen. Bikain moldatu gara».

Lasterketan, atzetik aurrera joan ziren. Lehen etapan, erlojuaren aurka, minutu eta erdi galdu zuten, bigarrenean ere minutu inguru, hirugarrenean zazpi minutu... «Nik etsi egin nuen, urrun ikusten nituen aurrenekoak. Alicek, ordea, beti esaten zidan, ‘lasai, Ibon, hau oso luzea da, gu bosgarren etapatik aurrera hasiko gara gora egiten’. Nik flipatu egiten nuen bere segurtasunarekin». Hirugarren etapa jada irabazi egin zuten, eta minutu batzuk jan zizkioten aldeari, baina laugarrenean, 50 kilometroko erlojupekoan, berriro bigarren izan ziren eta beste 42 segundo galdu zituzten. «Aliceren korritzeko modua lasaia da, erritmo bat hartu eta hari luzaro eustekoa. Lasterketa hauetan, ordea, behar da jenio pixka bat gurpila sartzeko, posizioak hartzeko... eta hori kutsatu diot pixka bat».

Bosgarren etapa, etapa nagusia (102 km, 2.450 m desnibel), «Alicek garbi zeukan gurea izango zela», dio Zugastik. «Emakumea itxuraldatu egin zen. Nik haluzinatu egin nuen. Eguraldi txarrarekin, lokatzarekin, gainera, hobeto moldatzen da, eta sekulako lasterketa egin zuen». Bosgarren etapa horretan, 26 minutu kendu zizkieten bigarrenei, eta 40 minutu ordura arteko liderrei. Hala, sailkapen nagusian buruan jarri ziren. Bi etapa gogor geratzen ziren artean, baina «gu behetik gora gindoazen eta taktika aldatuta, erasora atera ginen azken etapa horietan».

Cape Epic, ordea, «beti erne» ibili beharreko proba da Ibonen hitzetan, eta seigarren etapan, matxura bat izan zuten transmisioan, minutuak eta minutuak galdu zituzten konpondu nahian eta pentsatu zuten pikutara joan zitzaiela garaipena. «Ordu laurden baten ondoren, lortu genuen konpontzea. Halako trantzean egon eta gero, helmuga gurutzatzea, proba osoko unerik hunkigarriena izan zen niretzat. Seigarren etapa horretan, eguraldiarekin, sekulako triskantza gertatu zen; 120 lagun joan ziren kalera. Azkeneko eguna lasaiagoa izan zen, gozatzekoa».

Proban lehiatzeaz gain, bere Youtubeko kanalerako bideoak editatzen, argazkiak igotzen, jarraitzaileei erantzuten... lanak pilatu egiten zaizkio Zugastiri, eta horrek «izugarri» baldintzatzen duela dio. «Bizikletaren gainean, bai, sufrimendua, tentsioa, hanketako mina... baina zoriontsua naiz. Karrera bukatzean, ordenagailuaren aurrean jartzea, hori bai dela etapa nagusia egunero. Bideo bat editatu eta bidali beharra. Zortzi ordu lo egitea, edo lau egitea, hori da aldea. Ahalegin handia da. Lasterketan ere, bost orduko etapa batean, 120 klip motz egin ditzaket, eta hor arriskua ere badago, start eta stop, eskulekutik 240 aldiz askatu behar duzulako eskua. Baina egia da jendeak estimatzen dituela bideoak, eta Zugastiren soldaduek indar handia ematen dutela. Alde horretatik, pribilegiatu bat naiz. Egunero 700 bat animo mezu ditut, eta ordu eta erdi pasatzen dut haiei erantzuten. Hori sekulako bultzada da. Nire jendeari berdin zaio ondo joatea, gaizki joatea, beti nirekin daude».

Gorka Irazu – Joxemi Mujika
(Andoain, 1977 – Andoain, 1975)

«Azken-aurreko etapan triskantza handia gertatu zen»

Bigarren Cape Epic zuten Gorka Irazu eta Joxemi Mujika andoaindarrek. Duela sei urte egin zuten aurrenekoa, eta orduko hartan bero ikaragarria izan zuten, 43ºC. Jende asko eraman behar izan zuten ospitalera deshidratatuta, baten bat koman... «Ordura arteko gogorrena izan omen zen. Eta oraingoan, euria eta lokatzarekin, urte askotan korritu duten profesionalek esaten zuten historiako gogorrena izan dela. Ez digute gehiago joaten utziko, kar, kar, kar...».

Txirrindularitzaren zale amorratuak dira Mujika eta Irazu, eta gustatzen zaie aldian behin horrelako ametsei bide ematea. Egonak dira Titan Deserten, British Columbia Bike Ricen –«zoragarria azken hori»–, eta orain berriro Cape Epicen. «Ahalegin handia da, izen ematea bakarrik 7.500 dolar dira biena [6.900 euro], eta horri gehitu behar zaio hegaldia, eguneroko laguntza mekanikoa...», baina, halakoetan, ahalegina baina handiagoa da ilusioa, baita Cape Epicek ordainean ematen diena ere. Irazuren lantokiak, Loire Gestamp enpresak, lagundu die jantziekin eta.

Aurreko aldian baino gutxiago prestatuta joan arren, «uste baino hobeto» ibili direla azaldu dute, eta 2017ko posizio bertsuetan bukatu dute. «Joan aurretik, nik lau ordu eta erdiko saio bat egingo nuen luzeena, eta, han, egunero sei ordu ibili gara batez beste, baina ondo bukatu dugu. Gutxitik gehiagora joan gara, azkeneko etapa gogorretarako indarrak gordez», azaldu du Irazuk.

Larunbateko etapan, «atertu gabe» izan zuten euria, aurpegian min egiten duen horietakoa. «Tenperatura ez zen oso hotza, eta horri eskerrak. Guk zira bat eraman genuen, eta ondo, baina jendea prestatu gabe joan zen, eta ikusten zenituen anoaguneetan zabor poltsak eskatzen. Jendeak gaizki pasatu zuen». Mekanika aldetik ere etapa zaila izan zela azaldu dute, aldiro bidoiko urarekin transmisioak garbituz ibili zirela, lokatzarekin ez katigatzeko eta puskatzeko... «Jaitsieretan ere, jendea pasatu ahala, zuloak egin ziren, eta kontu handiarekin ibili behar zen. Atzetik, gainera, teknikaz eta indarrez justuago dabilen jendea dator, eta triskantza handi samarra gertatu zen. Guk ondo bukatu genuen etapa hori. Karl Platt alemaniarrak esan zuen berak korritutako etapa guztietan gogorrena eta ediziorik gogorrena izan zela, eta denak ez bada gehienak korritu ditu, eta irabazi ere bai batzuk».

Azkeneko etapan, gozatzekoa izan behar zuenean, eduki zituzten komeriarik handienak. Irteerako boxetara joan baino 10 minutu lehenago, aldagailu elektronikoaren bateria gorrian zegoela jabetu zen Mujika. «Beste bateria bat banuen, baina hura ere karga osorik gabe. Gorka irteerara joan zen, eta ni mekanikarien boxetara, baina material guztia jasota zeukaten ordurako. Azkenean erretiratutako baten bizikletari kendu zioten bateria eta nireari jarri. Gorka baino 25 bat minutu beranduago abiatu nintzen ni, hiru edo lau kaxoi atzerago». Irazuk bakarrik egin zuen etapa erdia, jakin gabe laguna atera zen ala ez.«Handik hiru ordura-edo, 50. kilometro inguruan, han azaldu zitzaidan atzetik, kar-kar-kar. Kaotikoa izan zen azkenekoa».

Juan Luis Lasa - Garikoitz Zeberio
(Gabiria, 1973 – Añorga, 1973)

«Burua da inportanteena, eta laguna ondo ezagutzea»

Duela hamabost bat urte ezagutu zuten elkar Lasak eta Zeberiok, eta hainbat zaletasun komun dituzte, batez ere mendiko eskia eta mendiko bizikleta. 2019an, Titan Desert egin zuten elkarrekin; iaz, Haute Route Dolomitetan, errepideko bizikletarekin, eta aurten Cape Epic egin dute, Ternua Group taldearekin. «Urte konplikatua tokatu zaigu. Euri asko, haize asko... Batzuentzat, agian, 45ºC-rekin okerrago izan zitekeen. Ez dakit, Titan Deserten beroa egiten du, baina guri gogorragoa iruditu zaigu hau» azaldu du Juan Luis Lasak.

Mila faktorek eragiten du probaren gogortasunean, Lasaren iritziz: «Eguraldiak, zorteak, non lo egiten duzun, denda batean edo roulotte batean, nola deskantsatzen zaren, zer jaten duzun... Aurten, jende asko ibili da beherakoarekin, koltxoia lurraren kontra blai egin eta gaizkituta. Guk biko denda bat hartu genuen, autokarabana baino merkeagoa, baina behintzat koltxoia ez zegoen lurra ukitzen. Zortzi egunetan, ondo zaindu behar dituzu kontu eta xehetasun guztiak. Zortea ere behar duzu. Erori, denok erori gara, aurrenekotik azkenekoraino, ni eta laguna ere bai, baina ez dugu minik hartu».

Zeberiok hirugarren egunean hustuta bukatu zuen, eta, ondorioz, laugarren eta bosgarren egunean «lasaiago» joan zirela azaldu du Lasak. Azken bi etapetan, berriz, laguna osatuta, hobeto ibili zirela . Luis Enrique futbol entrenatzailearen ingurutsuan ibili dira une oro. «Proba honetan burua da inportanteena; eta laguna ondo ezagutzea, jakitea noiz doan ondo, noiz ez...». Satisfazio handia izan da bukatzea eta minik hartu gabe iristea. «Ez dakit zenbatek ez zuten bukatuko, baina igual 500en batek. Ez da broma».

Sailkapenak
Gizonezkoak

1.- Matthew BEERS- Christopher BLEVINS 26.17.04.1
2.- Georg EGGER - Lukas BAUM 26.20.53.6
3.- Nino SCHURTER - Andri FRISCHKNECHT 26.21.15.5
23.- Haimar ZUBELDIA - Julen ZUBERO ALDEKOA 29.39.17.3

Emakumezkoak
1 (56).- Kim LE COURT - Vera LOOSER 33.11.37.6
2 (64).- Amy WAKEFIELD - Candice LILL 33.44.02.4
3 (68).- Sofia GOMEZ VILLAFANE - Katerina NASH 33.54.55.5

Mistoak
1 (78).- Ibon ZUGASTI - Alice PIRARD 34.35.07.5

Master (+40)
55 (197).- Gorka IRAZU LIZARRIBAR - Joxemi MUJIKA IRAOLA 40.54.47.0

Grand Master (+50)
39 (320).- Juan Luis LASA - Garikoitz ZEBERIO 45.26.04.9

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.