Euskal Herriko Itzulia

Haserrea eragin du Javier Ares kazetariaren iruzkin euskarafobo batek

Aurten, lehen aldiz, txirrindularien eta zuzendarien arteko elkarrizketak entzun ahal izan dira Itzulian. «Esperimentua ondo dago, baina hobetu egin behar da; gazteleraz ere hitz egin behar da», esan du Eurosporteko emisioan.

Euskaltel Euskadiko txirrindulari bat tropelean, aurtengo Euskal Herriko Itzulian. MIGUEL TOñA / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 9a
10:35
Entzun

Aurtengo Euskal Herriko Itzuliaren emisioetan berrikuntza nagusi bat izan da: lehen aldiz, txirrindularien eta taldeetako zuzendarien arteko irrati bidezko elkarrizketak entzun ahal izan dira telebistan. Beste kirol batzuetan aspalditik egiten da hori —1 Formulan, adibidez—, baina txirrindularitzan kontu berria da.

Tartean, noski, entzun dira Euskaltel Euskadi taldeko kideen arteko mezuak ere. Haietako batean, herenegun, Jorge Azanza zuzendaria euskaraz zuzendu zitzaien bere mutilei, eta horrek Eurosport kateko Javier Ares kazetariaren erreakzioa eragin zuen: «Esperimentua ondo dago, baina hobetu egin behar da; gazteleraz ere hitz egin behar da, edo aldi berean itzuli. Baina beno, interesa duenarentzat izan daiteke euskaraz ikasteko ikastaro on bat», esan zuen zuzenekoan.

Iruzkinak, ezinbestean, hainbat zaleturen haserrea eragin du sare sozialetan. Askok atzerakoi bat izatea egotzi diote Aresi, eta beste batzuek alderaketak egin dituzte, gainontzeko taldeekin edo 1 Formularekin: «Jumboko, Alpecineko edota UAEko txirrindulariek gazteleraz egin beharko lukete, ezta?» galdetu du batek; «Fernando Alonsok ere gazteleraz egin beharko luke bere ingeniariekin», aipatu du beste batek, ironiaz.

Aresek, piztu zuen eztabaidaren jakitun, gaiaz hitz egin zuen atzoko etapan. «Autoek, noski, gogoak ematen dien hizkuntzan hitz egin dezakete, komeni zaien hizkuntzan: batzuek ingelesez egiten dute, beste batzuek frantsesez, beste batzuek gazteleraz eta beste batzuek euskaraz. Atzo ez genuen esan euskaraz hitz egiteko eskubiderik ez dutenik; kontua da ez duela graziarik, gehienok ez baitugu ulertzen, eta ulertzen duen zaletuak hor du Euskal Telebista emisioa jarraitzeko. Baina lasterketa Eurosporten jarraitzen duten zaleei, zoritxarrez, ezin diegu euskaraz diotena itzuli», azaldu du.

Jarraitu du: «Horregatik genioen, edo eskatzen genuen, hobe litzatekeela gazteleraz egingo balute. Ez genuen esan gazteleraz egin behar dutenik, horixe falta da! Hitz egin dezatela nahi duten moduan», amaitu du Aresek.

Zale bikainak

Positiboagoa da sare sozialetan birala egin den Itzuliaren inguruko beste bideo bat. Lasterketaren kontu ofizialak publikatu zuen Jonas Vingegaard daniarra Arrate igotzen ageri den uneko emisioa, eta miresmena eragin du bideoak. Han ehunka zale ikus daitezke lasterketako liderra animatzen.

Hainbat kontu nabarmendu dituzte sareetako erabiltzaileek: zaleek nola txirrindulari guztiak animatzen dituzten; nola inor ez den ageri mugikorrarekin unea grabatzen; nola inor ez den hasten txirrindulariaren atzetik korrika... Uneak balio erantsi bat ere baduela nabarmendu du, adibidez, Ander Izagirre kazetariak: «Hor doa txirrindulari daniar bat, une horretan Itzulia irabazten ari zaiena bi ziklista euskalduni, milaka euskal zaleturen artean. Eta tratu hori jasotzen du», idatzi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.