Aberri Eguna

Ortuzar: «Gure etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko eskubidea dugu»

EH Bilduk eta EH Baik «demokrazia eta subiranotasuna» aldarrikatuko dute Iruñean.

EAJko kideak Bizkargi mendian, gaur goizean. EAJ
2023ko apirilaren 8a
15:49
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJk eta EH Bilduk bakoitzak bere aldetik ospatuko dute bihar Aberri Eguna. Jeltzaleek Bilboko Plaza Berrian egingo dute. Koalizio subiranistak, berriz, Iruñean.

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek Bizkargi menditik (Bizkaia) egin du Aberri Egunean parte hartzeko deia. Azaldu du «denentzat» izango den herri bat eraikitzea dela jeltzaleen helburua, baina gehitu du horretarako beharrezkoa dela Euskal Herriak nazio gisa dituen eskubide politikoak aitortzea: «Lehenik eta behin, gure etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko dugun eskubidea». Hala, jeltzaleek «abertzale guztiei» egin diete Aberri Egunean parte hartzeko deia. EAJk Bilboko Plaza Barrian egingo du bihar ekitaldia, 11:30ean, eta Areatzan jarraituko dute.

EH Bilduk eta EH Baik, berriz, «demokraziaren eta subiranotasunaren aldarria» zabaldu nahi dute Aberri Egunean. Biek Iruñeko eta Itsasuko ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute. «Berpizkunde berri bat» bultzatzeko baliatu nahi dute eguna: «Herri bulkada berri batez galdegin nahi diegu Aberri Egun honetan euskal herritarrei». Koalizio subiranistek azaldu dute Euskal Estatua «egitasmo politiko garaikidea» dela: «Herri bizia gara, askotariko pertsonez osatua, herri gisa ditugun auziei aurre egiteko beharrezkoa den ezagutza kolektiboa duena».

Haiekin batera izango dira Iruñeko mobilizazioan Sinn Feineko, ERCko, CUPeko, BNGko eta FLNKSko ordezkariak ere. EH Bilduk jakinarazi duenez, Sinn Feineko koordinatzaile Declan Kearney da gonbidatuetako bat, eta hitza hartuko du manifestazio amaierako ekitaldian.

Ez dira horiek deialdi bakarrak. Jardun antolakundeak Gernikan (Bizkaia) biltzeko deia egin die Euskal Herriko langileei, «aldarrikapenen bidez kontzientziazioari ekiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.