Aberri Eguna

EAJk «akordio zabalak» eskatu ditu «autogobernu esparru berri» bat eraikitzeko

Jeltzaleek Bilbon ospatuko dute Aberri Eguna, 'Gure izaera. Gure aberria' lelopean. EH Bilduk, berriz, Iruñean. Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak «pertsonak eta herriak zaintzera» deitu du.

Xabier Barandiaranek eta Mireia Zaratek aurkeztu dute gaur Aberri Eguna. EAJ
Edurne Begiristain.
2023ko apirilaren 6a
14:06
Entzun

Gaur egin dute publiko jeltzaleek Aberri Egunari begira EAJren Euzkadi Buru Batzarrak onartutako agiria. EBBren idazkari Mireia Zaratek eta Xabier Barandiaran burukideak eman dute ezagutzera agiria, Bilbon. «Garai politiko berriak» erabakitzeko eskubidean oinarritutako «autogobernu esparru berria» behar duela adierazi dute jeltzaleek adierazpenean. «Nazio guztiok behar dugu gure egituraketa instituzional propioa etorkizuna eraikitzeko, kultura eta ekonomia sustatzeko eta gizartea indartzeko». EAJrentzat, autogobernu marko berri hori alderdi politikoen arteko akordioek soilik ahalbidetu dezakete. Hain justu, «akordio zabalak» aldarrikatu dituzte «autogobernu esparru berri bat» eraikitzeko, betiere euskal gizartearen babesarekin egiten bada eta eraikuntza nazionaleko estrategia demokratikoa baldin bada.

«Igandean Aberri Eguna dugu, Euskal Herriaren eta euskal nazioaren parte sentitzen garen pertsona guztien eguna. Nazio hau zazpi lurralde historikok osatzen dute, baina munduko beste herrialde batzuetan ere badu tokia, non geroz eta euskal herritar gehiago bizi diren», dio EAJren adierazpenak. Gure izaera. Gure aberria lelopean ospatuko dute jeltzaleek Aberri Eguna igandean, Bilboko Plaza Berrian, 11:30etatik aurrera. Ospakizunaren hainbat zertzelada eman dituzte gaur: 180 metro koadroko agertokia izango dute ekitaldian, eta Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteak hartuko dute hitza.

EH Bildu, Iruñean
EH Bilduk Iruñean egingo du Aberri Eguna, Maite dugun herria goiburu hartuta. Mundu globalizatuan herri txikiek aurrera egiteko duten eskubidea aldarrikatuko dutela adierazi du gaur Mertxe Aizpuruak, EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak. Radio Euskadi irratiari eskainitako elkarrizketan, burujabetza bultzatzeko eta herri modura aurrera egiteko konpromisoa eskatu ditu, bai eta mundu globalizatu batean «pertsonak eta herriak zaintzearen» alde lan egitea ere. «Herri hau zaindu behar dugu batez ere mundu globalizatu honetan, non herri txikiek zailtasunak dituzten herri bezala irauteko».  Aizpuruaren esanetan, «konpromiso kolektiboa» inoiz baino garrantzitsuagoa da helburu horiek lortzeko.

Aberri Eguna bateratu batez galdetuta, EH Bilduko diputatuak esan du bideragarria dela baldin eta gutxieneko konpromiso batzuk adosten badira. Gogora ekarri du Euskal Herria Baterak larunbaterako egindako deialdia bide horretan doala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.