Albistea entzun

Mendiko lasterketak

Malen Osa eta Alain Santamaria nagusi Kilimon Trail lasterketan

Euskadiko lineako txapelketa ere bazen Mendaroko proba, eta, horretan, Malen Osa bera eta Ibai Larrea nagusitu ziren. Maite Maiorak 2018an ezarri zuen lasterketaren errekorra ere hobetu zuen Osak.

Ainara Uribarri bigarrena, Malen Osa irabazlea eta Maite Maiora hirugarrena, helmugan.
Ainara Uribarri bigarrena, Malen Osa irabazlea eta Maite Maiora hirugarrena, helmugan. Kilimon Trail Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2023ko apirilak 3 09:30

XI. Kilimon Trail mendiko lasterketa jokatu zen aurreko larunbatean. Euskadiko lineako txapelketa eta Euskal Herriko Kopako bigarren proba zen Mendarokoa. Emakumezkoetan, Malen Osa bietan nagusitu zen, bai proban eta, horrenbestez, bai Euskadiko txapelketan. Oñatiarrak, gainera, Maite Maiorak 2018an ezarri zuen errekorra hobetu zuen hamalau segundoan. Gizonezkoetan, berriz, Alain Santamaria (Ezkarai, Espainia) gailendu zen lasterketan, eta bigarren Ibai Larrea Aranguren antzuolarra helmugaratu zen, 23 segundora. Euskadiko txapela, beraz, Larrearentzat izan zen, baita Euskal Herriko Kopako bigarren probaren garaipena ere.

Euri zaparradek, haizeak eta hotzak gogortu egin zuten korrikalarien jarduna, baina, hala ere, maila handiko lasterketa izan zen. Lasterketa luzeak 23 kilometro eta 1.650 metroko desnibel positiboa zituen, eta 230 lasterkarik lortu zuten denbora barruan bukatzea. Gizonezkoetan, Ezkaraitik etorritako Alain Santamaria Blancok egin zuen denbora onena: 1.56.10. Ibai Larrea Aranguren antzuolarra helmugaratu zen haren atzetik, 23 segundora (1.56.33), eta Gontzal Murgoitio elorriarra hirugarren, bi minutu pasatxora (1.58.12). Laugarren Aitor Ajuria otxandiarra sailkatu zen, eta haren atzetik, Anders Kjaerevik norvegiarra.

Emakumezkoetan, berriz, Malen Osa 20 urteko oñatiar gaztea nagusitu zen. Bigarren, beste oñatiar bat helmugaratu zen, Ainara Uribarri, hamar minutu pasatxora eta Maite Maiora mendaroar nekaezina izan zen hirugarren.

Probaren barnean, Lizarpetik Gaintxipiara arteko tartea kronometratu egin zuten antolatzaileek, eta kronoigoera horretan, Josu Urrestarazu nagusitu zen gizonezkoetan; 2 minutu eta 57 segundotan osatu zuen gailurrera arteko bidea. Emakumezkoetan, Malen Osak berak egin zuen igoerarik onena: 4 minutu eta 4 segundo.

Ibilbide motzeko lasterketan, bestalde, Ibai Angulo urrestillarra eta Carrodilla Cabestre (Estadilla, Huesca, Espainia) gailendu ziren. Gizonezkoen podiuma David Garcia durangarrak (0:53:48) eta haren herrikide Unai Iraolagoitiak (0:54:00) osatu zuten, eta emakumezkoetan, Irene Iturria bidaniarrak eta Jone Oar gernikarrak.

Junior kategorian, gizonezkoetan, Ibai Angulo bera izan zen txapeldun; jubeniletan, Urko Lozano, eta kadeteetan, Julen Dobarro. Emakumezkoetan, Irene Iturria nagusitu zen juniorretan, Jone Oar-Arteta jubeniletan eta Nahia Pombo kadeteetan. Beteranoetan, azkenik, Hassan Ait Chaduk irabazi zuen A mailan, Josu Millanek B mailan eta Maite Maiorak emakumezkoetan. Klubetan, Euskadiko titulua Aiaramendirentzat izan zen gizonezkoetan, eta Soronea-Ammma taldearentzat emakumezkoetan.

Mendiko lasterketen Euskal Herriko Kopako bigarren proba ere bazen Kilimon Trail. Kolazino Eguneko puntuak eta Mendarokoak batuta, Aitor Zunzunegi eta Oihana Zubillaga dira orain arteko liderrak Kopan.

Euskadiko txapelketako sailkapenak EMFren webgunean dituzue, eta probaren sailkapen guztiak hemen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. ©Carlos de Cos Azkona

Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Ramon Olasagasti

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

 ©UNAI UGARTEMENDIA

«Oso balorazio positiboa egin dut azken denboraldiaz»

Unai Ugartemendia

Mendiko eski denboraldiko ezusterik handienetako bat izan da Jon Ander Aranburu zumarragarra. Azken urteetan erakusten ari zen gorakada etengabearen ondorio izan dira aurtengo denboraldian lortutako emaitzak. Lau txapel irabazi ditu. Aurtengoari segida emateko gogo biziz ekingo dio datorren denboraldiari.
Everestek ohiko bideko ilarak. ©

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

Ramon Olasagasti

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten 600 igoera baino gehiago izan dira dagoeneko, 13 lagun hil dira, eta 4 desagertuta daude.

Xabi Ormazabal, eta, atzean, Cho Oyu; mendi horretan hil zen. ©XABIER ORMAZABALEN BILDUMA

Oroimenean daukate

Ramon Olasagasti

Xabier Ormazabal oroitzeko festa egingo dute gaur Urretxun, eta haren izena daraman bekaren aurtengo deialdia aurkeztuko dute. Horrez gain, Alex Areizagaren 'Itzalak' eta Alex Txikonen 'Manaslu neguan' filmak proiektatuko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.