Euskal Herriko Itzulia

Ide Schelling esprint txikian nagusitu da Leitzan

Herbehereetako txirrindulariak esprint luze bat jota irabazi du. Alex Aranburu garaipenaren bila abiatu da jaitsiera sigi-sagatsuan barrena, baina ez du biderik egin.

jarraia226452.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 4a
17:51
Entzun

Esprint luze batekin nagusitu da Ide Schelling (Bora) 2023ko Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapan. Bost kilometroko jaitsiera arriskutsua abiadura bizian egin dute dozena bat ziklistek, eta Herbeheretakoa gailendu da. Etapa irabazteaz gain, maillot horia ere jantzi du. Alex Aranburu (Movistar) urrutitik ahalegindu da, baina ezin izan du garaipenik lortu. Laugarren sartu da helmugan. 

Atzo ez bezala, etapa hasi eta berehala sortu da eguneko ihesaldia. Javi Romo (Astana), Jesus Ezquerra (Burgos BH), Carlos Garcia Pierna (Kern Pharma), Alan Jousseaume (TotalEnergies), Jon Barrenetxea (Caja Rural) eta Txomin Juaristi (Euskaltel-Euskadi) sartu dira bertan. Azken biak atzo ere izan ziren ihesaldian. Tropelak bidea egiten utzi die, eta oso tarte gutxian zazpi minutuko aldea hartu du seikoteak. Aparen lehen zatiak ez zeukan zailtasun nabarmenik, eta Etxauriko igoera (11.3 kilometro eta %3,3ko pendiza) zen arreta gune bakarra. Bertan tropelak ez du erritmoa igo, eta zazpi minuturen aldearekin hasi duten igoera sei minutu inguruko aldearekin amaitu dute iheslariek.

Pixkanaka-pixkanaka erritmoa areagotu du tropelak, Ineosekin eta Movistarrekin. Halako batean hiru minutura gerturatu da tropela, eta argi ikusi da garailea atzean zegoela. Lehen tarteko esprinta ihesaldiko gizonek jokatu dute baina, Leitzara iristean; beraz, sailkapen nagusia lehiatuko duten txirrindulariek ez dute gainsaririk lortu. Une horretan  Garcia Piernak ezin izan du iheskideen erritmoa arraitu, eta atzean gelditu da.

Arkiskileko lehenengo jaitsieran Education First jarri da tropelaren buruan. Juanma Garaterenak zuhaitza astintzen ahalegindu dira, eta jarraipena eman diote Saldiasen gora. Bazirudien Carapaz mugituko zela, baina Landa izan da erritmo aldaketa egin duena. Arabarrak helmugatik 47 kilometrora egin du saiakera, Saldiasen, eta Barrenetxearekin, Jousseaumerekin eta Romorekin elkartu da lasterketa buruan. Ineosek, baina, ez dio aldea handitzen utzi. Bigarren tarteko esprintaren zen Landaren lehen helburua, eta Donezteben hiru segundoko gainsaria lortu du, helmugatik 28 kilometrora. Saiakera horretan, ordea, Ethan Hayter liderra (Ineos) atzean gelditu da, eta maillot horia galdu du britaniarrak.

Arkiskileko bigarren igoerara iritsi aurretik iritsi da tropela aurreko laukotearengana, baina beste bi txirrindularik aurrea hartu diote tropelari: Liliane Calmejanek (Intermarche) eta Abel Baldestonek (Caja Rural). Elkarrekin ekin diote biek Arkiskileko azken igoerari, helmugarako 17 kilometro falta zirenean, baina hamabost segundo eskaseko aldearekin. Gogorra baino gehiago, luzea zen mendatea, eta gailurrera heldu baino lehenago iritsi da tropela aurrekoengana.

Handik helmugarako bidea maldan behera egin dute ziklistek, ziztu bizian ibilbide sigi-sagatsuan barrena. Alex Aranburu (Movistar) urrutitik ahalegindu da, daukan teknika ona erakutsita. Hala ere, harrapatu egin dute, eta esprint luzea jota irabazi du Schellingek. Helmugatik 100 metrora zegoen biribilgunean aurretik sartu zen, eta inork ez zion aurre hartu. Faborito gehienak elkarrekin sartu dira helmugan. Enric Mas (Movistar) izan da atzerapenarekin sartu den bakarra. 11 segundo galdu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.