Euskal Herriko Itzulia

Eibarko etapa eta Itzulia Vingegaardentzat

Erakustaldia emanda irabazi du Jumbo-Vismakoak Eibarren. Landa eta Izagirre izan ditu ondoan podiumean.

jarraia226567.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 8a
18:10
Entzun

Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) erakustaldia emanda irabazi du Euskal Herriko Itzulia, eta baita azken etapa ere. Izuan gora egin du aurrera Vingegaardek, eta aurkari guztiak atzean utzi ditu. Maldan behera ere arriskatu egin du danimarkakoak, eta indartsuena bera dela erakutsi du. Hortaz, Itzulian txapela jantzita, astebeteko lehen lasterketa garrantzitsua irabazi du Frantziako Tourreko azken garaileak. Atzean gelditu dira gainerako faborito gehienak, eta elkar zainketa zorrotza egin dute podiumeko postuengatik lehian. Azkenerako, Mikel Landak (Bahrain) bigarren amaitu du, eta Ion Izagirrek (Cofidis) hirugarren postua eskuratu du esprintean lau segundoko gainsaria eskuratuta. Arabarrak bigarren aldiz zapaldu du podiuma Itzulian, eta gipuzkoarrak seigarren aldiz.

Elkorrieta gainera, eguneko lehen mendatera, oso-osorik iritsi da tropela, ihesaldirik sortu gabe. Azurkin gora (5,1 kilometro, eta %7,4ko pendiza) hartu dio aurre taldetxo batek tropelari. Itzuliko lehen mailako lehenengo mendatea izan da Azurki. Hiru bakarrik izan ditu aurtengo aldiak, eta hirurak gaurko etapan izan dira. Daniel Felipe Martínez (Ineos), Valentin Paret-Peintre (AG2R), Emanuel Buchmann (Bora), Harm Vanhoucke (DSM), Esteban Chaves (EF), Bruno Armirail (Groupama), Rein Taaramae (Intermarché), Eddie Dunbar (Jayco), Ruben Guerreiro (Movistar), Marc Hirschi (UAE), eta Steven Kuijswijk (Jumbo), Attila Valter (Jumbo) izan dira aurrera egin duten ziklistak. Jumbo Vismak liderraren bi morroi onenak sartu ditu ihesaldian, eta Vingegaard beste bi taldekiderekin laguntzarekin gelditu da atzean. Hala, aurkarien mugimenduei aurre egiteko, Vingegaardek bere bi morroiekin bat egiteko aukera zeukan.

Horrela, Bahrain lan egitera behartu dute, ez baitute aurreko taldetxoan inor sartu, eta Vingegaardek bi laguntzaile zituen aurrean. Tropel buruan egin ditu Neil Stephensen taldeak Azurkiko eta Gorlako igoerak, eta azken hori minutu eta erdiko aldearekin amaitu du aurreko taldetxoak. Krabelin izan da hurrengo mendatea (5km eta %9,6ko pendiza), helmugatik 75 kilometro ingurura. 50 segundoko aldearekin ekin diote lanari aurrekoek, eta taldea pixkanaka murrizten joan da aurreko taldetxoa. Chaves, Guerreiro, Kuijswijk eta Valter gelditu dira aurrean bakarrik elkarri erasoak jo eta gero. Atzean, berriz, Bahrainen erritmo bortitza ezin jarraituta ziklista ugari gelditu dira, eta oso tropel txikia gelditu da.

Beste behin, liderraren erasoa

Trabajuan gora Mauro Schmidek (Quick-Step) atzetik aurrerakoa egin du, eta aurreko laukoteari batu zaio. Horrekin nahikoa ez, eta Quick-Stepekooak aurrera egin du bakarrik sasiordekan, Izuara bidean. 30 segundoko aldearekin hasi du mendatea Chavesekiko, Kuijswijkekiko eta Guerreirorekiko, eta 1.20koa tropelarekiko. Izuan, baina, sua piztu dute oilarrek tropelean. Vingegaard bera mugitu da, eta aurrean zituen Valterren eta Kuijswijken laguntzarekin, bakar bakarrik gelditu da etaparen buruan. Beste denak atzean utzi ditu banan-banan, eta beste faboritoak liderrari jarraitu ezinda gelditu dira. 40 segundoko aldearekin iritsi da maillot horia tontorrera, eta jaitsieran alde hori handitu egin du gainera.

Atzeko taldetxoan zeuden denak oso segundo gutxian zeuden podiumaren lehiarako, eta inork ez zuen gehiegi arriskatu nahi. Podiumean egotea nahiko lorpen bada, eta inork ez zuen postu hori galdu nahi. Hori baliatu du Vingegaard liderrak aldea pixkanaka-pixkanaka areagotzeko, eta Eibarreko kaleetan barrena garaipena ospatzeko nahi adina denbora izan du. Atzean nahasmena handia izan da; elkar zainketa zorrotza egin diete elkarri, eta denak ahalegindu dira aurrera egiten erasoak jo eta jo. Azkenerako James Knox (Quick-Step) besteen aurretik iritsi da, eta gainerakoek esprintean lehiatu dute hirugarren postuak ematen zituen lau segundoak lortzeagatik. Hor lortu du Izagirrek podiumeko hirugarren postua, azken gerri kolpean aurreratuta.

Ormaiztegiko txirrindulariak seigarren aldiz lortu du Euskal Herriko Itzulia podiumean amaitzea. Alberto Contadorrek soilik lortu du halako lorpena, baina espainiarrak lau aldiz irabazi zuen Itzulia. Bestalde, Jon Barrenetxeak (Caja Rural) mendiko pinportadun maillota lortu du aurreko egunetako lanaren ordainetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.